#GaiNagusiak

Otsoek baino ardi gehiago jaten dituzte basati bihurtutako etxe-zakurrek, Euskal Herrian egindako ikerketa baten arabera

Noiz argitaratua: 10/01/19 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Lurraren zientziak
 Iberiar penintsulako otsoaren ale bat

Otsoenak ziruditen gorotzak analizatuta, Euskadiko Otso Taldeko eta Sevillako Doñana Estazio Biologikoko bi ikertzailek aztertu dute zer animalia jaten dituzten otsoek Araba inguruan. Animal Conservation aldizkarian argitaratu duten artikulu baten arabera, otso europarrak, hein handi batean (kasuen % 70ean), orkatzez eta basurdeez elikatzen dira, eta, ardiez, kasuen % 3an besterik ez.

Ez dute gauza bera ikusi, ordea, basati bihurtu diren edo kontrolpean ez dauden etxe-zakurrekin. Hain zuzen, aztertutako gorotzetako batzuk zakurrenak ziren, eta ikusi dute horien % 36an ardi-hondarrak zeudela.

Harrapari handiak, hala nola otso iberiarrak, berriz ere kolonizatzen ari dira herrialde industrializatuetako hainbat eremu. Azkeneko bi hamarkadetan, Euskal Herria izan da otso europarraren Iberiar penintsulako populazioaren ekialdeko muga. Euskal Herrian hartu ohi dituen 1.300 km2-etako % 85, gutxi gorabehera, Araban daude. Inguru horretan, latxa ardiak dira abere ugarienak (83.500 ardi daude probintzia guztian, eta horien % 41 otsoaren eremuan daude). Ardiak hesitu gabe egoten dira askotan, eta ez dira beti artzainen zaintzapean egoten.

Askotan berri ematen da ardi horiek otsoen erasoak jasan dituztela, eta horrek liskarrak eragin izan ditu baserritarren, kudeatzaileen eta otsoen kontserbazioaren aldeko agentzien eta taldeen artean. Gobernuak diru asko gastatzen ari dira kalteei aurrea hartzeko lanetan eta kalte-ordainetan, eta eremu jakin batzuk esleitzen dituzte otsoen populazioak zorrotz erregulatzeko edo otsoak suntsitzeko. Politika horiek mantsotu egiten dute harrapari horren populazioek berez hazteko duten potentziala.

Ardiei eraso

Arabako Aldundiaren datu ofizialen arabera, 2003-2004 urteetan 432 aberek jasan zuten erasoa 154 erasoalditan; eraso horien % 94 otsoei leporatu zizkieten. Zakurrei, berriz, 10 eraso baino ez zizkieten leporatu denbora-tarte horretan.

Basati bihurtu diren edo kontrolpean ez dauden zakurrak ohikoak dira, eta, otsoak bezala, gai dira abereei eraso egiteko, bereziki ardiei. Kudeatzaileek, baina, oso gutxitan neurtzen dute zakurrek abereen harraparitzan duten erantzukizuna —baita otsoen ospe txarrean ere—, besteak beste teknikoki zaila delako eraso jakin batean harraparia zein izan den zehaztea.

Baina ezinbestekoa da prebentzio- eta ordain-programak behar bezala diseinatuta egotea, horiek errespetatzea eta eraginkorrak izatea, bai abereen harraparitza minimizatzeko, eta bai harrapari naturalen eta gizartearen arteko gatazka txikitzeko. Ikertzaileek frogatu dute metodo genetikoak tresna erabilgarriak direla horrelako programak garatzeko.

Egindako ikerketan, gorotzen laginketa ez-erasokorrak egin zituzten, eta, banakoak identifikatzeko metodo genetikoak erabilita, ikusi zuten gorotz horiek otsoenak edo zakurrenak ziren. Gainera, harrapakin basatiek eta etxekoek animalia horien dietan zuten intzidentzia ere zehaztu zuten. Lehenengo begiratuan otso europarrenak ziruditen 136 gorotz bildu zituzten. Mitokondrioetako DNAn egindako analisien bidez, 86 gorotzen jatorrizko animalia identifikatu ahal izan zuten: 31 otsoenak ziren, 2 azerienak eta 53 zakurrenak.

Otsoen nahiz zakurren gorotzetan zeuden harrapakin-arrastoak aztertzean, ikusi zuten gorotz bakoitzak harrapakin bakar baten hondarrak zituela. Bada, 30 otso-gorotzetatik 22tan (31. gorotzean ezin izan zuten harrapakina zehaztu) harrapakin basatien hondarrak aurkitu zituzten: hamazazpitan orkatzenak, hirutan basurdeenak, batean azkonarrenak eta beste batean erbienak. Beste zortzi otso-gorotzek abereen hondarrak zituzten; lauk zaldienak, hiruk behienak eta bakar batek ardienak. Basa animaliek otso-gorotzetan identifikatutako harraparien % 73 bete zuten, eta ardiek % 3 besterik ez.

Zakur-gorotzetan 39 harrapakin identifikatu ahal izan zituzten. Horietatik 14k (% 36k) ardi-hondarrak zituzten eta zazpik (% 18k) zaldien edo behien hondarrak zituzten. Beraz, abereek zakur-gorotzetan identifikatutako harraparien % 54 bete zuten.

Informazio osagarria

  • Iberiar penintsulako otsoaren ale bat, Raúl Arévalo
  • icono_documento
    Animal Conservation aldizkarian argitaratutako artikulua
Basque Research

Egilea: Basque Research (Elhuyar Fundazioa)

Laguntzailea: