#GaiNagusiak

Internet darabilten boto sistema elektronikoetarako hobekuntzak proposatu ditu UPV/EHUko ikertzaile batek

Noiz argitaratua: 09/11/09 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Informatika #Teknologia
 Tesiaren egilea, Maider Huarte Arrayago.

Informazio eta Komunikazio Teknologiak (IKT) deritzenek asko lagundu dezakete demokrazia hobetzen, gizartearen partaidetza-sistemak areagotuz. Partaidetza-modu horietatik zabalduenak herritarren iritziak zuzenean jasotzeko erabiltzen diren hauteskunde-prozesuak dira. Azken hamarkadetan, hauteskunde-prozesu horiek IKTekin hobetutako sistema berriak proposatu dituzte.

UPV/EHUko Maider Huarte Arrayago ikertzaileak Internet Darabilten Boto Sistema Elektronikoetan oinarritu du doktore-tesia. Internet darabilten boto-sistema elektronikoetan unibertsaltasun- eta askatasun-printzipioen azterketa eta proposamenak izenburua du lanak.

Hauteskunde-prozesu bat demokratikotzat jotzeko, unibertsaltasun-, berdintasun-, askatasun- eta sekretu-printzipioak betetzen dituen boto-sistema erabili behar du. Hautesle guztiek botoa baldintza berdinetan emateko aukera izan behar dute; hautesle diren herritarrek bakarrik eman dezakete botoa, eta boto bakarra bakoitzak. Bestalde, hautesleek, botoaren bitartez, libreki adierazi behar dute beren iritzia, eta hautesle bakoitzak zer boto eman duen ez da jakin behar.

Horrek guztiak hainbat arazo eragiten ditu teknologia elektroniko/informatikoak erabiltzean. Izan ere, teknologia horien bidez emandako botoak hautesleek sisteman utzitako arrasto digitalarekin ez lotzeko neurri egokiak zehaztea ez da erraza. Gaur egun, neurri horiek zehazten dituzten Boto Sistema Elektronikoko (BSE) proposamen asko daude, guztiak ere kriptografia-tekniketan oinarrituak.

Unibertsaltasun- eta askatasun-printzipioak

Internet erabiltzen duten Boto Sistema Elektronikoak (iBSE) deritzenak aztertuz hasi zuen Huartek tesi honetako ikerketa-lana, eta ondorioztatu du gaur egun Internet darabilten boto-sistema elektronikoetan batik bat berdintasun- eta sekretu-printzipioak kontuan hartzen direla. Hori dela eta, unibertsaltasun- eta askatasun-printzipioen beharra aztertu eta proposamenak landu ditu Huartek, eta beharrezko aldaketa edo hobekuntzak proposatu.

Askatasun-printzipioa dela eta, helburu hauek jarri ditu ikertzaileak: fidagarritasuna hobetzea, hautesleen borondatezko partaidetza hobetzeko eta emaitza zehatzagoak lortzeko, eta malgutasuna hobetzea hautesleei beren iritzia ahalik eta zehatzen adierazteko aukera emanez. Unibertsaltasun-printzipioari dagokionez, berriz, helburuak bi izan dira: batetik, hautesleriaren gaitasunen heterogeneotasuna kontuan hartzen dituen gizakia-makina interfazeen definizioa, eta, bestetik, hautesleen mugikortasuna areagotzea, komunikazio-protokoloetan eragin gabe.

Helburu horiek iristeko, hainbat irtenbide proposatu ditu Huartek. Askatasun-printzipioari dagokionez, fidagarritasuna hobetzeko, esaterako, sendotasuna, gardentasuna eta erreklamazio pribatua indartu ditu. Beraz, Huartek landutako sistema horretan, sekretuan mantendu beharreko bakarra protokoloetako gako sekretuak dira. Bestalde, erreklamazio pribatua egiteko aukera garatu du, hauteslearen boto-sekretua arriskuan jarri gabe. Halaber, malgutasuna hobetzeko zenbait neurri hartu ditu: boto-paper digitalen formatua eta kontaketa-metodoetan eraginik ez duen sistema eta protokoloak zehaztu ditu, eta hautesleari boto-emate prozesua edozein unetan eten eta berrekiteko gaitasuna eman dio.

Unibertsaltasun-helburuei dagokienez, berriz, gaur egungo interfazeen hobekuntza eta etorkizunerako moduko interfazeak proposatu ditu.

Proposamenak proposamen, ondorioztatu du askatasun-printzipioaren hainbat alderdi asko mugatzen dituztela berdintasun- eta sekretu-printzipioak betetzeko aukeratu diren kriptografia-motek. Halaber, ikusi du, segurtasunari dagokionez, ohiko tekniken eta tresnen erabilera soila ez dela nahikoa, softwarea modu egokian sortu ez bada, hau da, oinarrian dagoena ondo aplikatu ez bada, gainetik gehitutako guztiak ez du ekarriko espero zen onurarik. Zimendu egokirik gabeko etxearen antzekoa litzateke.

Egileari buruz

Maider Huarte Arrayago (Donostia, 1976) Telekomunikazio ingeniaria da. Iñaki Goirizelaia Ordorika —UPV/EHUko errektorea eta Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Elektronika eta Telekomunikazio saileko kidea— izan du tesi-zuzendari. Fakultate horretako irakasle-laguntzailea da Huarte.

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Maider Huarte Arrayago., Maider Huarte
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: