#GaiNagusiak

Siliziorik ez duen eta erraz integratzen den modulu fotovoltaiko bat garatu du Ikerlanek

Noiz argitaratua: 09/02/23 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Ingurumena #Teknologia

Ikerlan-IK4 zentro teknologikoko ikertzaile-talde batek panel fotovoltaiko bat garatu du laborategi mailan, eguzki-argia energia bihurtu ez ezik, gaur egungo teknologiak dituen integrazio- eta eskuragarritasun-arazoak konpontzen dituena.

Eguzki-panel fotovoltaikoak, eguzki-energia elektrizitate bihurtzeko gai direnak energia etxebizitzetan erabiltzeko edo energia-hornitzaileei saltzeko, izugarri azkar ugaritu dira azkeneko urteetan, eta, horren eraginez, panelen eskaera konpainia fabrikatzaileen ekoizpen-gaitasuna baino handiagoa da. Batetik, dekretuz agintzen dute eguzki-panelak instalatzea udal-eraikin berrietan, eta, horrekin batera, oso faboragarriak dira dekretuz finkatu dituzten prezioak partikularrek konpainia hornitzaileei elektrizitatea saltzeko. Horrek bidea eman du inbertitzaile txikiek hainbat energia-zentral txiki sortzeko —eguzki-baratze ere esaten zaie—, ikusi baitute eguzki-energia fotovoltaikoa beren pentsio-planak bermatzeko edo hobetzeko modu bat dela.

Aitzitik, panelen, eta, bereziki, panelak fabrikatzeko lehengaien, silizio mono edo multikristalinoaren, eskaera gero eta handiagoa izateak eragin du instalazioen bukaerako prezioa handitzea, amortizazio-epea eguzki-plaken iraunkortasuna edo bermea baino handiagoa izan arte. Gainera, moduluak muntatzen eta instalatzen dituzten konpainiak —Espainia herrialde liderren artean dago— aipatutako zelulak produzitzen dituztenen mendeko bihurtu dira —gehienak Ekialde Urruneko herrialdeetan daude—. Batzuetan, aldi baterako egoera gisa deskribatu dute lehengai-eskasia, eta aldez edo moldez errepikatu dute zelulen ekoizpena handitu dela, baina, hala ere, panel bakoitzaren prezioa handi samarra da oraindik; eta, horren eraginez, beste inbertsio-mota batzuek errentagarriagoak izaten jarraitzen dute, oso interes txikietan eginda ere.

Prezioa alde batera utzita, ohiko teknologia fotovoltaikoaren oinarrian siliziozko panel handi, astun, opaku eta ilunak daude, eta, horren ondorioz, eraikuntza-sektoreak gaitzetsi egiten du. Arkitektoak legez behartuta daude eraikinetan panelak jartzera, baina ez dute erraz aurkitzen panelok integratzeko modua, eta ikusmen-inpaktu txikia duten lekuetara mugatzen dituzte, hala nola teilatu eta zabaltzeetara.

Horrenbestez, munduan egiten den ikerketa-lerro berritzaileenetako bat da material berriak bilatzea, eguzki-argia elektrizitate bihurtzeko funtzioa betetzeaz gainera, gaur egungo teknologiak dituen integrazio- eta eskuragarritasun-arazoak konponduko dituztenak.

Ikerlan-IK4 zentro teknologikoko ikertzaile-taldeak fabrikatutako panel fotovoltaikoak eskakizun horiei guztiei erantzuten die. Panelak fabrikatzeko material plastikoak erabili dituzte —polimero organiko esaten dietenak—, eta plastiko horiek kimika-laborategietan sortzen dituzte; hortaz, eskuragarritasun ia mugagabea dute. Baina itxura eta diseinua harrigarriagoak dira, zalantzarik gabe. Hainbat koloretakoa izan daitekeen plastikozko geruza fin bat da panela, eta ia edozein gainazalen gainean jar daiteke, zurruna nahiz malgua izan. Teknologia aldakorra eta merkea denez, eta fabrikatze-prozesuak samurrak direnez, izan ditzakeen aplikazio-eremuak ikertzaileen eta industria-eragileen irudimenak bakarrik mugatuko ditu. Onura handiena izan dezakeen sektorea, hain zuzen, eraikuntza-sektorea da, teknologia berriak aukera ematen baitu leiho erdigardenak edo errezel fotovoltaikoak egiteko, hein batean argiari barrura sartzen uzteaz gainera, eguzki-energia elektrizitate bihurtzen dutenak.

Ehungintza-sektorea ere ez dago aurrerapen horietatik kanpo, arropei, zorroei edota kanpinzaleen kanpin-dendei erants dakizkiekeelako gailu elektroniko eramangarrientzako, hala nola sakelakoentzako edo musika-erreproduzitzaileentzako, kargatzaileak.

Horrelako materialen inguruko ikerketa gero eta ohikoagoa da, eta hainbat herrialdek programa nazionalak dituzte teknologia fotovoltaiko organikoaren teknologian aurrera egiteko. Ikerlan-IK4k orain dela bi urte abiarazi zuen arlo horretan ikertzeko jarduera, eta emaitzak ezin hobeak izan dira. Berriki, % 4tik gorako eraginkortasuna duten konbertsio fotoelektrikoak neurtu dituzte eguzki-simulagailuekin Ikerlanen laborategietan fabrikatutako zeluletan, Ikerlanekin loturarik ez duten panel fotovoltaikoak karakterizatzeko zentroetan.

Moduluak fabrikatzea ez da erraza, fabrikazio-prozesuan zelula guztiak substratu berean konektatu behar baitira elektrikoki. Ikerlanen garatutako modulu erdigardenak 30 x 30 mm ditu, eta 16 zelula indibidual konektatzen ditu kristalezko modulu batean. Estatuan egindako lehenengo modulua da, eta nazioartean dauden bakarretako bat. Aurrerakuntza horren bidez frogatu dute energia fotovoltaiko organikoa bideragarria dela eta potentzial handia duela, eta aurrerapauso bat izan da teknologia industrializatzeko bidean.

Gaur egun, azalera handiagoko panelak sortzeko diseinuak lantzen ari dira Ikerlanen, hainbat aplikaziotarako balio dutenak —tresna elektroniko eramangarrien bateriak ordezkatzetik hasi, eta teilatuetan eta etxaurreetan jartzeko moduko modulu handietaraino—, inpakturik eragingo ez dutenak eta eraikinaren eta inguruaren arkitektura errespetatuko dutenak.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Ikerlan
Maria Eugenia Inurrieta

Egilea: Maria Eugenia Inurrieta (Ikerlan)

Laguntzailea: