#GaiNagusiak

IAPETUS, hegazkinen bizitza luzatu, fidagarritasuna areagotu eta konpontze-kostuak murrizteko proiektua

Noiz argitaratua: 09/03/18 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia

7. Esparru Programako IAPETUS europar proiektuko buru da TECNALIA. Konpositezko txaplata bidez konponketa-teknologia berri bat garatzea du xede proiektuak, aluminiozko hegazkinei eta material konposatuzko hegazkin-belaunaldi berriari aplikatua. Hegazkinen bizitza luzatzea, haien fidagarritasuna areagotzea eta konponketa-kostuak murriztea da proiektuaren helburua.

Munduko hegazkin komertzialen % 30 inguruk 15 urtetik gora dute, hots, nahiko zaharkitua dute jada egitura, korrosioa eta nekea direla medio. Hori dela eta, hegazkinen nabigagarritasuna ziurtatu eta zerbitzu-bizitza luzatzeko premia bistakoa da. Bestalde, hegazkinen egitura primarioetan material konposatu berriak (A380, adibidez, eta, gero, B787) erabiltzeak teknologia zorrotzagoak eskatzen ditu, egiturako alderdi kaltetuak errazago ordezteko.

Konpontze- eta mantentze-teknologia fidagarri eta errentagarrien premia horretatik sortu da 7. Esparru Programako IAPETUS europar proiektua, TECNALIA buru duela. Konponketa-teknologia berri bat ari da garatzen proiektua, aluminiozko hegazkinei eta material konposatuzko hegazkin-belaunaldi berriari aplikatzeko Europako industria aeronautikoan. Horri esker, erabilera anitzeko material konposatu berriak erabiliko dira, karbonozko nanohodiak jarriz material konposatuaren matrizean eta itsasgarrian. Hartara, erraza, fidagarria eta merkeagoa izango da konponketa.

Nanofaseak hobetu egingo du konpositearen hausteko zailtasuna eta nekeko jarduera. Halaber, espero da kaltetutako osagaiaren eta txaplataren arteko eroankortasun elektrikoa ematea nanohodiek, hartara egituraren polimero-matrizea uniformeki osatzeko; espero da, bestalde, indukzio edo erresistentzia bidezko berokuntzarekin sortzea polimero-matrizea nanohodiek, eta, azkenik, zerbitzuko hutsegiteak detektatzeko konponketa-txaplatari eroankortasuna eta sentsore-gaitasuna ematea.

Alor askotako zenbait zentrok osatzen dute programaren partzuergoa; ziurtatuak daude, beraz, proiektuak aurrera egiteko behar diren jakintza-arlo guztiak. Frantzia, Grezia, Polonia, Erresuma Batua, Suitza eta Espainiako hamar enpresak hartzen dute parte proiektuan. Tartean dira aeronautikako egitura eta osagaien zenbait fabrikatzaile (DAHER Aerospace, Hellenic Aerospace Industry eta PZL-Swidnik SA), ekipamendu eta konponketa-teknologien egileak (GMI Aero), material konposatuetarako erretxina-ekoizleak (Hurtsman Advanced Materials), eta zenbait unibertsitate (Patras, Ioannina eta Sheffield) eta zentro teknologiko (INASCO eta INASMET-Tecnalia). TECNALIAren eginkizuna da —proiektuaren buru izateaz gain— konponketa-materialak eta –teknikak garatzea, batetik, eta hutsegiteak detektatzeko teknikak, bestetik.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Tecnalia
Pablo Melchor

Egilea: Pablo Melchor (MBN Comunicación, S.A.)

Laguntzailea: