#GaiNagusiak

Atun gorriak 1.000 metro baino gehiagoko sakoneratan ibil daitezke

Noiz argitaratua: 09/09/22 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak #Ingurumena
 Harrapatutako arraina

2008ko abuztuan Donostiatik 15 milia iparraldera AZTI-Tecnaliako zientzialariek markatu zuten atungorri bat aurten harrapatu du, abuztuaren 15ean, laketontzi batek, Bakiotik 88 milia iparraldera. Animaliak marka-artxibategi elektroniko bat zuen, eta, horri esker, jakin ahal izan dute, besteak beste, zer migrazio-mugimendu egin dituen eta zer sakoneratan ibili den batetik bestera. Tunidoak markatzeko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak sustatutako eta AZTI-Tecnaliak Nautikako eta Kirol Arrantzako Elkarteen Euskal Federazioarekin (FASNAPER) eta Donostiako eta Hondarribiko itsas klubekin lankidetzan egindako kanpainak emaitza arrakastatsua izan du, orain arte egindako kanpainek bezala. Markatutako arrainak berreskuratzeak aukera ematen du espezie horien migrazio-ohituren eta hainbat parametro biologikoren informazioa hobetzeko, eta, datu horiei esker, atungorri-stockaren egitura hobeki ezagutu daiteke, eta, hortaz, hobeki kudeatu.

AZTI-Tecnaliako ikertzaileen arabera, berreskuratutako markan jasotako lokalizazio geografikoko lehenengo kalkuluek adierazten dute, batetik, zimarroi horrek Azoreak eta Portugal artean egin dituela migrazioak neguan, eta, gero, udaberrian, Bizkaiko Golkora itzuli dela; eta, bestetik, 1.000 metro baino gehiagoko sakoneratan ibili dela neguan.

Atun-ale hori 2008ko abuztuaren 26an markatu zuten Bizkaiko Golkoan, 43º34’I eta 2º00’M posizioan; egun hartan, 89 zentimetro luze zen, eta 13,5 kilogramo inguruko pisua zuen. Harrapatu zutenean, berriz, 44º44’I eta 2º49’M posizioan zegoen, 22,3 kilogramoko pisua zuen eta 104 zentimetro luze zen. Kasu horretan, erabilitako marka Estatu Batuetako New Hampshire Unibertsitateak eman zion proiektuari, Atlantikoko Iparraldean atungorriaren ale gazteak markatzeko egindako elkarlanean. Arrantza, berriz, Hondarribiko eta Donostiako itsas kluben laguntzari esker egin zuten.

Ohiko markaketan, marka ikusgai bat jartzen dute arrainaren bizkarrean. Datu biologikoak, espezieari eta neurriari buruzkoak eta harrapaketaren datuak —data, ordua, posizioa eta itsasoaren egoera, besteak beste— hartutakoan, animaliak askatu egiten dituzte. Beste ontzi batek arraina berriz harrapatzen duenean, jasotako informazioa AZTI-Tecnaliara bidaltzen du, eta, han, berrarrapatze guztietan bildutakoekin batera aztertzen dute. Hala, hasierako eta bukaerako informazioa alderatzeak hainbat aldagai zehazten laguntzen du, hala nola arrainen hazkuntza eta migrazioa zehazten. Informazio hori oso interesgarria da zientzia- eta arrantza-sektoreentzat.

Kasu honetan, marka elektronikoak erabili zituzten; markok ebakuntza bidez jartzen zaizkio arrainari peritoneo-barrunbean, eta, aipatutakoez gain, tenperaturari, presioari eta argi-intentsitateari buruzko informazioa biltzen dute. Horrek aukera ematen du zehatz-mehatz jarraitzeko arraina zer ingurunetan egon den, eta kokapen geografikoa kalkulatzeko. Jasotako informazioa deskargatzeko, arraina osorik bidali behar da AZTI-Tecnaliara.

Ez da lehenengo aldia marka bat berreskuratu dutena. Hain zuzen, Tía Rosario ontziko tripulanteek —orain jasotako arrainari marka ezarri ziotenek— 2005eko uztailaren 25ean atungorri bat markatu zuten, eta arrain horrek Ozeano Atlantikoaz haraindiko migrazioa egin zuen: Massachussetsko (Estatu Batuetako) kostaldean harrapatu zuten 2007ko ekainaren 14an. Alea 68 zentimetro luze zen, eta 5,5 kilogramoko pisua zuen Kantauri itsasoan markatu zutenean, eta, handik 775 egunera, jaso zutenean, 114 zentimetro luze zen eta 30 kilogramoko pisua zuen. 3.330 itsas milia egin zituen arrainak; hau da, 6.000 kilometro inguru (lerro zuzenean neurtuta).

Tunidoak hil gabe arrantzatzeko eta markatzeko eta askatzeko kanpainak orain dela zazpi urte baino gehiago hasi ziren EAEn, Eusko Jaurlaritzaren bultzadaren eraginez lankidetza-hitzarmena zehaztu zenean EAEko Nautikako eta Kirol Arrantzako Elkarteen Euskal Federazioaren (FASNAPER) eta Itsas eta Elikadura Ikerketetan aditua den AZTI-Tecnalia zentro teknologikoaren artean. Harrezkero, 4.074 atuntxiki, zimarroi, moja eta lanpo markatu dituzte laketontziek, bai markatzeko eta askatzeko modalitatea duten lehiaketetan, bai laketontzien ohiko jardueran. Kirol-arrantzaleen elkarlan hori ezinbestekoa da animaliak markatzeko eta markatutakoak harrapatu dituztela jakinarazteko. Orain arte, 123 ontzik hartu dute parte kanpainotan.

Informazio osagarria

  • Harrapatutako arraina, AZTI-Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, AZTI-Tecnalia
Irantzu Zubiaur

Egilea: Irantzu Zubiaur (AZTI-Tecnalia )

Laguntzailea: