#GaiNagusiak

Grelina hormonaren jarduerak jateko gogoa piztea eta sabelean gantza pilatzea eragiten du

Noiz argitaratua: 09/05/20 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna
 Ikertzaile-taldea

Grelina hormonak, garuna estimulatuz jateko gogoa handitzeaz gainera, lipidoak erraietako gantzean metatzea eragiten du, alegia, sabelaldean dagoen gantzean, gantz kaltegarrientzat jotzen den horretan. Hori ondorioztatu dute Nafarroako Unibertsitatea Klinikako Ikerketa Metabolikoen Laborategian egindako eta International Journal of Obesity zientzia-aldizkarian argitaratutako ikerketa batean.

Urdailean ekoizten da grelina hormona, eta haren funtzioa da garunari jakinaraztea gorputza elikatu behar duela. Hala, hormonaren maila handiagoa da jan aurretik eta txikiagoa ondoren. Orain arte gauza jakina zen eragin handia duela loditzean: jateko gogoa pizten duenez, gorputz-pisua handitzea bultzatzen du, azaldu du Amaia Rodriguez Murueta-Goyena biologian doktore eta ikerketaren ikertzaile nagusiak.

Nafarroako Unibertsitatea Klinikako ikertzaileek aurkitu dute hipotalamoa estimulatzeaz eta gosea pizteaz gainera grelinak gantzean eragiten duela: ikusi dute erraietako gantzean lipidoak pilatzea eragiten duela hormonak. Hain zuzen, lipidoak atxikitzen parte hartzen duten gantzen geneak neurriz gain espresatzea eragiten du, Amaia Rodriguezek zehaztu duenez.

Sabelaldean pilatzen den gantza jotzen da kaltegarrientzat, erraietako loditasuna hipertentsioarekin eta 2 motako diabetesarekin elkartuta dagoelako, eta horiekin lotuta hainbat erikortasun agertzen direlako. Ikertzaileak argitu du, gainera, sabelaren alde horrek eta gibelak elkar ukitzen dutenez, erraietako gantzak gibel gantzatsua eratzea bultzatzen duela, eta handitu egiten duela intsulinarekiko erresistentzia garatzeko arriskua. Hipertentsioarekin, triglizerido-maila altuekin, intsulinarekiko erresistentziarekin eta hiperkolesterolemiarekin lotuta dagoenez, erraietako gantzak sindrome metabolikoa agertzea bultzatzen du normalean.

Amaia Rodriguezek azaldutakoaren arabera, grelina azilatuta edo azilatu gabe egon daiteke; azilatutako formak besteak ez duen azido oktaniko bat du. Lehen uste zuten azilatutako formak bakarrik esku hartzen zuela loditze-prozesuan, baina hainbat ikerketak frogatu dute bi hormonak direla funtzionalak biologikoki.

Etorkizunean botikak garatzea

Grelinak gorputzean duen eragin bikoitza aurkitzeak ateak ireki dizkie loditasunaren kontrako etorkizuneko tratamenduei; dena den, Klinikako ikertzaileak argitu duenez, oraingoz, in vitro ikerketak baino ez dira egiten zelula- eta animalia-ereduekin. Beharrezkoa da hormonaren funtzionamenduaren ikuspegi orokorra izatea botika eraginkorrak diseinatu ahal izateko. Hormona askok kontrolatzen dute jateko gogoa hipotalamoan, eta, aldi berean, beste organo batzuetan eragiten dute, hala nola gibelean, giharretan edo gantzean. Beraz, garatuko diren botikek grelinaren jarduera blokeatu beharko dute, bai hipotalamoan duena, eta bai sabeleko gantza metatzean duena.

Halaber, Amaia Rodriguezek gaineratu du gauza jakina dela hormonak gibelari ere eragiten diola, eta giharrek glukosa bereganatzea bultzatzen duela. Ikusi dute azilatutako grelinak odolean duen kontzentrazioa handiagoa dela pertsona gizenetan, eta, bereziki, diabetesa dutenetan. Hala, diabetesa duten pertsona lodiek joera handiagoa dute erraietako gantza pilatzeko glukosa-maila normala duten gizenek baino. Hala ere, oso ikerketa gutxi egin dira alor horretan, eta gehiago egin beharko lirateke grelinaren jarduera deuseztatuko duten botikak garatzeko.

Odol-analisiak eta adipozitoak estimulatzea

Nafarroako Unibertsitatea Klinikako Ikerketa Metabolikoen Laborategian egindako ikerketan, besteak beste, 80 pazienteri —taldean paziente lodiak eta argalak zeuden— odol-analisia egin zieten, eta ebakuntzetan lortutako gantz-zelulak grelinarekin estimulatu zituzten. Ikertzaileak azaldu du lehenik odoleko grelina-mailak aztertu zituztela. Gero, ebakuntzak egin behar izan zituzten: beste 24 pazienteri erraietatik ateratako gantzaren biopsia egin, adipozitoak edo gantz-zelulak bereizi, eta hormonarekin estimulatu zituzten. Horri esker, ikusi ahal izan dute zer aldaketa gertatzen diren bakartutako adipozito horiei lipidoak pilatzea eragiten dieten geneetan.

Informazio osagarria

  • Ikertzaile-taldea, Clínica Universidad de Navarra
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Clínica Universidad de Navarra
Jesús Zorrilla Ruiz

Egilea: Jesús Zorrilla Ruiz (Clínica Universidad de Navarra)

Laguntzailea: