#GaiNagusiak

Ibilgailu espazial seguruagoak zuntz optikozko sentsoreei esker

Noiz argitaratua: 09/12/09 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia

TECNALIA Korporazio Teknologikoaren Unitate Aeroespazialeko ikertzaile-talde batek, Valentziako Unibertsitate Politeknikoko ITEAM Institutuak, Elxeko Emxys enpresa aeroespazialak eta Zientzia Fotonikoen Institutuak (ICFO) ibilgailu espazialen segurtasuna hobetzen duen babes-sistema berri bat garatu dute Europako Espazio Agentziarentzat.

Zuntz optikozko sentsoreetan oinarritzen den monitorizazio-sistema bat da, eta aukera ematen du denbora errealean jakiteko zenbatekoa den babes termikoko ezkutua osatzen duten elementuen tenperatura. Izan ere, ezkutu hori oso sentikorra da, eta ibilgailu espazialetan tenperatura altuenetarikoak jasaten dituen zatia da —transbordadoreetan, esate baterako—.

“Sistema hori tripulatutako ibilgailuetan txertatuz gero, nabarmen areagotuko da ibilgailu horien segurtasuna eta fidagarritasuna. Izan ere, teknologia horrekin etengabe neur dezakegu babes termikoko sistemaren (TPS) lauzen segurtasuna. Egitura oso sentikorrak dira, 800 ºC baino tenperatura altuagoak jasan ditzakete zenbait minutuz” diote proiektuaren arduradunek.

Diseinatutako babes-sistema aurrerapauso garrantzitsua da ibilgailu espazialen egituren egoera neurtzeko erabiltzen diren monitorizazio-sistementzat (HSM siglak ingelesez), besteak beste. Izan ere, segurtasun-elementuak sendoagoak bilakatzen dira ibilgailua jaurtitzean sor litezkeen perturbazio elektromagnetikoen aurrean. Halaber, zuntz optikoetan oinarritutako sentsoreek aukera ematen dute hainbat sentsore sakabanatzeko transbordadorearen egituran zehar. Modu horretan, tenperatura-neurketak egiteko guneak areagotzen dira. “Hori bideraezina zen orain arteko teknologiekin”.

Gainera, gailu arin batzuk dira. Horrenbestez, instalatu litekeen sentsore-kopurua oharkabean areagotzen da. Izan ere, bolumen txikia dute, eta gutxi pisatzen dute.

Sistema berri hau ESAk diruz laguntzen duen berrikuntza-proiektu baten barruan dago. Proiektua arrakastaz gauzatu dute azken urteotan.

Azaroaren 18an eta 19an aurkeztu zituzten ikerketaren emaitzak ESA Europako Espazioko Agentziaren Herbehereetako eraikinean.

  • Oharrak:

    Informazio gehiago: Germán Lasa INASMET-Tecnalia Tel: 943 003700 e-mail: glasa@inasmet.es

  • Interneteko helbidea:

    www.tecnalia.info

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, Tecnalia
Pablo Melchor

Egilea: Pablo Melchor (MBN Comunicación, S.A.)

Laguntzailea: