#GaiNagusiak

Mikroalgak ordezko energia-iturri gisa

Noiz argitaratua: 09/07/01 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Ingurumena

Jakina denez, gaur egun eztabaida handia dago nekazaritza-laboreak energia-iturri gisa erabiltzearen inguruan; batik bat, elikadurarako laboreekin egon litekeen lehiakortasuna dela eta. Bioerregaiak ekoizteko ohiko laboreen ordez jatorri organikoko iturriak erabiltzea izan liteke egun sektore horretan dagoen eztabaida argitzeko modua.

Ondorioz, ezinbestekoa da ohiko laboreak ordezkatuko dituzten ordezko baliabideak aurkitzea, hala nola biomasa lignozelulosikoa edota mikroorganismoak —besteak beste, mikroalgak—. Hain zuzen, mikroalgen ekoizpen masiboak ase ditzake behar horiek. Izan ere, ez da elikagai-industriarekin lehiatzen, ez du azalera handirik ez lursail emankorrik behar, eta ura nabarmen aurrezten du. Halaber, onuragarria da ingurumenarentzat, CO2-a xurgatzen baitu eta industria-efluente gaziak erabiltzeko aukera eskaintzen baitu.

TECNALIAko Energia Unitateak mikroalgen hazkuntza masiboaren potentzialtasuna ikertzen dihardu, jatorrien hautaketan, hazkuntza-sistemen optimizazioan (irekiak, itxiak eta mistoak) nahiz aldagai batzuen optimizazioan, uzta biltzean eta mikroalgen tratamenduan egiten ari diren lanekin. Halaber, prozesuaren alderdi sinergikoak aztertzen dituzte, hala nola CO2-aren harrapaketa algen elikagai gisa, industria-efluente gazien erabilera eta azpiproduktuen balorizazioa.

Funtsean, mikroalgak masiboki ustiatu nahi dituzte biomasen edota bioolioen aitzindari gisa. Horretarako, zenbait alderdi teknologiko garatu behar dira, hala nola genomika eta jatorri emankorren eta kanpoko eragileekiko erresistentzia handia dutenen hautaketa; mikroalgen hazkuntzarako, hazkuntza-ingurune eta elikagai egokiak aztertu behar dira, eta, batik bat, CO2-aren papera; hazkuntza-sistema irekiak (raceways) edo itxiak (fotobioerreaktoreak) edo mistoak (raceways eta negutegiak) erabili behar dira, ekoizpen handiak lortzeko. Aldi berean, horiek guztiak lortzeko, hobekuntzak egin behar dira teknologietan, mikroalgak bolumen handiko ingurune likidotan ekoizteko, eta biomasa lehorra edo mikroalgetatik erauzitako bioolioa zentzuzko preziotan lortzeko. Horiek energia edota bioerregai gisa erabiltzea litzateke ondoren helburua.

Mikroalgak eta horiek energia-iturri gisa erabiltzea ikerketa-fasean dagoen alorra da oraindik ere, baina etorkizunean aukera interesgarriak izan ditzake. Orain arte, prozesua ez dago erabat garatuta sektoreko industriek ustiatu ahal izateko. Bestalde, haren bideragarritasuna ez dago egoki egiaztatuta, nahiz eta zenbait enpresak iragartzen duten gutxiengo babes teknologikorik gabe. Azterketa sakonagoak egin behar dira, eta laborea eskala handian ekoitzi behar da haren bideragarritasuna aztertu eta energiaren esparruan erabili ahal izateko. Orain arteko ikerketetan, prozesu bideragarriak garatzen eta industriarako interesgarriak izan daitezkeen aplikazio posibleak aztertzen aritu dira.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Tecnalia
Pablo Melchor

Egilea: Pablo Melchor (MBN Comunicación, S.A.)

Laguntzailea: