#GaiNagusiak

Lan femeninoak eta lan maskulinoak bereiztetik lana banatzeko bidezko ereduetara

Noiz argitaratua: 09/04/02 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Gizarte-zientziak
 Tesiaren egilea, Raquel Royo Prieto.

Hori da UPV/EHUko tesi baten ondorio nagusietako bat. Tesi horretan, EAEko diru-sarrera biko bikoteek etxeko lanei buruz duten ikuspegia aztertu dute. Horretarako, adin desberdinetako hogei bikote elkarrizketatu ditzute, hain zuzen, etxeko-lanen banaketa desberdina egiten dutenak.

Tesiaren egilea Raquel Royo Prieto da, Soziologian lizentziatua eta Gizarte Lanean diplomatua, eta izenburua, berriz, El trabajo familiar en la CAPV: una perspectiva cualitativa en parejas de doble ingreso (Familia-lana EAEn: diru-sarrera biko bikoteen ikuspegi kualitatiboa). Ikertzaileak UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Soziologia I sailean defendatu du tesia. Tesiaren zuzendaria Deustuko Unibertsitateko María Silvestre Cabrera izan da. Ikerketa egiteko, Raquel Royok egonaldiak egin ditu UC Riversiden (Riversideko konderria, Kalifornia) Scott Coltranekin, eta Loughborougheko Unibertsitatean (Leicestershire, Erresuma Batua) Monica Threlfallekin. Gaur egun, Deustuko Unibertsitateko Emakumeen kontrako Indarkerian Esku-hartzea masterreko irakasle eta koordinatzailea da.

Lan horretarako, hogei bikoteen eguneroko esperientzian murgildu da ikertzailea, haien mundu sinbolikoetara, lanetara, desiretara eta borroketara hurbiltzeko. Bikoteei hainbat elkarrizketa egin dizkie, eta ikusi du portaera batzuk barneratutako inertzien ondorio direla, baina, era berean, egiaztatu du etxeko-lanaren modelo tradizionalak zalantzan jartzen dituzten rol, balore, bizipen eta estrategia berriak agertu direla.

Inertzia eta aldaketa horiek bost ataletan banatu ditu: 1) portaerazko jarraibideak, 2) esanahi, jarrera, pertzepzio eta gustuak, 3) amatasunak eta aitatasunak, 4) lana eta kontziliazioa, eta 5) bizipenak.

Lanaren banaketa zuzenagoa

Portaerazko jarraibideei dagokienez, ekoizpen- eta ugalketa-lanak banatzeko era zuzenagoak agertzen ari direla ikusi du ikertzaileak, eta emakumea lanaldi bikoitza egitera behartzen zuen eredua —lana etxean eta etxetik kanpo— indarra galtzen ari dela. Gainera, seme-alabei generoaren araberako aukerak transmititzeko inertziaren aurrean, lan femeninoak sozializatu direla ikusi du, hots, aitengandik semeengana ere pasatzen direla.

Esanahi, jarrera, pertzepzio eta gustuen atalean, etxeko lanen esanahiak jasan duen aldaketa azpimarratzekoa da. Etxeko lanak femeninoak, balio gutxikoak eta pribatuak direla dira inertziaren arabera, baina, gaur egun, etxeko lanen kontzeptu positiboa dute bikote askok, eta gizonezkoei nahiz emakumezkoei autonomia ematen dietela uste dute. Gainera, ezarria dagoen ereduaren arabera, gustuak bereiziak daude —lan maskulinoak eta lan femeninoak—; baina ikertzailearen ustez gizonezkoei ez zaie gustatzen emakumeek gizonezkoen lanetan ez parte hartzea, eta horretaz baliatu daiteke gai horretan aldaketak eragiteko.

Familiaren demokratizazioa

Amatasunean eta aitatasunean ere aldaketak izan dira. Hala, gizonezkoek parte hartzen dute seme-alabak izateko erabakian eta erditzera joateko erabakian, eta zaintzan inplikatzen dira; horrek bide ematen du amatasunak hain intentsiboak izan ez daitezen. Seme-alabak zaintzea femeninoa delako ustea —seme-alabak amarenak dira— indarra galtzen ari da, eta bikotean irizpideak negoziatu egiten dira (gizonezkoen irizpideak barne hartzen dira). Aldi berean, aitaren autoritate tradizionala gainbehera doa, eta, horren ondorioz, familiaren demokratizazioa gertatzen da.

Amatasunaz eta aitatasunaz bikoteek duten irudia ere aldatu egin da. Eredu tradizionalean, ama pazientzia handikoa eta maitekorra da, eta presente dago; aita, aldiz, langilea da eta arauak markatzen ditu. Eredu hori aldatuz joan da, eta bidezkoagoak sortu dira. Orain, aita sentikorra, pazientziaduna eta maitekorra da, eta zaindu egiten du. Gainera, zabaldu egin da seme-alabak zaintzeko gizonezkoak eta emakumezkoek gaitasun bera dutelako ustea.

Lanari eta kontziliazioari dagokienez, azpimarratzekoa da emakumearen lanak duen garrantzia, esparru propioa, banakotasunaren baieztapena eta independentzia ekonomikoa ematen baitizkio. Era berean, kontziliazioan emakumeari protagonismoa ematen zion inertzia hautsi egin da, eta, eredu berrietan, aitak inplikatu egiten dira, eta aiton-amonek eta lagunek lagundu egiten dute.

Bukatzeko, bizipenen atalean, aldeak daude berdintasunezko jarreren eta etxeko antzinako ordenaren araberako jarreren artean, izan ere, antzinako ordena horren arabera, etxekotasuna eta maitasuna emakumeei egotzi zaizkie kulturalki.

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Raquel Royo Prieto., Raquel Royo Prieto
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: