#GaiNagusiak

UPV/EHUko eta AEBko MITeko ikertzaileek forma-memoria duten aleazioen ultraindargabetzea aurkitu dute

Noiz argitaratua: 09/07/30 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Fisika, Kimika eta Matematika #Teknologia

José María San Juan, Metalurgia Fisikoko katedraduna, UPV/EHUko eta AEBko MITeko (Massachusetts Institute of Technology) ikertzaileek osatutako ikertzaile-taldearen burua izan da. Frogatu dutenez, forma-memoria duten kobre, aluminio eta nikelezko aleazioek indargabetze-indize handiagoa dute nanotamainetan dimentsio makroskopikoetan baino. Milisegundo gutxiren buruan, aleazio horiek ultraindargabetze altuko propietate bikainak lortzen dituzte. Horrela, sentsore eta detektoreen nanoeskala mailako bibrazio nahiz talkak ezabatzeko primerako materialak bihurtzen dira.

Ezaugarri horrek hainbat aplikazio praktiko ditu. Esaterako, autoetan blokeoaren kontrako sistema (ABS) are zehatzagoak eta iraunkorragoak garatzeko aukera emango du, eta zentrifugazio egonkorragoa eta isilagoa duten garbigailuak ere lortu ahalko dira. Biomedikuntza, aeronautika eta robotika bezalako diziplinetan, forma-memoria duten materialek ezarpen zabalak dituzte. Eremu horietan aplikatu ahal izateko mikrosentsore eta mikrogailu sentikorragoak sortzeko aukera ere izango da.

Tenperatura-aldaketak jasan ondoren, forma-memoria duten aleazioek hasieran zuten formara bueltatzeko gaitasuna dute. Prozesu horretan, bi fase bereizten dira: batetik, austenita deiturikoa eta, bestetik, martensita. Forma-memoria duten materialek energia mekaniko kantitate handiak xahutu ditzakete, eta, beraz, indargabetze-ezaugarrien sortzaileak dira.

Nature Nanotechnology

Nature Nanotechnology munduko argitalpenik garrantzitsuena da bere espezialitatean, eta UPV/EHUko San Juan katedradunak zuzendutako nazioarteko ikertaldearen aurkikuntza argitaratu du. Lanaren izenburua hauxe da: “Nanoscale shape-memory alloys for ultrahigh mechanical damping” eta aldizkariaren azken alean agertzen da. Aldizkari honen eragin-faktorea 20,571koa da, hots, aldizkarian argitaratzen diren ikerlanek zientifikoki nahiz teknologikoki garrantzi handia dute. Hori dela eta, lanek nazioartean oihartzun izugarria lortzen dute. San Juan katedradunaren artikulua dagoeneko aipatu dute Materials Today argitalpen espezializatuan.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, euskara, UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: