#GaiNagusiak

Ikerketa bat abiatu da Europako hainbat eskualde ardogiletan sortzen diren ardoen dibertsitatea sustatzeko

Noiz argitaratua: 10/01/18 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak #Teknologia

Ofizialki abiatu da Europa mailako INNOYEAST ikerketa-proiektua (Innovation and improvement of European wine industy competitiveness by the research and development of native microencapsulated wine yeasts to produce quality wines; Europako ardo-industria berritzea eta haren lehiakortasuna hobetzea kalitatezko ardoak sortzeko mikrokapsularatutako bertako ardo-legamiak ikertuz eta garatuz). Arabako Errioxako Bodegas Baigorri upeltegia da ikerketaren burua, eta Leia Fundazioa da zuzendari zientifikoa, ardogile-sektorean ikerketa-ibilbide luzea duen garapen teknologikoko zentro arabarra.

I+G+Bko proiektu honen helburua da lankidetzan aritzea Europako ardogileen sektorearen lehiakortasuna garatzeko. Horretarako, Europako hainbat eskualde ardogiletako legamia autoktonoak bakartu, aukeratu eta mikrokapsulatan sartuko dituzte (Arabako Errioxakoak, Bordelekoak, eta chanti eta vinho verde ardoak egiten dituzten eskualdeetakoak), eskualde horietan egiten dituzten ardoen dibertsitatea eta nolakotasuna sustatzearren.

Proiektuak bi urte luze iraungo du, eta Europako Batasunak finantzatu du. Aipatutako upeltegiaz gainera, Vinos de los Herederos del Marqués de Riscal upeltegiak ere parte-hartze aktiboa izango du, eta baita Guserbiot bioteknologia-enpresa gasteiztarrak ere. Halaber, parte hartuko duten Europako eskualde ardogileetako hainbat upeltegi, ikerketa-zentro eta unibertsitate ere lankidetzan arituko dira. Eskualde horietan guztietan batera eramango dute aurrera proiektua, hala Arabako Errioxan, nola Bordelen eta chanti eta vinho verde ardoak egiten dituzten eskualdeetan.

Arabako Errioxaren kasuan, parte hartuko duten upeltegiek lortuko dute hobeki kudeatzea hartzidura-prozesua, eta eskualde ardogile horretako bertako ezaugarri organoleptiko guztiei eutsiko dien kalitateko ardoa egitea.

Mahatsaren muztioa hartzitzearen azkeneko emaitza da ardoa, eta hartzidura, berez, mahatsean dauden ardo-legamiek egiten duten prozesu mikrobiologiko konplexu bat da. Legamiek oso zeregin garrantzitsua dute ardoak bukaeran izango duen konposizioan eta izaeran. Ez dituzte bakarrik mahatsean dauden azukreak alkohol bihurtzen; konposatu aromatiko ugari modu naturalean sortzea ere eragiten dute, ardoari bukaerako usain-profila ematen diotenak.

Gaur egun, upeltegi guztiek oso emaitza onak lortzen dituzte kanpoko legamiak erabilita: legamia horiek bermatzen dute, mahats-bilketaz bilketa, mahatsa modu naturalean bihurtuko dela ardo, eta azukreak kontsumituko direla —hala, saihesten dute ardoaren usainean eragina izan lezaketen aldaketa mikrobiologikoak gertatzea—. Edonola ere, erabiltzen dituzten legamiak tokian tokiko eskualde ardogilean antzina-antzinatik egiten diren ardoekin inolako loturarik ez duten eskualde ardogileetan bakartzen eta sortzen dira, eta horrek eragiten du ardoek beren eskualdeko berezko izaera galtzeko arriskua izatea.

Horrenbestez, Arabako mahastietako legamiak bakartzeak, aukeratzeak eta erabiltzeak aukera emango diete bertako upeltegiei eskura izateko ardoari eskualde ardogile horri dagokion izaera eta nolakotasuna emango dioten legamiak.

Gainera, mikrokapsularatze-teknika sartzeari esker, legamia autoktonoek balio erantsia hartuko dute. Izan ere, teknologia berritzaileak aukera ematen du molekulak edo mikroorganismoak kapsula txiki-txikietan sartzeko, eta, besteak beste, elikaduraren eta farmaziaren sektorean erabiltzeko.

Ikerketa-proiektu horretan lortuko dituzten legamia autoktonoak mikrokapsularatuta, upeltegiek errazago erabili ahal izango dituzte, eta horrek ekarriko du hobeki ezartzea eta hartzidura eraginkorra eta kalitatekoa izatea.

  • Oharrak:

    Harremanetarako: Edurne Elejalde - LEIA Fundazioko Elikagaien Arloko Enologia Taldeko koordinatzailea: edurnee@leia.es

  • Interneteko helbidea:

    www.innoyeast.eu

Leire Agüero Suárez

Egilea: Leire Agüero Suárez (Tecnalia Research & Innovation)

Laguntzailea: