#GaiNagusiak

Lurzoruaren produktibitatea eta osasuna batzen dituzten ordezko nekazaritza-jarduerak

Noiz argitaratua: 09/07/24 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak

Nekazaritza- eta abeltzaintza-lurren etengabeko degradazioa ingurumenari eta gizarteari loturiko arazo larria da. Izan ere, munduko biztanleria hazten ari denez, guztion elikadura-segurtasuna arriskuan jar dezake. Horregatik, Neiker-Tecnalia Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak ordezko nekazaritza-jarduerak ikertzen eta diseinatzen dihardu, betiere lurzoruen produktibitatea eta osasuna kontuan hartuz.

Egindako ikerketetatik nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektorerako ondorio interesgarriak atera dituzte. Izan ere, Neiker-Tecnalia zentro teknologikoak egiaztatu du mendiko larre estentsiboetarako kareharria aukera bideragarria izan daitekeela, kare biziaren aldean. Izan ere, neurrizko dosietan, produktu biek lurzoruaren azidotasuna murrizten dute neurri batean, eta lurzoruaren aktibitate biologikoa, belar-kantitatea eta belarraren kalitatea handitzen dituzte. Bestalde, ez dituzte flora-konposizioan aldaketa esanguratsuak sumatu material horiek aplikatutako larreetan, urtebete igaro ostean.

Bazka-txandakatze intentsiboei dagokienez, ikusi dute ekoizpen-kostuak murriztu egiten direla ongarri organiko gisa behien minda erabiliz, lugorri uztearen teknika erabiliz eta neguan lekadunak ereinez, ongarriztapen mineralarekin, ohiko laborantzarekin eta landare gramineoen monolaborantzarekin alderatuta, hurrenez hurren. Ondorioz, ustiategien etekin ekonomikoa hobetzen dute. Gainera, behien mindarekin, batez ere lugorri uztearekin batera erabiltzen direnean, lurzoruko mikroorganismoen aktibitatea eta dibertsitate funtzionala handitzen dituzte, baita zizare-kopurua ere. Hala ere, lugorri uzteak trinkotze-arazoak sor ditzake, bigarren urtetik aurrera, ehundura fineko lurzoruetan.

Halaber, Neiker-Tecnaliak bazka-landareekin beste ikerketa bat egin du, eta ikertzaileek ikusi dute glifosatoak, normalean nekazaritzan erabiltzen diren dosian erabilita, organismo edafikoen, eta batik bat errizosferako mikroorganismoen, dibertsitate funtzionala aldarazten duela. Horren harira, esan liteke dibertsitate funtzionalarekin eta katabolikoarekin erlazionaturiko neurketak sentikorragoak direla glifosatoarekiko, egiturarekin eta genetikarekin loturikoak baino.

Ikerketa horietan oinarrituta ondoriozta daiteke biomasa, nitrogeno mineralizagarria, aktibitatea eta dibertsitate funtzionala eta zizare-kopurua nekazaritza-jarduerek lurzoruan eragiten dituzten aldaketekiko oso sentikorrak direla, eta horrelako aldaketen aurrean azkar erantzuteko gaitasuna dutela. Horregatik, ezinbesteko osagaiak dira ordezko nekazaritza-jarduerak aztertzeko eta uzta oparoa eskainiko duen eta lurzorua zainduko duen nekazaritza-eredu jasangarriagoa garatzeko.

  • Oharrak:

    Informazio gehiago: Pablo Melchor MBN Comunicación 944 356 330 pablomelchor@grupombn.com

  • Interneteko helbidea:

    www.tecnalia.es

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Tecnalia
Pablo Melchor

Egilea: Pablo Melchor (MBN Comunicación, S.A.)

Laguntzailea: