#GaiNagusiak

Beste aurrerapauso bat fusio nuklearrean

Noiz argitaratua: 09/03/26 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Fisika, Kimika eta Matematika
 Material berria

CEIT-IK4 zentro teknologikoko ikertzaileek etorkizuneko erreaktoreetan Eguzkitik energia sortzeko oinarrizkoa izango den material berri bat garatu dute.

Energia sortzeko fusio nuklearra ustiatzea urte askotako ametsa da. Izan ere, etorkizunean, konpainia elektrikoek hornikuntza-mota agortezin, seguru, merke eta ingurumenarekiko errespetuzkoa dena izango dute. Nazioarteko zientzialariek interes handia dute, eta dagoeneko hasi dira ITER izeneko gailua eta egoitza eraikitzen Cadarachen (Frantzia hegoaldea). Egoitza horretan, merkatuko fusio-erreaktoreen bideragarritasun zientifikoa eta teknologikoa aztertuko dute etorkizunean.

Ikerketa- eta garapen-prozesu horren barruan daude CEIT-IK4 zentro teknologikoko ikertzaileak, TECNUN Nafarroako Unibertsitateko Ingeniarien Eskolarekin elkarlanean. Ikertzaileek ITEReko eta etorkizuneko erreaktoreetako gune kritikoenetako baterako oinarrizko pieza bat garatu dute. Grafitoan oinarritutako material berri bat da, eta titanioa gehitu diote. Horri esker, materiala gai da muturreko kondizioak jasateko, fusio nuklearretik abiatuta energia sortzeko prozesuan. Izan ere, hidrogeno-plasma baten eraginpean jarriko da, ehunka milioi gradura.

Beraz, material berri horrek etorkizuneko erreaktoreen jardunaren arazo nagusietako bat konpontzen laguntzen du. Izan ere, eroaletasun termiko altua du, fusio-plasmatik eratorritako partikulen bonbardaketak sor dezakeen erosioarekiko erresistentzia handia, eta karga termiko ikaragarriak jasateko gai da. CEIT-IK4 zentro teknologikoko Materialak saileko ikertzaileak dira ikerketa horren buru, eta EXTREMAT Europako proiektuaren barruan dago ikerketa-lana. Proiektu horretan, 13 herrialdetako 37 ikerketa-zentrok parte hartzen dute.

Fusio-zentralek abantaila hauek izango dituzte: segurtasun handia izango dute (ez dira 1986an Txernobilen gertatutako sarraskien modukoak berriro errepikatuko), erradioaktibitate altuko hondakinak desagertuko dira, ez du berotegi-efektuko gasik isuriko eta erregai-kantitate mugagabeak ekoitziko dira.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, CEIT-IK4
  • Material berria, CEIT-IK4
Alvaro Vilallonga

Egilea: Alvaro Vilallonga (CEIT-TECNUN)

Laguntzailea: