#GaiNagusiak

Mapak ukimenaren, entzumenaren eta ikusmenaren bidez irakurri ahal izatea du helburu HaptiMap proiektuak

Noiz argitaratua: 10/03/09 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Informatika #Teknologia

Oinez edo bizikletaz bazabiltza eta pantaila bati etengabe adi egoterik ez baduzu edo egon nahi ez baduzu, sakelako tresnak erabiltzea etsigarria izan daiteke. Gauza bera gertatzen da eguzkiaren distirak itsutzen zaituenean edo, zure ikusmena behar bezain ona ez bada, sakelakoaren pantailari zehatz-mehatz antzemateko.

Sakelako tresnen pantaila txikietan informazioa egokiro azaltzea etengabeko arazoa da, eta teknologiaren garapena sustatu du horrek, bai informazioa bistaratzeko bideei dagokienez bai ikusmenarekin zerikusirik ez duten bitartekoei dagokienez (hala nola keinuak, ukimen bidezko elkarreragina eta soinua). Arazoetako bat zera da, ikusmenari ez dagozkion bide horiek ikusmenari dagozkionak indartzeko erabiltzen direla sarritan, beren kabuz ahalik eta ondoen funtzionatzeko moduan diseinatu beharrean. Hautemateko bide asko edukita, aplikazioak erabilgarriagoak izango lirateke, eta erabilerrazagoak sakelako edo nabigaziorako gailuetan.

HaptiMap proiektua Europako Batzordearen Zazpigarren Esparru Programaren barruan dago, eta hainbat zentzumen erabilita (hala nola ukimena, entzumena eta ikusmena) mapak eta mugikorren lokalizazio-zerbitzuak erabilgarriago egitea du helburu. Mapa digitalak eta mugikorren lokalizazio-zerbitzuak erabilgarri egingo ditu askotariko erabiltzaileentzat. Estrategiak honakoak dira: gailu horiek egiten dituztenen lana errazteko moduko erremintak garatzea, aplikazioei osagai multimodal malguak (erabilgarritasuna garatzeko diseinatuak) gehitu ahal diezazkieten; gai horien inguruko ardura handitzea jarraibide berrien bitartez; eta lehendik badauden diseinu praktikentzat gehigarriak proposatzea, diseinatze prozesuan zehar erabilgarritasuna kontuan hartua izan dadin. Proiektua duela urtebete luze hasi zen, eta lehen urtea erabiltzaileak ikertzen igaro dute bere osotasunean. Era berean, HaptiMapen erabiltzailearen azterketa jarraibideak argitaratu dituzte.

Beste bazkide komertzial baten bila

HaptiMap proiektuak beste bazkide komertzial bat finantzatzeko aukera du, hark lokalizazio-zerbitzu bat garatu dezan. Hain zuzen ere, elkarrekintzarako ukimen, entzumen eta ikusmen bidezko informazioa darabilen zerbitzua garatzeko gai den bazkidea aurkitu nahi da. Zerbitzu hori HaptiMap erreminta-kitean eta HaptiMapi dagozkion kontzeptu garrantzitsuetan oinarrituko da. Bazkide berriarentzat alternatiba egokia litzateke, era berean, erreminta-kita eta kontzeptuak lehendik dagoen zerbitzu bat hobetzeko baliatzea.

Erreminta-kita garatzen ari direnen eta kokapenean oinarritutako zerbitzuan lan egiten dutenen arteko komunikazio egokia ziurtatzeko, bazkide berriaren eginbeharren artean egongo da, neurri batean behintzat, erreminta-kitaren garapenean parte hartzea. Bazkide berriak trebatze-prozesuan eta garatutako zerbitzuaren erakustaldian ere parte hartzea espero da.

HaptiMap proiektuak Europako Batzordearen Zazpigarren Esparru Programaren babes ekonomikoa du; ICT (Informazio eta Komunikazio Teknologiak) Kooperazio Programan dihardu; 7. Erronkaren (bizimodu independentea eta integrazioa) barruan, hain zuzen ere. Gaur egun martxan dagoen partzuergoak 13 bazkide dauzka: Suediako Lundeko Unibertsitatea (koordinatzailea), NAVTEQ, Siemens, BMT Group, CEA, ONCE, Finlandiako Institutu Geodesikoa, Glasgowko Unibertsitatea, OFFIS, Belfasteko Queen’s Unibertsitatea, TECNALIA, Kreis Soest eta Lunds Kommun (Lundeko Udala, Suedian).

Pablo Melchor

Egilea: Pablo Melchor (MBN Comunicación, S.A.)

Laguntzailea: