#GaiNagusiak

Etxe adimendunetako konpainia-robotak, adineko pertsonek bizi-kalitate hobea izateko

Noiz argitaratua: 09/04/15 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna #Teknologia

Tecnaliako Osasuna eta Bizi-kalitatea unitateak Companionable proiektuan parte hartzen dihardu. Proiektu horren helburua da adineko pertsonen nahiz minusbaliotasunen bat dutenen bizi-kalitatea hobetzea, adimendun etxeetan lan egiteko gai diren roboten bidez. Ekimena Europako Batasunaren 7. Esparru Programaren barruan dago, eta lehenengo aldiz bateratzen ditu konpainiako roboten eta ingurune adimendunen erabilera etxeetan. Azken finean, helburua da pertsonei beren etxeetan lagunduko dien robot bat sortzea, eta haien eguneroko bizimoduan autonomia ematea. Gailu horrek emozio-egoerak ezagutzeko kontrol bat, gizarte-zerbitzuetarako euskarria eta familiartekoekin nahiz zaintzaile profesionalekin bideokonferentzia egiteko aukera ditu, besteak beste.

Companionable proiektuaren ikerketa-lerro nagusiak hauek dira: ingurunea ezagutzen duen sistema bat sortzeko teknologien garapena, sentsore- eta komunikazio-sareen sorkuntza, robot mugikor baten garapena eta diseinua, eta tratamendu terapeutikoa eta lagundutako babesa. Proiektuaren helburua da etxe adimendun eta domotiko batean dauden pertsonak ezagutzeko gai den sistema bat garatzea. Sistema horrek naturalki eta intuitiboki jardun beharko du haiekin.

Ingurunea ezagutzen duen sistema

Sistema horrek pertsonen detekzioa eta jarraipena egiten du zenbait sentsore (ikusmena, soinua eta distantziak) eta horien seinaleen fusio-prozesuak erabilita. Halaber, pertsonen behaketa, horien emozio-egoeren ezagutza eta jokaera arruntak edo ezohikoak identifikatzen ditu. Komunikazio-kanal haptikoak —ukipen-pantaila— nahiz naturalagoak ere aztertzen ditu —elkarrizketa, aurpegi-espresioa edo gorputzaren mugimenduak—. Ingurunea ezagutzen duen sistemak, era berean, ahozko argibideak ezagutzeko aukera behar du izan; baita estimulazio kognitiboen prozesuak ere.

Sistema hori garatzeko teknologien artean, ikus-entzunezko metodoen bidez emozioak ezagutzeko sistema baten prototipoaren garapena dago; elkarrizketa adimendun bat izateko eta laguntza-sistemaren eta erabiltzailearen estimulazio kognitiboa lortzeko ezinbesteko osagaia da hori. horretaz gain, sistemak beste zenbait funtzio bete behar ditu: gizarte- eta osasun-zerbitzuei euskarria eskaini behar die, eguneroko agendaren kudeaketa egin behar du, bideokonferentzia bidez komunikatzeko gai izan behar du familiartekoekin edo zaintzaile profesionalekin, eta aukera eman behar du baimendutako pertsonek robot mugikorraren urrutiko kontrola egiteko. Teknologia horiek guztiek gaixoaren zaintza eta monitorizazioa, eta hark etxean dituen jardunak egiteko oinarriak eskainiko dituzte. Halaber, interfaze erraz eta natural bat izango dute pertsonaren eta robotaren arteko jardunerako.

Sentsore- eta komunikazio-sarea

Sentsore- eta komunikazio-sareei dagokienez, lagundutako pertsonaren eta robotaren arteko elkarrekintza lortzeko teknikak ikertzen dihardute Companionable proiektuko bazkideek. Horretarako, sentsore eramangarriak behar dira, erabiltzailearen osasun-egoera ezagutzeko, komunikazio-protokoloen diseinua, datu-bilketa eta seinaleen analisia egiteko metodologia, eta kanpoko zaintzaileentzako eta zerbitzu teknikoen hornitzaileentzako interfazeen garapena.

Robot mugikorra

Companionable proiektuko robot mugikorraren prototipoak pertsonen eta robotaren arteko jarduna errazteko diseinatutako ukipen-pantaila bat izango du, eta oztopo estatikoak eta dinamikoak saihesteko prestatu dute. Robot hori sortzeko, arreta berezia jartzen dihardute ingurunearen ereduak egiteko algoritmoen garapenean eta horien etengabeko berritzean; baita ibilbideen programazio-metodoetan eta mugimenduaren kontrolean ere.

Tratamendu terapeutikoa eta lagundutako babesa

Gaixoen eguneroko bizimodurako tratamendu terapeutikoen eta lagundutako babesaren diseinuak osatzen dute proiektua. Adineko pertsonaren edo minusbaliotasunen bat duen pertsonaren eguneroko agendaren kudeaketan, estimulazio kognitiboa bultzatzeko edukien sorkuntzan, botikak hartu behar dituela gogoraraztean eta osasun-egoeraren inguruko datuen azterketan datza. Lagundutako pertsonak ingurunearekin harremanetan jarrai dezan, ikus-entzunezko komunikazioak ezarriko dira familiartekoekin eta zaintzaileekin.

Companionable ekimenean ikertutako teknika horiei guztiei esker, adineko pertsonen autonomia areagotu daiteke, eta beren etxeetan denbora luzeagoan bizi daitezke beren kabuz. Ikerketa Zientifikoen Zentroak (CIS) egindako inkesta baten arabera, Espainian 65 urte baino gehiagoko pertsonen % 80k baino gehiagok nahiago dute beren etxeetan bizitzen jarraitu, nahiz eta horretarako laguntza behar izan.

Tecnaliako Osasuna eta Bizi-kalitatea unitatea Companionable proiektuan

Tecnaliako Osasuna eta Bizi-kalitatea unitateak zenbait ekimen tekniko egiten dihardu Companionable proiektuaren barruan. Horien artean, aipagarriena eguneroko bizimodurako sentsoreen monitorizazioaren bideragarritasuna da (Life Style Monitoring, LSM). Sentsore horiek erabiltzaileek egunero etxean egiten dituzten ekintzak eta ohiturak jasotzen dituzte, etxeko zenbait gailu irakurrita.

LSM horien funtzioa da pertsonen ohiturak ezagutzea, ingurune domestikoaren monitorizazioaren laguntzarekin. Horretarako, zenbait pantaila eta gailu dituzte. Modu horretan, sentsoreek erabiltzaileen ohituretatik at dauden ezohiko egoerak atzeman ditzakete. Ohiko ohituretatik desbideratzen diren egoera horiek krisi gisa edo osasunarekin loturiko arazo gisa interpreta daitezke, eta, hortaz, alerta-egoera bat aktiba liteke, zaintzaileari edo familiarteko bati bideratuta.

Tecnaliaren beste lan-gune batek pertsonaren eta robotaren arteko elkarrekintzarekin edo jardunarekin du zerikusia. Helburua da harreman arrunt eta intuitibo bat sortzea erabiltzailearen eta makinaren artean. Helburu horrekin, zentro teknologikoa “gorputz-lengoaia robotiko” bat eta “aurpegi-espresio robotiko” bat garatzen ari da, hitzik egin gabe robotaren egoeraren berri komunikatzeko.

Bestalde, Tecnaliako Osasuna eta Bizi-kalitatea unitatea lan handia egiten ari da robotaren ukipen-pantailaren interfazearen alorrean. Hori da erabiltzailearen eta makinaren arteko elkarrekintza lortzeko bide nagusia. Horregatik, diseinu apropos, ulerterraz eta adineko pertsonen beharretara egokitua aurkitzen ari dira.

Companionable proiektuan, Tecnaliaz gain, Europako zazpi herrialdetako 28 bazkidek parte hartzen dute. Reading Unibertsitatea (Erresuma Batua) buru dutela, proiektu horretan parte hartzen dute, Espainiatik, Tecnaliako Osasuna eta Bizi-kalitatea unitateak, Ingema Fundazioak eta Coruñako Unibertsitateak eta Sabia; Frantziako Broca Ospitaleak, Legrand-ek, ESIEEk, Esigetel-ek, GETek eta dÉvry Unibertsitateak (IBISC); Austriako AKGk eta CUREk eta Austrian Research Centres-ek; Belgikako Lab-in-Ham-ek; Herbehereetako Smart-Homes-ek eta Alemaniako Ilmenau eta Metralabs Unibertsitateak. Proiektua 2012rako amaitzea aurreikusten dute.

Pablo Melchor

Egilea: Pablo Melchor (MBN Comunicación, S.A.)

Laguntzailea: