#GaiNagusiak

Propolia osasunerako onuragarria izan daitekeela egiaztatu dute

Noiz argitaratua: 09/10/27 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Osasuna
 Propolia

Gero eta gehiago kezkatzen gaitu gure osasunak, eta, horrenbestez, zientzialariek buru-belarri dihardute elikagai funtzionalen ikerketan; prebentzioa indartzeko eta gaixotasunak izateko arriskua gutxitzeko gai diren elikagaien ikerketan, hain zuzen ere. Izan ere, elikagai horien konposizioan dago gakoa. Beraz, elikagai horien konposizioa aztertzea eta horiek identifikatzea eta erauztea lagungarria da. Gainera, erreminta erabilgarria izan liteke konposatu biologiko aktibo ugari dituzten balio erantsi handiko produktuak ekoizteko.

Azken 5 urteotan, Neiker-Tecnalia zentro teknologikoak hainbat I+G proiektu garatu ditu erlezaintzaren sektorean, Kalitatea Fundazioarekin, EAEko erlezainen erakundeekin, eta euskal administrazioarekin elkarlanean. Erlauntzetik eratorritako hainbat produktu aztertu dituzte, eta ikusi dute propolia onuragarria izan daitekeela osasunerako.

Propolia erleek lore-begietatik biltzen duten substantzia erretxinatsua da. Erleak jaso egiten du, eta eraldatu egiten du erlauntza desinfektatzeko, arrailak ixteko, abaraskak eraikitzeko, mikrobizida eta desinfektatzaile gisa erabiltzeko eta baita tamainarengatik kanporatzeko zailak diren arrotzak baltsamatzeko ere. Beraz, propolia erlauntzaren asepsia bermatzearen erantzule nagusia da. Izan ere, erlauntza birusak eta bakterioak garatzeko ingurune aproposa da, tenperatura- eta hezetasun-kondizioak direla eta.

Propoliaren konposizioa ekoizten den eremuaren araberakoa da (klima, landaredia...). Hala ere, gutxi gorabeherako konposizioa hau da: erretxinak eta baltsamoak (% 50-60), argizaria (% 20-25), olio esentzialak (% 5-10), polena (% 5) eta beste batzuk (mineralak, entzimak...% 5).

Erretxinen eta baltsamoen taldean daude konposatu biologiko aktibo gehienak, batik bat, landareetatik eratorritako konposatu fenolikoak. Konposatu horiek ezaugarri farmakologikoak dituztela egiaztatu dute. Propoliaren tintura (alkohol-estraktua) ezaguna da, eta ezaugarri terapeutikoak dituelako erabiltzen da; besteak beste, organismoaren defentsa-mekanismoa suspertzen du. Halaber, propietate antioxidatzaileak, antimikrobiarrak, suspertzaileak, orbaintzaileak, analgesikoak, anestesikoak eta hanturaren aurkakoak ditu, besteak beste.

Produktu horren jarduera biologikoa aztertu dute, ezaugarri antioxidatzaileak eta antimikrobiarrak ikertuz.

Propietate antioxidatzaileak

Propoliak erradikal askeak neutralizatzeko duen ahalmenaren berri ematen digute propietate antioxidatzaileak aztertzeko egiten diren entseguek. Erradikal askeak endogenoki nahiz exogenoki sortutako molekula kaltegarriak dira, eta zeluletan kalteak eragin ditzakete —eta horrek, etorkizunean, endekapenezko gaixotasunak garatzea bultzatu dezake, hala nola, minbizia eta alzheimerra—.

Antioxidatzailetan aberatsak diren dietek gaixotasun-mota horiek agertzeko arriskua gutxitzen dute; hortaz, produktuen ezaugarri antioxidatzaileak neurtzea garrantzitsua da produktu horren potentzial prebentiboa aztertzeko.

Entsegu-mota horiek egiteko, erradikal askeak ekoizten dituzte laborategian. Ondoren, erradikal aske horiei ezaugarri antioxidatzaileak dituen laginarekin erreakzionarazten diete, neutralizazio-ahalmena kalkulatzeko. Horretarako, 3 metodo espektrofotometriko erabiltzen dituzte.

Propietate antimikrobiarrak

Propietate antimikrobiarrak aztertzeko entseguek, berriz, aukera ematen dute ikerketa-produktuak zenbait organismoren hazkuntzaren eta garapenaren aurrean duen inhibizioa neurtzeko. CIM (Concentración Inhibitoria Mínima) metodologian, ikertu beharreko substantzia mikroorganismoen hazkuntza optimoa den ingurune batean hedatzen da. Substantzia hori mikroorganismoaren hazkuntza saihesteko gai bada, produktua ezarri den puntuaren inguruan halo bat agertuko da. Aitzitik, inguruneak ez du aldaketarik jasango.

Entsegu hori egiteko, mikroorganismoa hazteko eta garatzeko beharrezkoak diren elikagai guztiak dituen ingurune optimoan aktibatzen dituzte anduiak. Hazkuntzaren Macfarle indizea gutxi gorabehera 0,5ekoa denean, agar pixka bat gehitzen zaio, eta plaka angeluzuzenetan ezartzen da. Solidotzean, plakak zulatu egiten dituzte, eta propoli-kontzentrazio ezberdinak gehitzen dituzte. Kontzentrazio bakoitza hiru aldiz gehitzen dute. 37 ºC-an inkubatzen utzi, eta, ondoren, inhibizio-haloak sortu diren edo ez behatzen dute. Izan ere, halo horiek aukera ematen dute ikusteko propoliak mikroorganismoen hazkuntza inhibitu duen edo ez, eta zenbateraino. Inhibizio-haloak kalibre batekin neurtzen dituzte, eta lortutako balioak estrapolatu egiten dituzte.

Entsegua mikroorganismo hauekin egin dute:

- Streptococcus mutans (hortzetako txantxarra)

- Candida albicans (baginako gaixotasuna)

- Salmonella tiphy (salmonelosia)

- Helicobacter pylori (urdaileko ultzera)

- Saccharomyces cerevisiae (hies gaixotasuna duten septizemietako oportunista, leuzemia…)

Mikroorganismo horietan, ohiko gaixotasun askoren bakterioak, legamiak eta onddoak daude.

Ahalmen antioxidatzailea

Propietate antioxidatzaileak ikertzeko entseguak propolia bi disolbatzailetan disolbatuz egin dituzte: % 70 etanola duena bat eta propilenglikola bestea.

Ikerketa horretan lortutako emaitzak bat datoz espero zitezkeen emaitzekin. Izan ere, ikusi dute propoliak hainbat konposatu biologiko aktibo dituela; konposatu horien artean nagusi dira flabonoideak (beren ahalmen antioxidatzaile handiarengatik dira ezagunak). Egia esan, flabonoideak dira propoliari esleitzen zaizkion propietate sendagarri guztien erantzule nagusiak; propietate sendagarri hauek, hain zuzen: antibakterianoa, antimikotikoa, antifungikoa, antibirala, antituberkulosoa, zitostatikoa, antialergikoa, antioxidatzailea, antitoxikoa, hipotentsorea, hemostatikoa, immunogenetikoa, antiparasitarioa.

Prestatutako etanol-estraktuek inhibizio handia dutela erabilitako erradikalen aurrean ikusi dute. Lortutako balioak ezarritako tartean daude. Balioak nabarmen aldatzen dira batetik bestera; litekeena da erlategiaren kokapenak eta ezpurutasun-mailak zeresan handia izatea balio horietan.

Estraktuen artean ere (etanola eta propilenglikola), ezberdintasun txiki batzuk behatu dituzte. Dena den, ez dira oso esanguratsuak. Balioak aldakorrak dira, eta, oro har, txikiagoak dira propilenglikolaren kasuan. Hala ere, horrek ez du produktuaren bukaerako konposizioan aldaketa handirik eragingo.

Orain arte, ez dute ikusi propoliak baino ezaugarri antioxidatzaile hoberik duen produkturik edo elikagairik.

Ahalmen antimikrobiarra

Ikerketa-lan honetan aztertutako mikroorganismo ororen garapena eta hazkuntza inhibitzen du propoliak. Inhibizio-kontzentrazio minimoak produktuaren kontzentrazio txikietan gertatzen dira. Beraz, horrek produktuaren potentzial antimikrobiarra berresten du. Emaitza horien arabera, propolia ahalmen antimikrobiar ikaragarria duten konposatuez osatuta dago, hala nola landareetatik eratorritako konposatu fenolikoez, flabonoideez eta abarrez.

Informazio osagarria

  • Propolia, Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Tecnalia
Pablo Melchor

Egilea: Pablo Melchor (MBN Comunicación, S.A.)

Laguntzailea: