#GaiNagusiak

Ikerketa-lan bat egin dute batera CIC bioGUNEk eta Columbia Unibertsitateak gaixotasun genetikoak eragiten dituen entzima bati buruz

Noiz argitaratua: 09/08/03 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak

CIC bioGUNEko Egiturazko Biologiako Unitateko eta Columbia Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek ikerketa bat egin dute elkarlanean, eta Structure zientzia-aldizkarian argitaratu dute, soluzioan dagoenean (egoera “naturalean”) pirubato karboxilasa entzimak duen egiturari buruzko ezagutza sakontzeko.

Pirubato karboxilasa entzima metaboliko bat da, eta funtsezko betebeharra du gantz-azidoen (gantzaren osagai batzuk) eta azukreen metabolismoan. Bere funtzioa ez duenean behar bezala betetzen (adibidez, entzimaren genean mutazioren bat dagoenean), jatorri genetikoa duten hainbat gaixotasun metaboliko agertzen dira, hala nola azidemia laktikoa, hipogluzemia eta atzerapen psikomotorra. Halaber, metabolismoaren bidegurutze batean dagoenez, pirubato karboxilasa obesitatea eta diabetesa tratatzeko itu izan daiteke.

Egindako ikerketan lehenengo aldiz aurkeztu dute zein den entzimaren egitura kondizio fisiologikoetan, eta argitu egin dute aurreko ereduen artetik zein den zuzena.

Mikel Vallek, CIC bioGUNEko Egiturazko Biologiako Unitateko ikertzaileak, adierazi du aurkeztutako hori CIC bioGUNEn egiten ari diren asmo handiagoko ikerketa baten hasiera dela, pirubato karboxilasaren funtzionamendua deskribatzea helburu duena. Horretarako, behatu egingo dute zer egitura duen entzimak funtzionamendu-ziklo osoan zehar, eta, hala, espero dute deskribatzea zer egitura duen bere funtzioa betetzeko ematen dituen urrats guztietan.

Ikerketa New York Egiturazko Biologiarako Zentroan (NYSBC) egin dute; 2002an sortu zuten egiturazko biologia ikertzeko zentroa, eta ekipamendu aurreratuenak ditu EMNn, mikroskopia elektronikoan eta X izpien bidezko kristalografian (CIC bioGUNEko Egiturazko Biologiako Unitateak bezala). Elkarlanean egindako ikerketa-proiektuan, NYSBCn X izpien bidezko kristalografiaren zatiaz arduratu dira, eta CIC bioGUNEko Egiturazko Biologiako Unitateak, berriz, mikroskopia elektronikoari zegokion zatia egin du.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, CIC bioGUNE
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, ingelesa, CIC bioGUNE
Javier Urtasun

Egilea: Javier Urtasun (Guk)

Laguntzailea: