#GaiNagusiak

CEIT-IK4k tresna bat diseinatu du entzumen-galera larria edo sakona duten pazienteak operatzeko

Noiz argitaratua: 10/03/11 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna #Teknologia

Tresna berri bat garatu du CEIT-IK4ko ingeniariek eta Nafarroako Unibertsitatea Klinikako medikuek osatutako talde batek barne-belarria doitasun handiz operatzeko, eta ebakuntzak entzumenean eragin ditzakeen kalteak txikitzeko. Kokleako inplanteak egiteko ebakuntzetarako bereziki egokia den lehenengo mikromaneiagailua da; urtean horrelako ehun bat ebakuntza egiten dira Nafarroako Unibertsitatea Klinikan. CEITeko lau ingeniarik eta Nafarroako Unibertsitatea Klinikako bost otorrinolaringologok hartu dute parte tresna berria garatzen.

Kokleako Inplanteen XI Nazioarteko Sinposioan aurkeztu dute teknika berria. Nafarroako Unibertsitatea Klinikako Otorrinolaringologia Sailak antolatu du ekitaldia, eta mundu osoko 200 espezialista bildu ditu.

Mikromaneiagailua, Nafarroako Unibertsitateak patentatu duena, kirurgian erabiltzeko tresna bat da, eta haren helburua da zirujauari laguntzea dimentsio txikiko eta sentikortasun handiko gorputz-ataletan, hala nola barne-belarrian (hatz txiki bateko azazkala baino txikiagoa da). Oso zaila da hain eremu txikian eta hain egitura mehean eta hauskorrean doitasun handiz lan egitea. Mikromaneiagailuak aukera ematen du horrelako eskualdeetan ebakuntzak zehaztasunez egiteko, belarrirako kirurgia-mikrotresnak akoplatzen baititu. Azken batean, barne-belarrian modu zehatzean eta haren funtzioan kalterik eragin gabe lan egiteko tresna bat da mikromaneiagailua.

Mikromaneiagailuak bi zati ditu, eta bietako bat pazientearen hezur tenporalari ainguratzen zaio, torloju baten bidez; zati horrek euskarri-lanak egiten ditu beste zatiarentzat, fresaketa-tresnak lotuta duen pieza-multzoarentzat. Tresna horren bidez, zirujauak zulo bat egiten du hezur tenporalean, barne-belarrira iristeko. Pieza-multzoaren erdian pieza metaliko txiki bat dago, eta mekanismo malgu baten funtzioa betetzen du. Mekanismo horri esker, zirujauak kontrol eta doitasun handiagoz egin dezake fresaketa, eskuaren berezko bibrazioak apaltzen baititu.

Etapa berri bat barne-belarriko kirurgian

Mikromaneiagailua garatzeak aro berri bat abiarazi du barne-belarriko kirurgian, bai eta lan-lerro berri bat ere. Orain arte, barne-belarria muga bat zen zirujauentzat. Kirurgiaren historiaren zenbait etapatan ere gertatu da hori, hala nola bihotza organo ukiezintzat jotzen zenekoa. Bihotzean sartu eta horren ondorioz pazientea hil zitekeen susmoa zuten. Barne-belarriaren kasuan ere horixe gertatzen zen; ez zitzaion heltzen, uste baitzen barne-belarria irekitzeak haren funtzioa galtzea eragingo zuela. Azkeneko urteetan, bereziki kokleako inplanteen kirurgiarekin, espezialistek barne-belarrian sartzen ikasi dute, eta saio horiek ez dute halabeharrez lesiorik eragin.

Mikromaneiagailuaren abantaila nagusietako bat da lana doitasun handiagoarekin egin daitekeela, aukera ematen baitu barne-belarrian zehaztasun handiagoarekin sartzeko; halaber, aukera berriak ematen dizkie entzunbideko eremu horretako gaixotasunak tratatzeko dagoeneko garatuta dauden teknikei.

Horrenbestez, mikromaneiagailuaren aplikazioak kokleako inplanteen eta erdiko belarriko entzumen-inplanteen alorretan erabiltzen dira batik bat. Etorkizunean, ordea, barne-belarria birsortzeko zelula amak sartzeko tresna gisa erabiltzera irits litezke , bai eta botika jakin batzuk sartzera ere, alde horretan gara litezkeen gaixotasunak sendatzeko.

CEITen eta Nafarroako Unibertsitatea Klinikaren arteko lankidetza

Mikromaneiagailua garatzea klinikako otorrinolaringologia-espezialisten eta CEITeko ikertzaileen arteko lehenengo lankidetza da, egin nahi duten lankidetza-multzo bateko lehenengoa. Batzuek beharrak azaltzen dituzte, eta, besteek, ingeniariek, behar horiei erantzuteko aukera emango duten tresnak eskaintzen dituzte. Lehenengo talde-lan horren hasiera berezia izan zen, CEITeko ingeniariek belarriko anatomia eta fisiologia ezagutu behar izan baitzuten garatu beharreko tresnak zer esparrutan erabiltzeko ziren jakiteko.

Tresna kirurgiko hori beste zentro mediko batzuetan erabili ahal izateari dagokionez, une honetan balioztatze-probak egiten ari dira Europako beste zentro batzuetan.

  • Oharrak:

    Bideo bat ikusgai: http://www.youtube.com/user/CeitTV?feature=mhw4

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, CEIT
  • icono_documento
    Mikromaneiagailuaren infografia bat, CEIT
José María Gutiérrez de Cabiedes

Egilea: José María Gutiérrez de Cabiedes (CEIT-TECNUN. Universidad de Navarra)

Laguntzailea: