#GaiNagusiak

Monthemhat-en hilobiaren aurkikuntza-lanetan dihardute Egipton

Noiz argitaratua: 09/04/01 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Humanitateak
 Hilobiaren barrualdea

Terranova eta In situ Testing enpresetako adituek osatutako ikerketa-talde batek Monthemhat-en hilobiaren barrunbe guztiak aztertzen dihardu georradar batekin. Hilobiko gela ezkutuak aurkitu nahi dituzte, Amongo laugarren profeta eta Egiptoko gobernadorearen sarkofagoa aurkitu nahian (k.a. 670-648). Hain zuzen, Tebas mendebaldeko (Luxor, Egipto) hilobirik handienetariko bat da Monthemhat-en hilobia.

Sarkofagoa eta oraindik aurkitu ez den eta beharbada hilobiaren azpian egongo den funtzionario horren momia aurkitzeko lanak egingo dituzte ikertzaileek. Aztarna horietatik eta semeetako baten sarkofagoa aurkitu zen lekuaren ezaugarrietatik abiatuta, hilobiaren gainazala aztertzen hasi dira, teknika geofisiko bat erabilita, georrradarra.

Teknika horri esker, lursailaren profil osoa lor daiteke —Lurretik espazioan nabigatzen duten objektuak behatzeko ere erabiltzen da—. Frekuentzia altuko uhin elektromagnetikoak igortzen ditu aztertu beharreko materialera, eta uhin horiek materiala zeharkatzen dute. Lortzen diren seinaleek 30 metroko sakonera bitarteko material-aldaketen, zuloguneen eta bestelako berezitasunen berri ematen digute. Horretarako, kontrol-unitate bat, antena bat eta gainazalean desplazatzen den kontrol-pantaila bat behar dira. Hainbat abantaila ditu lan arkeologikoetan: ez da intrusiboa, eta merkea eta azkarra da.

Terranova eta In Situ Testing erakundeek, teknologia hori erabilita, azterketa geofisiko sakon bat egin dute 4 egunez: 57 ganberak, hilobiko bi patioak, sabaia, paretak eta barrunbe guztietako lurrak aztertu dituzte. Datuak biltzeko, 400 MHz-eko antena bat erabili dute, eta 265 profil egin dituzte egongeletako zolatetan eta horien pareta eta sabaietan. Ikerketa-lan horiek gehienez 3,9 metroko sakonerara iritsi dira, eta lan-baldintza gogorrak izan dituzte. Izan ere, gune horietara sartzeko zailtasun handiak izan dituzte —putzu eta aldapa ugari aurkitu dituzte, eta aireztapen eskasa— eta ikerketa-prozesu guztian zehar kontu handiz lan egin behar izan dute. Landa-lan horrekin eta datuen prozesatzearekin, zenbait radargrama lortu dituzte egonleku bakoitzerako. Radargrama horietan, kokalekuen barrualdea ikus daiteke, eta, hortaz, datu horiek aztertuz eta interpretatuz, ezkutuko gelarik dagoen edo ez ondorioztatzen dute ikertzaileek.

Badirudi ikertzen jarraitzeko zenbait zantzu aurkitu dituztela. Izan ere, hiru zulogune aurkitu dituzte. Horregatik, ikerketaren hurrengo faseak hilobiaren barrualdean egingo dituzte, gune horietan zulaketak egiteko. Gainera, zorupeko informazio geologikoa lortzeko ikertzen jarraituko dute, barrualdearen eredu tridimentsional osoa lortzeko.


Informazio osagarria

  • Hilobiaren barrualdea
  • Eskailerak
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania
  • Georradarra
Igone Bilbao

Egilea: Igone Bilbao (Spb_servicios periodísticos)

Laguntzailea: