#GaiNagusiak

CIC biomaGUNE aztertzen ari da zer eragin duten osasunean eguzkitako kremetako nanopartikulek

Noiz argitaratua: 09/10/26 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna #Teknologia

CIC biomaGUNE aztertzen ari da zer eragin izan lezaketen osasunean metal oxidozko nanopartikulek, hala nola zink oxidozko, zerio oxidozko, titanio oxidozko edo burdin oxidozko nanopartikulek. Nanopartikula horiek hainbat erabilera praktiko dituzte, eta askotariko merkataritza-produktutan ageri dira, hala nola eguzkitako kremetan, ultramoreen kontrako babesgarrietan, erregai-nahasteetan, pinturetan, elektrostatikoen kontrako estalduretan eta zirkuitu elektronikoetan.

Partikula mikroskopiko horiek metalezko ioiez eginda daude, bizidunetan, normalean, kontzentrazio txikietan dauden ioiez. Gorputzean inoiz deuseztatu badaitezke ere, nanopartikulak sartzeak handitu lezake ioi horien kontzentrazioa, eta gaur egun ez dakigu zer eragin izango lukeen horrek zelula mailako nahiz bizidun mailako prozesu biokimikoetan.

Ikerketa HIMANOX proiektu europarraren baitan egiten ari dira; urrian hasi dira lanean, eta CIC biomaGUNE izango da burua bukatu artean (aurreikusitakoaren arabera, 2012an bukatuko dute). Euskal zentroaren helburu nagusietako bat da, hain zuzen, oinarrizko zientzia hurbiltzea Euskal Autonomia Erkidegoko garapen teknologikoaren eta industrialaren balizko beharretara. Horregatik abiatu dituzte ikerketa-lerro berriak, adibidez, HIMANOX, garapen teknologikoaren alderdi sozialekin lotura handia dutenak. Izan ere, nanopartikulek eta nanomaterialek osasunean zer eragin duten jakitea ezinbesteko urrats bat da oinarri nanoteknologikoa duten produktuak saltzen eta eskala handian erabiltzen hasi aurretik.

Europako hainbat herrialdetako, eta Mexikoko eta Txinako, hainbat erakunde akademiko eta ikerketa-zentro ari dira parte hartzen HIMANOX proiektuan (Health Impact of Engineered Metal and Metal Oxide Nanoparticles: Response, Bioimaging and Distribution at Cellular and Body Level). Herrialde horien lankidetzaren bidez lortu nahi dute proiektuak mundu mailako dimentsioa hartzea; Europako nanoteknologiaren industriarentzat onuragarria izan liteke hori.

2,3 milioi euroko finantziazioa lortu dute HINAMOX proiekturako Europako Batasuneko VII Esparru Programaren “Osasuna, Babesa eta Ingurumen Inpaktua” deialdian. Hainbat ikerketa-lan egingo dituzte; besteak beste, nanopartikulak fabrikatu eta markatzaile fluoreszenteekin markatu, fabrikatutako nanopartikulak eta merkataritza-nanopartikulak fisikoki eta kimikoki karakterizatu, zelula nahiz bizidun mailan ikertu zer kontzentraziotan ageri diren eta zer banaketa duten partikulok, erantzun immunologikoa eta nanopartikulen eraginpean egoteak zer eragin duen ikertu, eta, azkenik, arriskuaren bukaerako balioztatzea egingo dute.

  • Oharrak:

    Informazio gehiago: Javier Urtasun; CIC biomaGUNEko komunikazioa urtasun@guk.es 637273728

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, CIC biomaGUNE
Javier Urtasun

Egilea: Javier Urtasun (Guk)

Laguntzailea: