#GaiNagusiak

Zelula-terapia egiteko estrategia berriak infartua izan duten bihotzak beren onera ekartzeko

Noiz argitaratua: 09/05/20 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna #Teknologia

Ikerketa Mediko Aplikatuaren Zentroan (CIMA) eta Nafarroako Unibertsitatea Klinikan egindako ikerketa batean frogatu dute hezur-muinetik eta ehun adiposotik eratorritako zelula amek hobetu egiten dutela infartua izandako bihotzaren funtzioa animalia-ereduetan. Ikertzaile nagusiak, Manuel Mazo biokimikariak, azaldu du hezur-muinetik hartutako zelulek kaltetutako ehunean jarduten dutela, eta gantz-zelulak gai direla odol-hodi nahiz bihotz-zelula bilakatzeko, eta, gainera, arratoietan lortutako emaitzek denbora luzea iraun dutela.

Pertsona batek infartu bat izaten duenean, buxatu egiten zaio bihotza irrigatzen duen arteria. Kaltetutako eremua hil egiten da, eta gelditzen den orbaina ez da uzkurtzen. Ikertzaileak azaldutakoaren arabera, oso arazo larria da, muskulu kardiakoa ez baita leheneratzen, eta horrek eragin nabarmena du bihotzaren jarduera-gaitasunean; gerta daiteke azkenean bihotzak huts egitea.

Gaixotasun kardiobaskularrek eragindako heriotza-tasa

Infartua da mundu mailan intzidentzia handiena duen patologietako bat. Hain zuzen, Europako heriotzen % 50 baino gehiago gaixotasun kardiobaskularrek eragiten dituzte, oro har, Munduko Osasun Erakundearen arabera.

Orain dela hamar urte hasi ziren aztertzen gene- eta zelula-terapia berriak, bihotzeko orbainean zelulak sartzeko eta bihotza bere onera ekartzeko. Manuel Mazo doktorearen ustez, CIMAn lortutako datuek iradokitzen dute erabilitako prozedurak potentzial handia duela klinikoki erabiltzeko. Horretarako, animalia-ereduetan eta hainbat zentrok batera egindako entsegu klinikoetan dagoeneko lortzen ari diren emaitzak hobetu behar dituzte. Ildo horretatik, zelula-terapia eta bioingeniaritza konbinatzeko lanak egingo dituzte, funtsean, etorkizuneko ikerketetan, eta, hala, genetikoki eraldatutako zelulak lortu ahal izango dituzte, bihotzeko kondizio kaltegarrietan bizirik iraungo dutenak.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, CIMA
Laura Juampérez

Egilea: Laura Juampérez (Universidad de Navarra)

Laguntzailea: