#GaiNagusiak

Itsasontzietako pinturen hondatzea aztertu du UPV/EHUko ikerketa batek

Noiz argitaratua: 10/01/11 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Fisika, Kimika eta Matematika #Teknologia
 Tesiaren egilea, Raúl García Bercedo.

Pinturak erabiltzen dira, aspalditik, metalak korrosiotik babesteko. Hala ere, egoera jakin batzuetan, hondatu egiten dira pintura horiek. Zenbaitetan pinturak berez hondatzen dira; beste kasu batzutan, berriz, pintura horiek behar baino lehen hondatzen dira hainbat arrazoirengatik.


UPV/EHUko Raúl García Bercedo ikertzaileak itsasontzietako pinturetan sortzen diren anpuluen edo burbuilen ikerketan oinarritu du doktore-tesia. Estudio del ampollamiento osmótico de pinturas marinas aplicadas sobre substratos no metálicos, en condinciones de inmersión total (Uretan erabat murgilduta dauden substratu ez-metalikoetan aplikatzen diren pinturetan sortzen diren osmosi-anpuluen azterketa) izenburua du lanak.


Pinturen hondatze-mota hori —anpuluen eraketa, alegia— maiz gertatu ohi da, itsasontziaren kroskoaren eta pinturaren artean zenbait gatz disolbagarri egoten dira eta. Sulfatoak industrian agertzen dira, sarri; kloruroak, berriz, itsas ingurunetan. Hain zuzen ere, kloruroak izan ditu aztergai Garcíak ikerketa honetan. Izan ere, itsas inguruneko gatz horiek itsasontziaren kroskoan txertatzen dira, hura pintatu ahala. Kloruro horiek kroskoaren altzairuaren eta pintura-geruzaren artean harrapatuta gelditzen dira. Itsasontzia itsasoan barneratu ahala, gazitasun aldakorreko uretan murgiltzen da, eta, beraz, pinturen hondatzea era batekoa edo bestekoa izango da. Pinturak azkar asko hondatzen dira gazitasun atalase-maila kritikoa gainditzen bada. Orduan, osmosiak eragindako anpuluak sortzen dira.

Osmosiak eragindako anpuluak

Garcíak osmosiak eragindako anpuluak aztertu ditu, eta denborak, pintura murgilduta dagoen uraren gatz-kontzentrazioak, ontziaren kroskoaren eta pintura-geruzaren artean dagoen gatz-kontzentrazioak eta pintura horien loditasunak duen eragina analizatu. Halaber, anpulu mota horiek azaltzeko beharrezkoak diren kloruro-kontzentrazioaren balio kritikoak zehaztu ditu.

Garcíaren esanean, ikerketa honen lorpenik handiena da pinturaren hondatzea ekiditeko, eta, ondorioz, itsasontziaren kroskoaren korrosioaren aurkako babesa ez galtzeko, gatzen kontzentrazio limiteak kalkulatzea lortu dugula. Kloruroen kontzentrazioa 10 mg/m2 baino handiagoa eta 25 mg/m2 baino txikiagoa bada sortzen dira osmosiak eragindako anpuluak. Halaber, pinturaren lodierak eta uretan murgilduta igarotako denborak, pinturak itsasontziaren kroskora itsasteko duen gaitasunak eta abarrek pinturaren hondatzean nola eragiten duten ere aztertu du Garcíak. Besteak beste, ondorioztatu du pintura-geruzaren lodiera zenbat eta handiagoa izan, orduan eta gehiago atzeratzen dela osmosiak eragindako anpuluen sorrera. Izan ere, pintura-geruzaren lodiera handitzean haren iragazkortasuna txikitzen da. Hala ere, ikusi du anpuluak sortzen hasten direnean pinturaren lodierak ez duela prozesu horretan inolako eraginik. Uretan murgildutako denborari dagokionez, ikusi du lehenengo lau hilabeteetan gertatzen direla aldaketa nabarmenenak anpuluen eraketan. Azkenik, Garcíak ondorioztatu du osmosiak eragindako anpuluen prozesuaren hasiera eta substratuaren itsasgarritasuna independenteak direla. Prozesua aurrera joan ahala, ordea, pinturaren itsasgarritasuna zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta anpulu gehiago sortzen dira.

Egileari buruz

Raúl García Bercedo (Bilbo, 1965) Itsasontzi Makinetan lizentziatua da. Fernando Cayuela Camamero izan du tesi-zuzendari, UPV/EHUko Nautika eta Itsasontzi Makineriako Goi Eskola Teknikoko Itsasketaren Zientzia eta Teknikak Ontzi Makinan eta Ontzigintza sailekoa. Eskola horretako irakaslea da García. Tesia egiteko Astilleros Zamakona eta Labein-Tecnalia zentro teknologikoarekin elkarlanean aritu da.

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Raúl García Bercedo., Raúl García Bercedo
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: