#GaiNagusiak

Ebakitako hanketarako protesiak hobetzeko neurrira egindako konponbideak

Noiz argitaratua: 09/07/17 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna
 Ebakitako hanketarako protesia

TECNALIA Korporazio Teknologikoak eta Valentziako Biomekanika Institutuak (IBV) neurrira egindako konponbideak diseinatu dituzte ebakitako hanketarako protesien egokitzapena hobetzeko. Izan ere, hori da osasun-arloko biomaterial berrien FABIO proiektuaren helburu nagusia. Proiektu horrek Espainiako Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren laguntza du.

FABIO proiektuak gaixoen bizi-kalitatea hobetzeko beharrezkoak diren inplanteen eta elementuen diseinu- eta ekoizpen-kate osoa hartu nahi du kontuan. Horretarako, proiektuak prozesu osoaren jarraipena egingo du: gaixoen datuak biltzearena, ebakuntzarena eta protesia ezartzearena.

FABIOren helburua da produktu horiek ekoizten dituzten enpresentzako prozesu onargarri bat lortzea, emaitzen kalitateari dagokionez nahiz horien funtzionaltasunari eta kostu ekonomiko eta denbora-kostuei dagokienez. Modu horretan, litekeena da aurrerakuntza guztiak hiru edo lau urteren buruan merkatuan izatea.

Proiektu horretan, TECNALIAko Osasun Unitatearen lana da zenbait biomaterialen azterketa egitea osasun-arloko produktuak ekoizpen-teknologia azkarren bidez lortu ahal izateko. Egungo materialen egitura, mekanika, fisika, funtzionaltasuna eta biobideragarritasuna hobetu nahi dituzte, material berri horiek giza gorputzeko material naturalen antzeko ezaugarriak izan ditzaten. Material berri horiek laborategian, fabrikazioan eta zerbitzuetan nabarmenduko dira.

Proiektua 2007an hasi zuten, eta dagoeneko fabrikatu eta ebaluatu dute produktu berri bat. Hain zuzen, ebakitako hanka bat duen gaixo batentzako neurrira egindako protesi batentzako ahokadura bat diseinatzeko aukera aztertzen dihardute.

Ebakitzean, ebakuntza bidez gorputz-atal bat edo zati bat galtzen da. Ebakitze horiek lesio, gaixotasun edo ebakuntza kirurgiko baten ondorio izaten dira gehienetan. Beheko gorputz-adarren ebakitzeak (ebakitze guztien % 85, hain zuzen ere) nagusiki gaixotasun baskular periferikoengatik egiten dira. Traumek eragindakoak ere izan daitezke (beheko gorputz-adarren ebakitzeen % 10-12).

Mendebaldeko herrialde garatuetan, beheko gorputz-adarren 17,1 ebakitze egiten dira 100.000 biztanleko; Espainian, berriz, beheko gorputz-adarren 5.000 ebakitze egiten dira urtero.

Gaur egun, beheko gorputz-adarren bat ebakita duten pertsonen kopurua etengabe handitzen ari da. Izan ere biztanleria geroz eta zaharragoa da, eta gaixotasun baskular periferikoaren prebalentzia handitzen ari da.

Ebakitzeek, mugikortasuna galtzea ez ezik, trauma psikologiko ikaragarria eragiten dute gaixoetan. Izan ere, gaixoa beldur da gainerako pertsonek onartuko ez ote duten. Gainera, gorputz-atal bat galtzean, gaixoak bere buruaz duen irudia aldatzen da, eta horrek bere autoestimua gutxitzea eragin lezake.

Proiektuko bazkideen esanean, protesia gaixoaren hankara lotzen duen ahokadura pertsonalizatua diseinatu dute ordenagailu bidez. Horretarako, gaixoaren hankaondoaren geometria aztertzen dute laser bidezko eskaner batekin. Eskanerrean lortutako emaitzei esker, gaixoaren hankaondora egokitzen den ahokadura bat fabrika daiteke, erretxina biobateragarrien bidez.

Ahokadura pertsonalizatu horrek behar bezala gainditu ditu ahokatze-probak. Laster, erresistentzia mekanikoa neurtuko dute, indarrean den araudiaren arabera.

FABIO proiektuan gauzatu den lehenengo garapenak ebakitzea izan duen gaixoaren errehabilitazio-prozesua eta arreta hobetu ditzake, kostuak eta denborak murriztuko baititu. Izan ere, ez dira gaixoarentzako igeltsu-moldeak eta azken orduko ahokatzeak egin beharko. Halaber, gaixoak gutxiagotan joan beharko du ortopediara.

  • Oharrak:

    Informazio gehiago: Germán Lasa INASMET-Tecnalia glasa@inasmet.es

  • Interneteko helbidea:

    www.tecnalia.es

Informazio osagarria

  • Ebakitako hanketarako protesia, Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Tecnalia
Pablo Melchor

Egilea: Pablo Melchor (MBN Comunicación, S.A.)

Laguntzailea: