#GaiNagusiak

Hegazkinen hegoen diseinua hobetzeko software bat

Noiz argitaratua: 09/04/29 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Informatika #Teknologia

TECNALIA eta AERNNOVA elkarteek elkarlanean dihardute ICARO proiektuan, MDO (Multidisciplinary Optimization – Disziplina anitzeko optimizazioa) softwarea garatzen. Software horren helburua da hegazkinen hegoen diseinua optimizatzea, eta, hala, diseinuaren aldagai nagusiak murriztea, hala nola ekoizpen-kostua eta pisua.

ICARO proiektuaren helburua da egitura aeronautiko berriak garatzea konposite eraginkor, berritzaile eta bereiziekin. Konposite horiek etorkizuneko aeronautika-programek finkatzen dituzten eskakizunak bete beharko dituzte. Aireontziaren atzealdeko sekzioak optimizatzeko etorkizuneko teknologien garapenean duen esperientzia jarriko du TECNALIAk proiektu horretan.

Dena den, aireontzien egiturak garatzea lan konplexua da, eta hainbat zailtasun ditu. Horiei guztiei aurre egin behar zaie. Zailtasun horietako bat da hegazkinen hegoen diseinu-prozesua konplexua dela. Izan ere, faktore asko izan behar dira kontuan, besteak beste, karga mekanikoak, bibrazioak, aeroelastizitatea, fluidoen dinamika, tenperatura, bideragarritasuna eta kostuak.

Egoera horren aurrean, ez da erraza hegoen diseinu optimo bat lortzea. Horregatik, software bat behar da. Faktore horiek guztiak kontuan hartzen dituen eta konponbideak aurkitzen lagun dezakeen software bat, hain zuzen ere. Halaber, software horrek diseinuaren aldagai nagusiak, hala nola hegoaren kostua eta pisua, murrizten lagundu beharko du. Horretarako, MDO softwarea garatzen dihardute TECNALIAk eta AERNNOVAk.

Software horren helburua da tenperaturak eta bero-fluxuak kalkulatzea hegazkinek lan egin dezaketen egoera ezberdinetan: lurrean gelditzean, igotzen ari denean, hegaldian zehar eta lurreratzean. Softwareak egiturak jasan ditzakeen maximoekin eta minimoekin alderatzen ditu kalkulatutako tenperatura eta fluxu horiek, eta erabakitzen du proposatutako diseinua egokia den edo ez. Kalkulu-prozesu hori hainbat aldiz errepikatzen dute, automatikoki, diseinuaren aldagaiak, hau da, pisua eta kostua, murriztea lortzen duten diseinu apropos bat aurkitu artean.

Diferentzia finituen metodoa erabiltzen dute. Tenperaturak kalkulatzeko zenbakizko metodo bat da, eta materialen ezaugarriak, hegoaren geometria eta jasan behar dituen karga termikoak, hala nola eguzki-erradiazioa edo motorren beroa, hartzen ditu kontuan.

  • Oharrak:

    Informazio gehiago: Germán Lasa INASMET-Tecnalia Tel: 943 003700 E-mail: glasa@inasmet.es

  • Interneteko helbidea:

    www.tecnalia.info

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Tecnalia
Pablo Melchor

Egilea: Pablo Melchor (MBN Comunicación, S.A.)

Laguntzailea: