#GaiNagusiak

Nanosentsoreak, gaixotasunei aurrea hartzeko

Noiz argitaratua: 09/03/02 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Osasuna #Teknologia

Cidetec-IK4 zentro teknologikoko ikertzaile batzuek sentsore elektrokimiko batzuk garatu dituzte, aukera ematen dutenak, besteak beste, orain arte baino azkarrago antzemateko DNAren mutazioei. Egindako ikerketaren ezaugarri azpimarragarriena da DNAren detekzioa kontzeptu-froga gisa baino ez dela erabili, sentsoreen bideragarritasuna aztertzeko. Beraz, datozen urteetan aukera asko sortuko dira, eta nanosentsoreak erabili ahal izango dira, bestelako molekulak detektatzeko ez ezik, baita gaixotasun genetikoak ikertzeko ere.

American Chemical Society argitaletxearen NanoLetters aldizkariak, nanoteknologiaren alorrean munduan ospe handiena duen aldizkariak, eman du egindako ikerketaren berri. Ikerketa Cidetec-IK4ko ikertzaileek egin dute, Berkeley Unibertsitatearekin eta CSICekin batera, nanosentsore optikoak nahiz elektrokimikoak fabrikatzeko proiektu batean.

Ikerketaren lorpena eta NanoLettersek artikuluarekiko interesa izatea eragin duena izan da garatutako sentsoreak nanotransistore bakarra erabiltzen duela, eta haren kablea karbonozko nanohodi bakar bat dela. Horri esker, eraldatu gabeko DNA-zundak detektatu ahal izan dira.

Sentsoreak DNA-sekuentziei antzematen die, eta, hortaz, genetikan eta bioteknologian erabil liteke. Gaixotasun genetiko batzuetan, badakite zein genek eragiten duen gaixotasuna. Halako gene-sekuentzia duten pazienteek halako gaixotasuna dute. Gene-sekuentzia jakin bati antzemateko erabil liteke sentsorea, berez oso selektiboa delako.

Cidetec-IK4k garatutako berrikuntza izan da polimero bat diseinatzea eta sintetizatzea. Polimero horrek aukera eman du gerora nanohodia eraldatzeko, DNA ainguratu ahal izateko, materialaren gainazalean molekulak atxikiz. Ikerketan frogatu dute polimero hori gabe nanosentsorea ez dabilela. Beraz, Cidetec-IK4k proiektuari egindako funtsezko ekarpena izan da polimeroaren bidez martxan aritzeko aukera eman dietela nanohodiei.

Halaber, garrantzitsua da nabarmentzea sentikortasun handi hori DNA eraldatu beharrik gabe lortu dela. Oro har, sentikortasun handiko sentsore elektrokimikoek detektatu beharreko molekulak markatzea behar izaten dute sentikortasun handiagoa izateko. Orain garatutakoan karbonozko nanohodiak erabili dituztenez, zuzenean antzeman ahal izan diete sekuentziei.

Informazio osagarria

Soledad Larrocha Redondo

Egilea: Soledad Larrocha Redondo (Fundación CIDETEC)

Laguntzailea: