#GaiNagusiak

Egunean bi baso ardo edateak gibeleko gantza gutxitzen laguntzen du

Noiz argitaratua: 09/05/12 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Osasuna
 Elizabeth Hijona Muruamendiaraz.

UPV/EHUko ikertzaile batek esteatosi sinple ez alkoholikoa duten arratoietan erresberatrolak —ardoan eta zenbait fruitutan dagoen landare-jatorriko molekula batek— duen eragina aztertu du. Gaixotasun hori gibelean gantza metatzean sortzen da, metatzea alkoholaren ondorioa ez denean.

Tesiaren egilea Elizabeth Hijona Muruamendiaraz da (Lazkao, 1981), Biokimikan lizentziaduna eta Dietetika eta Elikaduran espezializatua. Tesiaren izenburua da Efecto del resveratrol sobre la esteatosis hepática simple no alcohólica en un modelo murino (Erresberatrolaren eragina gibel-esteatosi sinple ez alkoholikoan, murinoen subfamiliako eredu batean). Tesiaren zuzendaria Luis Bujanda Fernández de Piérola izan da, UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Fisiologia sailekoa. Gaur egun, Elizabeth Hijona ikertzaile-lanetan ari da Donostia Ospitaleko Digestio Aparatuaren lerroan.

Landare-jatorriko molekula

Erresberatrola antioxidatzailea da, eta hainbat landaretan dago: mahatsa, intxaurrak, kakahueteak, eta abar. Tesiaren helburua izan da erresberatrolak arratoietan esteatosia arintzen duen aztertzea.

Horretarako, arratoien hiru talde aztertu dira. Lehenengoak, kontrol-taldeak, jateko eta edateko askatasuna izan du. Bigarren taldeko arratoiek esteatosia dute, eta karbohidrato askoko eta lipidorik gabeko dieta bat izan dute; gainera, baraualdiak izan dituzte. Azken taldeko arratoiek eta dietak bigarren taldekoen ezaugarri berak dituzte, baina egunero 10 mg erresberatrol eman zaizkie talde horretako arratoiei.

Lau asteren ostean, hiru taldeetako arratoien gibel-eta odol-laginak aztertu dira. Hala ikusi du ikertzaileak hirugarren taldeko arratoiek, alegia, erresberatrola hartu dutenek, gantzaren infiltrazio txikiagoa dutela gibelean, bigarren taldeko arratoiek baino. Analisi horren eta beste batzuen ondoren, ikertzaileak ondorioztatu du erresberatrolak esteatosiaren larritasuna arintzen duela arratoietan. Izan ere, kaltetutako gibel-zelulen portzentajea askoz txikiagoa da erresberatrola hartu duten animalietan hartu ez duten animalietan baino.

Zelulen oxidazioa

Horrez gain, Elizabeth Hijonak ikusi ahal izan du arratoiei erresberatrola ematen zaienean oxidazioa bultzatzen duten sustantzien ekoizpena jaitsi egiten dela. Aldiz, gibelaren oxidazioaren kontrako sustantzia naturalak hobeto mantentzen dira. Horregatik, ikertzaileak ondorioztatu du erresberatrolak oxidazioa bultzatzen duten eta murrizten duten sustantzien arteko oreka mantentzen laguntzen duela.

Azkenik, erresberatrola hartzeak gibeleko Kupffer zelulen kopurua murrizten du —zelula horiek gibeleko esteatosi ez alkoholikoaren eboluzioarekin zerikusia dute—. Hala, erresberatrolak fibrosia bezalako gibeleko gaitzak saihesten lagundu lezake.

Elikadura-ohiturak

Ikertzailearen ustez, ikerketaren ondorioek elikadura-ohiturekin adi ibili behar dugula adierazten dute. Izan ere, baraualdiak aldatzen badira, dieta karbohidratoetan aberatsa egiten den bitartean, gibeleko alterazio larriak eragin daitezke. Erresberatrola bezalako antioxidatzaile naturalak hartzeak —bi baso ardo egunean, adibidez— gibeleko gantza nabarmen gutxitzen laguntzen du.

Informazio osagarria

  • Elizabeth Hijona Muruamendiaraz., Elizabeth Hijona Muruamendiaraz
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: