#GaiNagusiak

Hausnarkarien hazkuntza areagotzen duten antibiotikoen alternatiba izan daiteke kitosanoa

Noiz argitaratua: 10/02/26 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak #Fisika, Kimika eta Matematika #Osasuna
 None

Kitosano izeneko biopolimero naturala alternatiba eraginkorra da hausnarkarien dietan erabiltzeko, hazkuntza sustatzen duten antibiotikoen ordez. Hala ondorioztatu dute Neiker-Tecnalia euskal zentro teknologikoko kideek egin duten ikerketa batean. Antibiotiko horien presentzia debekatuta dago Europar Batasunean 2006tik, hausnarkarientzako elikagai osagarri moduan. Izan ere, antibiotikoen erabilerak lotura dauka mikrobioen erresistentzia garatzearekin.

Debeku horrek eragindako arazo nagusia zera da, ustiatzeen ekoizpenen kostua % 3,5etik % 5era bitarte igo dela, eta, gainera, ustiatze horietako ingurumen-arazoak hazi egin dira, metano gehiago igortzen delako orain. Hori horrela, antibiotiko horiei alternatiba antimikrobiarrak bilatzera zuzendu da Neiker-Tecnaliaren ikerketa.

Kitosanoa alternatiba interesgarria da. Izan ere, antimikrobiarra dela frogatuta egoteaz gain, hainbat abantaila ditu, konposatu biodegradagarria, biobateragarria, berriztagarria eta ez-toxikoa baita. Kitosanoaren ekintza antimikrobiar horrek honako tesia planteatzea ahalbidetzen du: kitosanoak errumenaren (hausnarkarien lau urdailetako lehena eta handiena) mikroorganismo jakin batzuei eragiten die zehazki, eta, horrela, efektu onuragarria sortzen du digestio erruminalean. Efektu hori monensinak zuenaren antzekoa da. Monensina zen, hain zuzen ere, hazkuntza sustatzen duten antibiotikoen artean erabiliena, debekatua izan aurretik.

Ikerketan lortutako emaitzak oso erabilgarriak dira etorkizunerako, kitosanoak hartzidura erruminala manipulatzeko duen potentzialari dagokionez. Elikadura eraginkorragoa izatea eta hausnarkarientzako mantenugaien erabilera sustatzea da manipulatze horren helburua. Hobekuntza horiek ekoizpenari eta eraginkortasun komertzialari lotu behar izanez gero, kitosanoa antibiotikoen alternatiba eraginkorra izan daiteke hausnarkarien dietarako.

In vitro entseguak

Ikerketan hainbat esperientzia proposatu ziren kitosanoek hartzidura erruminalaren aurrean duten eragina zehazteko. Hasteko, hartzidura erruminalaren in vitro simulazio-entseguak egin zituzten, hainbat kitosano-motaren efektuak zehazteko, baita efektu horien gainean dietak, dosiak eta inkubazio-denborak duten eragina zehazteko ere.

Lehen in vitro entseguetan kultura ez-jarraituan oinarritutako teknika erabili zuten. Teknika horretan, elikagai jakin bat ardien errumenetiko inokulu batekin inkubatzen da, errumenean bertan egongo liratekeen pH- eta tenperatura-kondizioetan. Entsegu horiek erakutsi zutenez, kitosanoak aldatu egiten zuen hartzidura erruminalaren prozesua, animaliarentzat onuragarria izateko; esaterako, azido propionikoaren ekoizpena % 95eraino igo zen hartziduran. Gainera, efektu edo aldaketa horiek handiagoak ziren kitosanoaren molekularen desazetilazio-maila handitu ahala, eta dietak kontzentratu-proportzio handiagoa izan ahala.

Errumenaren Simulazio Teknika edo RUSITEC erabili zuten bigarren in vitro entseguetan. Kasu horretan, kultura birziklatzea ahalbidetzen duten hartzitzaile erdijarraituak erabiltzen dira, eta horrek bereizten du gehien aurreneko teknikatik. Horrenbestez, mikroorganismo erruminalen kulturari denbora luzeagoan egonkor eustea ahalbidetzen du, epe luzeagorako azterketak egin ahal izateko. Horrela, aurreko teknikan aztertutako efektuek duten iraunkortasuna aztertu daiteke, eta denborak aurrera egin ahala efektua ez dela baliogabetzen egiaztatu. Entsegu horietatik ondorioztatu zenez, kitosanoak eutsi egiten zion bere efektuari inkubazioak iraun artean, eta, beraz, errumeneko mikroorganismoek ez dute agertu epe luzera konposatu horretara ohitu eta egokitzen direla pentsatzeko moduko zantzurik.

Hori horrela, in vitro entseguek oso emaitza oparoak eman zituzten. Batetik, errumeneko hartzidura-prozesuan eraginkortasun energetikoa hobetu zitekeela ikusi zen, azido propionikoaren ekoizpenera zuzendutako hartzidurekin. Bestetik, prozesu horretan metanoaren ekoizpena % 50 murriztu zitekeela ondorioztatu zen.

Animaliekiko esperientziak

Ondoren, animaliekin egin ziren esperientziak. Entsegu horietan frogatu zen kitosanoa zuzenean animaliei jarriz gero ere hartzidura erruminalak modulatzaile efektua duela, in vitro entseguetan bezala. Horrenbestez, eraginkortasun energetikoa hobetzea lortzen da, horrek elikagaiaren digestioan eraginik izan gabe.

Informazio osagarria

Pablo Melchor

Egilea: Pablo Melchor (MBN Comunicación, S.A.)

Laguntzailea: