#GaiNagusiak

Europako Eureka-Itea programaren urrezko domina jaso duen proiektu batean parte hartzen ari dira Fagor eta Ikerlan-IK4

Noiz argitaratua: 10/01/12 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia
 Sariak banatzeko ekitaldia

SmartTouch proiektuari eman dio 2009ko urrezko domina Europako I+Gko Eureka-Itea programak; proiektu horretan, Fagor eta Ikerlan-IK4 ari dira parte hartzen. Proiektuak beste sari batzuk ere jaso ditu Europan eta Espainian, eta haren helburua da NFC (near field communication) teknologia garatzea eta erabiltzea pertsonen eta haien ingurunearen artean elkarrekintza erraza eta intuitiboa egotea lortzeko.

Garatu dituzten teknologien helburua da pertsonen mugikortasun handiaren ondorioz sortutako beharrei erantzutea erabiltzen errazak diren zerbitzu seguruen bitartez. Mugikorra edo NFC gailua behin ukituta, jendeak aukera izango du informazioa jasotzeko, denbora-pasan aritzeko, produktuak eta zerbitzuak bilatzeko, saltokietan edo garraiobideetan ordainketa ziurrak egiteko eta abarretarako.

Merkatu berri horrek aukera interesgarriak eskaintzen ditu ukituta edo pertsonen aurrean erreakzionatzen duten gailu digitalak sortzeko, pertsonek behar duten informazioa lortu ahal izan dezaten, dauden lekuan daudela. Gainera, teknologia horiek lagundu dezakete txikitzen arraila digitala, pertsona zaharren taldean ohikoa dena.

Proiektuan, osasunarekin eta etxeko konfortarekin lotutako aplikazioetan jarri dute ikertzeko arreta Fagorrek eta Ikerlan-IK4k. Telelaguntzako, telezaintzako eta domotikako sistementzat mesedegarriagoa izango da teknologia horiek erabiltzea. Adibidez, arteria-presioa neurtzean, sistema gai izango da pertsona ezagutzeko daraman medailoiaren, eskumuturrekoaren edo mugikorraren bidez, eta, hala, pertsona horren jarraipena egiten duten zentrora bidaliko ditu datuak, inolako botoirik sakatu edo koderik sartu beharrik gabe. Bestalde, pertsona bat etxean sartzen denean, sistemak ezagutu egingo du, hautemango du non dagoen, eta, hala, gela horretako konfort-sistemak jarriko ditu martxan, hala nola berogailua, argiak, musika eta abar. Halaber, aginduak egokituz joango da pertsona gelaz aldatzen denean edo etxetik ateratzen.

Informazio osagarria

  • Sariak banatzeko ekitaldia, Ikerlan-IK4
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Ikerlan-IK4
Maria Eugenia Inurrieta

Egilea: Maria Eugenia Inurrieta (Ikerlan)

Laguntzailea: