#GaiNagusiak

Europako hainbat enpresa elkarlanean ari dira, nanomaterialekin fatxada berritzaileak sortzeko

Noiz argitaratua: 10/02/26 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Teknologia
 None

Tecnalia-Eraikuntza, Europako beste hainbat enpresa eta zentro teknologikorekin batera, FACOMP proiektuan parte hartzen ari da. Horren helburu nagusia da eraikuntzaren sektorerako egitura-material arinagoak eta ezaugarri hobeak dituztenak sortzea (termika eta iraunkortasunari dagokionez, batez ere).


CIDEMCO-Tecnalia Teknologia Zentroak koordinatzen du FACOMP proiektua (horma gortinetarako nanokonposite polimerikoetan oinarritutako profilak). Zazpigarren Esparru Programak finantzatutako proiektu europar bat da, ETEen onurarako egiten den ikerketa-eskemaren baitan kokatua, eta 2011ko urrirako bukatzea espero da. CIDEMCO-Tecnaliarekin batera, konpositeen eta fatxaden sektoreetako hainbat enpresa ari dira parte hartzen; hala nola, Exel Composites (Erresuma Batua), Sika Italia, Isotest Engineering (Italia), Enar Envolventes Arquitectónicas (Espainia), Technocladd Architectural and Technological Claddings (Espainia) eta Swedish Institute of Composites Swerea-Sicomp (Suedia).


Proiektuak 1,5 milioi euro inguruko aurrekontua du, eta haren helburu nagusia horma gortinaren mota berri bat definitzea da; horretarako, nanomaterial polimerikoak erabiliko dira altzairuaren edo aluminioaren ordez.


Gaur egun gehien erabiltzen den fatxada-motetako bat da horma gortina, eraikitzen erraza delako, arina delako eta material eta egitura askotarikoak izan ditzakeelako behin betiko akaberan. Une honetan horma gortinen profilatze-sistemetan gehien erabiltzen diren materialak aluminioa eta altzairua dira. Material horiek, ordea, arazoak ematen dituzte askotan, bai horniketari dagokionez bai termikoki gaizki eusten diotelako, besteak beste.


Garatzen ari diren sistema berriak aipaturiko materialok bezain ezaugarri mekaniko onak, edo are hobeak, izan behar ditu, arinagoa eta aire zabaleko egoerei eusteko iraunkorragoa izan behar du, eta kondizio termiko eta akustiko hobeak eduki behar ditu. Era berean, material berri horren garapenak horma gortinaren gainontzeko osagaiak (junturak, silikonak, beirak…) ere birdiseinatzea edo egokitzea ekarriko du.


Proiektua erdiko fasera iritsi da. Fase horretan, fatxada berrietan erabiliko diren konpositeak aukeratu dituzte, eta fatxada horien diseinuaren lehen zirriborro bat prestatu dute (informazio gehiago www.facomp.eu webgunean).

Proiektuak aurreikusitako lorpenak

 

Proiektuan aurreikusitako lorpenen artean dago aluminiozko profilenak bezain ezaugarri mekaniko onak —edo are hobeak—, isolamendu termiko hobeaa eta aire zabalean egoteari hobeto eutsiko dioten kondizioak izango dituzten konpositeen profilak garatzea, beste hainbat ezaugarriren artean.


Horretarako, konpositearen formulazioaren eta prozesamendurako tekniken optimizazioan dihardute. Zuntz ez-organikoekin eta nanomaterialekin indartutako polimero termoplastikoekin nahiz termoegonkorrekin ari dira lanean, eta prozesamendurako hainbat teknika ikertzen ari dira.


Azken lorpen gisa, eskala errealean eraikitako horma gortina baten prototipoa garatzea da asmoa, material nanokonpositearekin sortutako profil berriak erabilita.

Nanoteknologia

Proiektu horretan zehazki, sortutako materialean zurruntasun eta erresistentzia handiagoak lortzea ahalbidetuko du nanoteknologiak, bai eta suari aurre egiteko ezaugarri hobeak izatea ere. Nanomaterialen erabilera asko hazten ari da sektore ugaritan, ingeniaritza, medikuntza edo edukiontzien alorrei dakarzkien aurrerapenei esker.

Materialaren propietateak

 

Profiletarako garatuko den materiala nanokonposite polimeriko bat da, zuntzekin eta nanopartikulekin (nanobuztina) indartua. Material mota horrek hainbat abantaila dakartza: diseinuaren malgutasuna, arintasuna, aire zabaleko kondizioei oso ondo eustea, korrosiorik ez egotea, interferentzia elektromagnetikorik ez egotea eta propietate onak, suari aurre egiteko gaitasunari eta mekanikari dagokienez.

Informazio osagarria

Pablo Melchor

Egilea: Pablo Melchor (MBN Comunicación, S.A.)

Laguntzailea: