#GaiNagusiak

Robot adimendunak biziak salbatzeko

Noiz argitaratua: 10/03/11 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia
 Robot adimenduna

Tekniker-IK4 robotikaren inguruko ikerketa-proiektu baten buru da. Proiektu horretan, besteak beste, suteetan, lurrikaretan edo eraso terroristetan larrialdi-zerbitzuetako taldeei laguntzeko gai diren robot adimendunak garatu dituzte. Robot horiek mugikortasun eta autonomia ikaragarri handia dute, eta, horrenbestez, mota horietako gertakizunetan diharduten aditu-taldeei laguntza emateko ezin hobeak dira. Izan ere, horrelakoetan maiz oso denbora gutxi izaten da larrialdi-egoera horietatik bizirik iraun dutenak salbatzeko.

Gaur egun, batik bat automobilgintzan eta ekoizpen-industrian erabiltzen dituzte robotak. Bereziki, ekintza edo jarduera errepikakorrak egiten dituzte: piezen manipulazioa, soldadura, pintura... Oso gutxi erabiltzen dira gizakiontzat arriskutsuak edo helezinak diren egoeratan, eta egoera horietan heda ditzakete, hain zuzen ere, beren abileziak edo gaitasunak, hala nola bonbak desaktibatzen edo hoditeriak ikuskatzen.

Aplikazio horiei erreparatuta, ROBAUCO proiektuak zeregin konplexuak egiteko gai diren robot mugikorrak, autonomoak eta elkarlanerako aproposak garatu ditu. Dagoeneko, bi prototipo garatu dituzte, eta zenbait larrialdi-egoeratan probatu dituzte. Prototipo horien funtzioak bideratzeko, Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzaren, SOS Deiak-en eta bestelako larrialdi-zerbitzuen aholkularitza izan dute.

Kanpoalderako eta barrualderako lurreko robot bana garatu dute, eta fabrika kimikoetako isuriei eta parkingetako suteei erantzuteko diseinatu dituzte.

Lehenengo kasuan, robota posizio ezagun batetik hurbiltzen da, operadore batek eremu horretako mapan eta GPSaren informazioan oinarrituta emandako informazioari esker. Aireko robot batek (UAV) erabakitzen du lurreko robotak nondik sartu behar duen; horretarako, aireko robotak hegan egiten du zonalde horretan, irudiak hartzen ditu eta informazio hori guztia operadoreari bidaltzen dio. Lurreko robota erabat autonomoa da, eta lurzoruaren zailtasun orografikoak eta oztopoak gainditzeko gai da. Helmugara iritsita, elementu kimikoaren isuriaren jatorria edo fokua bilatzen hasten da.

Sutea parking batean

Kasu honetan, inolako gidaritzarik gabe sartu behar du robotak parkingean. Alegia, zonaldea aztertu behar du, eta informazioa bildu; informazio hori kontrol-basera helarazten da, eta larrialdi-zerbitzuetako arduradunek egoerari buruzko lehenengo balorazioa egiten dute.

ROBAUCO proiektuaren prototipoetarako erabili diren bi adibideak larrialdi-egoeretan kontuan izan behar diren eskakizunen eta estrategien inguruko ikerketa zabal baten ondorio dira. Edozein larrialdi-egoeratako lehenengo 48 orduak funtsezkoak dira larrialdi-zerbitzuetako lanetan. Izan ere, bigarren egunetik aurrera heriotza-tasak nabarmen hazten dira, uraren, elikagaien eta mediku-tratamenduaren eskasiak direla eta.

Horregatik, robot adimendunek duten mugikortasuna, autonomia eta lankidetzarako gaitasuna ezinbesteko laguntza dira larrialdi-taldeetarako. Izan ere, ingurune zailetan lan egiten dute, eta hainbat egoera kritikori erantzun behar diote urteko egun guztietan eta 24 orduetan, etenik gabe: babes zibila, mendiko nahiz itsasoko erreskate-lanak , material arriskutsuekin gertatzen diren istripuak, baso- nahiz hiri-suteak, lurrikarak, uholdeak, epidemiak, terrorismoa, gerra-egoerak eta abar.

Azterketa horiei esker, ROBAUCO proiektuan parte hartu duten ikerketa-erakundeak egoera horietan bete behar diren jarduera konplexuak egiteko gai diren robot mugikorrak garatzeko teknologia sortzen dute. Halaber, gizataldearekin lan egiteko prestatu dituzte: robotak, elektronikoki iristen zaizkion aginduak betetzeaz gain, gizakiokin elkarrekintza arrunt bat izatea nahi dute, ahotsaren nahiz keinuen bidez.

Lau zentro teknologiko eta lau unibertsitate

Tekniker-IK4 da ROBAUCO proiektuaren buru, eta Fatronik zentro teknologikoak, Valentziako Informatika Institutu Teknologikoak (ITI) eta Valladolideko Automatizazio Robotikorako eta Informazioaren eta Ekoizpenaren Teknologietarako zentroak (CARTIF) parte hartu dute. Halaber, UPV/EHUko, Madrilgo Karlos III.a Unibertsitateko, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko eta Sevillako Unibertsitateko robotikaren eremuko ikerketa-taldeek ere parte hartu dute.

Informazio osagarria

  • Robot adimenduna
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, Tekniker-IK4
Itziar Cenoz

Egilea: Itziar Cenoz (IK4-Tekniker)

Laguntzailea: