#GaiNagusiak

Iskemia-patologiei aurre egiteko bide bat aurkitu dute CIC bioGUNEko ikertzaileek

Noiz argitaratua: 09/08/03 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna

CIC bioGUNEko Biologia Zelularreko eta Zelula Amen Unitateko ikertzaileek eta Parisko Ikerketa Kardiobaskularren Zentroko talde batek (INSERM U970) ikerketa-lerro berri bat garatu dute terapia-bide berriak irekitzen dituena iskemia-patologiak, eta, oro har, gaixotasun kardiobaskularrak tratatzeko. 2005ean abiarazi zen proiektuak Bizkaia:Xederen eta Eusko Jaurlaritzaren Etortek programaren finantza-laguntza izan du, eta Circulation zientzia-aldizkarian argitaratu dute.

Ikerketan erabilitako estrategiak, HIF deritzon proteina aktibatzeak, iskemiaren ondorioz kaltetutako organoak birbaskularizatzea eta osatzea eragiten du; izan ere, odol-hodi jakin batetik odola ibiltzea eragozten duten buxadurek sortzen dituzte iskemiak. Buxadurak gorputz-adarren batean tronbosiak gertatzean, bihotzekoetan edo garuneko odol-hodietan ezbeharren bat gertatzean sortzen dira. Nabarmentzeko modukoa da gaixotasun kardiobaskularrak direla mundu osoan heriotza gehien eragiten dituzten gaitzak (Europako Batasunean heriotzen % 40 gaixotasun kardiobaskularrek eragiten dituzte; zenbakitan, urtean 2 milioi heriotza gertatzen dira horiengatik).

Oro har, odol-fluxu eskasaren eraginez oxigeno falta dutenean, zelulek HIF proteina aktibatzen dute. Iskemia-patologiaren bat duten pertsonetan, ordea, HIFa ez da behar bezainbeste aktibatzen.

Edurne Berra doktoreak, Biologia Zelularreko eta Zelula Amen Unitateko buruak, adierazi duenez, erabaki zuten iskemia emandakoan neurriz gain sortzea HIF proteina, terapia-aukera interesgarria izango zelakoan. Ikerketarako eredu gisa erabiltzeko, sagu baten hankan eragin zuten iskemia, izter-arteria lotuta. Hau da, izter-arteria itxi zioten saguari. Odol-fluxurik ez egotearen ondorioz, saguaren hanka nekrosatu egingo litzateke, eta, denbora-tarte baten buruan, hil egingo litzateke.

Ikerketaren helburua izan zen izter-arteria itxitakoan kanpotik laguntzea, HIF proteina produzitzeko. Eta ikusi zuten horrela saguaren hanka birbaskularizatu egiten zela, eta ez zela endekapen-prozesuan sartzen.

Nola lortzen da HIF kantitate handian sortzea? Organismoak degradatu egiten du HIF proteina beharrezko ez duenean, eta degradazio hori PHD deritzen entzimek erregulatzen dute.

Entzimek, zehazki, HIF proteina hidroxilatu egiten dute, eta hidroxilazio horren ondorioz degradatzen da proteina. Beraz, PHD entzimak inhibituta, ezin da HIFrik degradatu, eta hala pilatzen da. Berra doktoreak azaldu du PHDak inhibitzeko siRNAren bitartez isildu dituztela.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, CIC bioGUNE
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, ingelesa, CIC bioGUNE
Javier Urtasun

Egilea: Javier Urtasun (Guk)

Laguntzailea: