#GaiNagusiak

Bihotz-gutxiegitasuna izateko arriskua areagotzen duen molekula bat identifikatu dute

Noiz argitaratua: 09/04/24 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna
 Ikertzaile-taldea

Bihotz-gutxiegitasuna garatzeko prozesuan funtsezkoa den entzima bat identifikatu du Nafarroako Unibertsitateko Ikerketa Mediko Aplikatuaren Zentroko (CIMA) ikertzaile-talde batek. Zehazki, bihotz-gaixotasun kronikoak dituzten pazienteen bihotzean zuntz-ehuna metatzen parte hartzen du entzimak, baita bihotzaren funtzioa hondatzen ere.

Lana Hypertension aldizkarian argitaratu dute, eta Hipertentsioaren eta Gaixotasun Kardiobaskularren Bikaintasun Sare Europarraren proiektu baten zati bat da; proiektuan, Belgikako, Herbehereetako, Italiako, Britainia Handiko, Frantziako, Alemaniako, Finlandiako eta Poloniako zenbait ikerketa-talde ari dira parte hartzen. Halaber, proiektua Gaixotasun Kardiobaskularrak Ikertzeko Sare Espainiarraren parte da.

Espainian 45 urtetik gorako 1.250.000 lagun baino gehiago daude bihotz-gutxiegitasunak jota. Horien erdiek baino gehiagok bost urtetik beherako bizi-itxaropena dute. Frogatuta dago bihotzean fibrosia metatzeak eragin erabakitzailea duela bihotz-gutxiegitasuna garatzen, bihotzeko gaixotasun kronikoak dituzten pazienteetan.

Kardiopatiek jotako pazienteak tratatzeko bide berriak

CIMAren ikerketak lisil oxidasa entzimaren espresioa aztertu du, miokardioaren zuntz-ehunaren kantitatea erregulatzen duen entzimarena. Ikerketaren ikertzaile nagusiak, Begoña López doktoreak, azaldu duenez, metodo molekularren eta histologikoen bitartez, ikusi dute bihotz-gutxiegitasunak jotako pazienteen miokardioak neurriz gain dituela entzima hori eta entzimak sortzen duen kolageno-zuntza. Faktore horiek lotuta daude bihotzaren funtzioa hondatzearekin.

Ikertzaileen arabera, ikerketak frogatu du gaur egun bihotz-gutxiegitasunak jotako pazienteentzat erabiltzen diren botika batzuek ez dutela lisil oxidasa entzima inhibitzen, eta, gainera, ez dutela fibrosia gutxitzen, ezta bihotzaren funtzioa hobetzen ere. Erabilera hain zabala ez duten botika batzuek, aldiz, badituzte propietate onuragarri horiek. Egindako lanak bide berriak ireki ditu kardiopatiaren batek jotako pazienteak tratatzeko, aipatutako entzimaren inhibizioan oinarrituta. Hala, bihotz-gutxiegitasuna garatzea saihestuko lukete, dio Begoña Lópezek.

Informazio osagarria

  • Ikertzaile-taldea, CIMA
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, CIMA
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, ingelesa, CIMA
Laura Juampérez

Egilea: Laura Juampérez (Universidad de Navarra)

Laguntzailea: