#GaiNagusiak

Elbarritasun bat duten pertsonei Internet erabiltzea errazten dien sistema bat aztertu dute

Noiz argitaratua: 10/03/04 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Informatika #Teknologia
 Tesiaren egilea, Markel Vigo Echebarria.

Braille-teklatua edo ordenagailu hiztuna izatea ez da nahikoa. Internet ere haien beharretara egokitzen ez den bitartean, elbarritasun bat duten pertsonek desabantaila handia izaten jarraituko dute, gainontzeko erabiltzaileekin alderatuta. Markel Vigo ikertzailea harreman zail hori samurtzen saiatu da bere doktore-tesiaren bitartez. Batetik, elbarritasun bat duten pertsonentzat Internet pertsonalizatuago bat sortzea errazten duen sistema probatu du, eta, bestetik, webguneak egokitzen dituzten adituentzat teknika berritzaileak azaldu ditu.


Automatic assesment of contextual web accessibility from an evaluation, measurement and adaptation perspective izena du Vigoren doktore-tesiak. Zeharka edo zuzenean, Web Accessibility Quantitative Metric (WAQM) izeneko sistemari lotuta dago ia ikerketa osoa. Webgune bakoitzaren irisgarritasun-maila automatikoki neurtzen duen sistema da honako hau. Gainera, malgua da WAQM; irisgarritasunaren neurketa pertsona bakoitzak duen elbarritasun-motaren arabera egin dezake. Eta, elbarritasunari dagokionez, erabateko zehaztasuna bermatzerik ez badu ere (esaterako, pertsona itsuek askotariko gaitzak dituzte), sistema fidagarria dela frogatu du Vigok, gaian adituak diren hainbat lagunekin nahiz pertsona itsuekin egindako panel banaren bitartez.

WAQM sistema

 

Ebaluazio-tresnek webgune bakoitzari buruzko txostena sortzen dute automatikoki. WAQM sistemak algoritmo bat egiten du haiekin, gero, webguneen irisgarritasun-maila kalkulatzeko. Horrela, pertsona itsu batek Interneten bilaketa bat egitean, ohiko irizpideak ez ezik bere elbarritasunari dagozkionak ere hartuko lirateke kontuan. Esteka bakoitzari lotuta, irisgarritasunaren araberako puntuazioa agertuko litzaioke. Sistema honi esker, elbarritasun bat duten pertsonek Internet bidezko bilaketetan konfiantza eta kontrol handiagoa sentitzen dutela ondorioztatu du Vigok.


WAQM sistemari zehaztapen ugari txertatzeko aukera dago, eta, beraz, elbarritasun bat duten pertsonen irisgarritasuna neurtzeko ezinbesteko irizpideak identifikatu ditu Vigok: laguntza-teknologia (pantailako letra handitzen duten tresnak edo ordenagailuari ahotsa ematen diotenak, esaterako), Internetera sartzeko gailuak eta elbarritasun-mota. Faktore horietatik, erabiltzaileak Internetera zein gailuren bidez sartzen diren eta zer elbarritasun-mota duten zehaztea bereziki garrantzitsua dela dio Vigok. Interneten ohiko ordenagailu batekin, eramangarri batekin edo PDA batekin sartzen ari diren jakitea bereziki eraginkorra da sistemak ematen dituen emaitzak zuzenak izan daitezen; eta, elbarritasunari dagokionez, zein taldetakoa den zehaztea ere bai (itsua, tesi honen kasuan).


Horietan guztietan oinarrituta, erabiltzailearen profila zehazten da, eta, profil horrekin, ebaluazio-tresnek webgune bakoitzari buruz egiten duten txostena pertsonalizatzen da. Pertsonaren beharren araberako bilaketa egiten da horrela.

Adituentzat ere bai

 

Azken erabiltzaileentzat ez ezik, haientzako webguneak egokitzen dituzten adituentzat ere oso erabilgarria da WAQM sistema. Batez ere, behin webgunea egokituta, horren eraginkortasuna neurtzeko aukera ematen duelako.


Izan ere, adituei begira ere idatzi du doktore-tesia Vigok, Unified Guidelines Language (UGL) izeneko lengoaiaren berri emanez. Hain zuzen ere, UGLren bitartez sortuko lirateke webguneei buruzko txosten automatikoak, gerora WAQM sistemaren bitartez irisgarritasuna neurtzeko ezinbestekoak. Ikertzailearen arabera, UGL lengoaiak asko erraztuko luke webguneak irisgarri egitea, besteak beste edizioari, eguneratzeari eta irizpide berriak gehitzeari dagokienez. UGL oso lengoaia malgua dela dio, edozein unetan irizpide zaharrak aldatu edo berriak gehitzeko aukera ematen duena; horrela, guztia berriz hasieratik egitea saihestuko litzateke. Gainera, erabiltzera ohituta ez daudenei ere erraz egokitzeko baliabideak eskaintzen dizkie lengoaia horrek.

Egileari buruz

 

Markel Vigo Echebarria (Gasteiz, 1980) Informatikan ingeniaria eta doktorea da. Julio Abascal Gonzalez Informatika Fakultateko Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia Saileko irakaslearen zuzendaritzapean egin du tesia. Gaur egun, ikertzailea da CICtourGUNEn. Tesia egiteko, elkarlanean aritu da AEBetako Kaliforniako Unibertsitatearekin (Irvine) eta Italiako Consiglio Nazionale delle Ricercherekin (Pisa) eta Universita degli Studi di Udinerekin.

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Markel Vigo Echebarria., Markel Vigo Echebarria.
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: