#GaiNagusiak

Aplikazio bioteknologikoak dituen onddo baten genomaren sekuentziazioa

Noiz argitaratua: 09/02/27 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Teknologia

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Genetika eta Mikrobiologia taldeko Antonio G. Pisabarro (Mikrobiologia katedraduna), José Luis Lavín eta José Antonio Oguiza ikertzaileek Postia placenta onddoaren genoma sekuentziatzeko nazioarteko proiektuan parte hartu dute. Emaitzak Estatu Batuetako Zientzien Akademiaren aldizkari zientifikoan (PNAS) argitaratu dira, eta, haien bidez, zehaztu egin dira onddo horrek zurari erasotzeko eta horren zelulosa erabiltzeko dituen mekanismoak. Emaitza horiek garrantzizkoak dira zuretik bioetanola sortzeko prozesuak garatzeko.

Bioerregaiak ekoizteko lehengai gisa, orain arte, zerealak, erremolatxa eta bestelako elikagaiak erabili dira (lehen belaunaldiko erregaiak). Baina eztabaidak sortu dira elikagaien erabilera horregatik, eta beste lehengai batzuk bilatu behar izan dira, elikagaiak ez direnak eta haien merkatu-prezioetan eragiten ez dutenak. Alderdi horretatik, zura eta landare-hondakinak aukera itxaropentsua dira (bigarren belaunaldiko erregaiak). Zelulosaren azukrea (alkohola ekoizteko benetako abiapuntua) eskuratzea zaila da hondakin-mota horietan. Testuinguru horretan, P. placentaren genomaren ikerketaren emaitzak urrats bat dira zuretik alkohola ekoizteko prozedurak bilatzeko, eragimen handiagoarekin eta kutsadura gutxiago sortuta.

Onddo horren geneak sekuentziatu eta identifikatzeko proiektuak, Wisconsingo (Estatu Batuak) Unibertsitateko Dan Cullen irakasleak koordinatuta, bi urte iraun du, eta lanean zortzi herrialdetako 53 ikertzailek hartu dute parte. P. placenta onddoaren genoma osatzen duten 17.000 inguru geneak letretan emango bagenitu, 7.000 orrialde beteko genituzke, 33 milioi letratan. Gerardo Pisabarro Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileen taldeko arduradunak honela dio: “arazo nagusia ez da zazpi mila orrialde horiek lortzea, horretarako tresnak bai baitaude, baizik eta haiek irakurtzea, esaten dutena deszifratzea, geneak eta haien jokabidea identifikatzea”.

Usteldura zuriko onddoak eta usteldura arreko onddoak

Zuhaitzek zelulosa ugari dute, eta zuhaitzean dagoen azukrea batez ere polimero horretan dago. Baina, mahatsetan ez bezala —horien azukrea erraz erabil daiteke legamiaren bidez alkohola ekoizteko—, zuhaitz batetik glukosa (eta alkohola) lortzea ez da hain erraza.

“Bi modu daude zura degradatzeko —dio Pisabarro irakasleak—; zur batzuk, usteltzen direnean, zuri geratzen dira, onddo-mota baten eraginez, eta beste batzuk arre, P. placenta onddo-motaren eraginez”. Onddo horren berritasuna da zura degradatzeko duen jokabidea, nolako ahalmena duen zelulosa jateko, baina lignina, zuhaitzaren zelulosa babesten duen substantzia, kaltetu gabe. Zuhaitz bat ikusten dugunean, hura osatzen duen zelulosa, —gehienean zuria bada ere—, ez dugu kolore zurikoa ikusten, kolore arrekoa baizik. Horren arrazoia da babesteko duen lignina-geruza; ligninak ematen dio, halaber, zurari trinkotasuna.

“Substantzia hori, lignina, zuhaitzaren zelulosarako babesa da, bestelako organismoek erasotu, zuhaitzak trinkotasuna galdu, usteldu eta bestelako organismoek degrada ez dezaten; baina, aldi berean, oztopo bihurtzen zaigu azukre hori alkohola ekoizteko lortu nahi dugunean. Beraz, lignina hori hautsi egin behar dugu. Lignina jaten (degradatzen) duten onddoek zelulosa agerian uzten dute, eta zuhaitza usteldura zuriarekin usteltzen da. P. placenta bezalako onddoak, berriz, gai dira zelulosa jateko lignina kaltetu gabe; izan ere, onddo horrek ukitutako zuhaitzak, usteltzean, kolore arrearekin geratzen dira. Gure helburua da jakitea nola jokatzen duten onddo horiek; nola eskuratzen duten zelulosa, zurak duen glukosatik ahalik eta gehiena berreskuratu eta alkohola ekoizteko erabili ahal izan dezagun”.

Ikerketa aplikatuaz gain, Gerardo Pisabarro katedradunak azpimarratzen du genomikaren eta mikroorganismoen gaineko oinarrizko ikerketak duen garrantzia, ezen “funtsean, izaki bizidun guztiak gisa berean gaude antolatuak. Geneen arauketaren gaineko alderdi batzuk sistema sinpleetan, onddoetan alegia, ikertu ahal ditugu, eta lortzen ditugun erantzunak geuri aplikatu. Bestetik, benetako iraultza teknologikoa gertatzen ari da genomen sekuentziatzioan. Seguruenik horrek ahalbidetuko du banakako izakien sekuentzia ezagutzea osasun-sistemendako jasangarria den kostuarekin. Horrek, azken finean, iraultza bat ekarriko dio medikuntzari, hala diagnostikoan, nola eritasun asko erabat modu pertsonalizatuan tratatzerakoan.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, UPNA
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskara, UPNA
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: