#GaiNagusiak

Biogasa sortu dute elikagaien industriako hondakinen bitartez

Noiz argitaratua: 09/03/27 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Ingurumena #Lurraren zientziak #Osasuna #Teknologia
 AZTI-Tecnaliaren Derioko egoitza

AZTI-Tecnalia elikadura-ikerketako adituak biogas-instalazio bat jarri du martxan, energia jasangarria sortzeko sistema berriak ikertzeko, elikagaien industriako hondakinetan eta azpiproduktuetan oinarrituta. Nekazaritzako elikagaien hondakinek duten materia organikotik biogasa ateratzeak duen potentzial handia ustiatzen du instalazio berriak, eta elikagaien industriari laguntzen dio hondakin organikoek ingurumenean eragiten duten inpaktua txikitzen.

AZTI-Tecnaliak Derion duen egoitzan jarri dute instalazioa, eta helburua da metanotan aberatsa den biogasa lortzea, elikadura-azpiproduktuek duten materia organikoaren digestio anaerobikoa* egiten duen prozesu baten bitartez, materia organiko hori energia elektriko eta termiko bihurtu ahal izateko. Halaber, 2010. urterako, zentro teknologikoak aurreikusi du instalazioa egokitzea, eta azken urteetan bultzada handiena izan duen energia berriztagarriaren iturrietako baten alde egitea: hidrogenoaren alde. Hala, asmoa da hidrogenoa eta metanoa lortzea hartzidura-prozesu konbinatu baten bidez.

AZTI-Tecnaliako espezialistak ikertzen ari dira bideragarria ote den nekazaritzako elikagaien hainbat azpiproduktutatik onura ateratzea, bakarka edo hainbat iturritatik datozen elementuekin konbinatuta (baterako digestioa), hala nola araztegi-lohiekin edo kontsumo masiboa duten elikagaien hondakinekin konbinatuta. Besteak beste, nahasi egiten dituzte nekazaritza-gorozkiak (purinak) eta nekazaritzako elikagaien industrietako hondakinak, hala nola fruituen eta barazkien merkatuetako hondakinak, esne-gazura, erauzketa-arrantzan eskuratutako arrainen bazterkinak eta akuikulturan hildako aleak.

Biogas-instalazioari esker, aukera dago hondakin organikoek ingurumenean duten inpaktua txikitzeko: berotegi-efektua duten gas gutxiago isurtzen dira atmosferara, nabarmen txikitzen dira usainak eta hobetu egiten da hondakinen bukaerako balioa. Horren ondorioz, industria ingurumen- eta gizarte-betebeharretara egokitu daiteke, eta, aldi berean, lor dezake bere prozesuak eraginkorragoak izatea, dituen baliabideak hobeki erabilita.

Elikadura-azpiproduktuen energia-balorizazioan erabil daitezkeen I+G proiektuak garatzeko interesa duten administrazio publikoen eta elikagai-enpresen edo ingurumen-zerbitzuko enpresen eskura dago instalazioa, horrelako instalazioak industria-eskalan jartzeko prozesuan erabakiak hartzeko informazioa lor dezaten.

AZTI-Tecnaliak elikagaien industriari laguntza ematen dio, garapen iraunkorra izan dezan, eta, zehazki, ingurumenarekiko jokabidea hobetzeko neurriak har ditzan. Zentroak elikagaiak prozesatzeko duen instalazio pilotuan egindako jarduerak osatzen ditu biogas-instalazioak; instalazio horretan, gainera, azpiproduktuen balorizazio-probak egiten dituzte, elikagai eraldatuak egiteko lehengai-iturri gisa erabiltzeko. Halaber, elikagaien industrian sortutako azpiproduktuak eta hondakinak kudeatzeko aukera errentagarrienak eta berritzaileenak bilatzen dituzte, eta produktuen bizi-zikloaren azterketak (BZA) egiten dituzte: aztertzen dute non dauden kostu nagusiak eta ingurumen-inpaktuak, eta, horretan oinarrituta, prozesua hobetzeko eta optimizatzeko jarduerak proposatzen dituzte.

* Digestio anaerobikoa prozesu biologiko bat da. Prozesu horretan, materia organikoa eraldatzen da, eta biogas eta digeritutako lohi bihurtzen da; lohia nekazaritza-jardueretan erabil daiteke hobekuntza organiko gisa. Biogasa karbono dioxidoz eta metanoz eratuta dago batez ere, eta, metanoak berotze-ahalmen handia duenez, energia elektrikoa edo termikoa sortzeko iturri berriztagarri gisa erabil daiteke, edo ibilgailuen erregai gisa

Informazio osagarria

  • AZTI-Tecnaliaren Derioko egoitza, AZTI-Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, AZTI-Tecnalia
Irantzu Zubiaur

Egilea: Irantzu Zubiaur (AZTI-Tecnalia )

Laguntzailea: