#GaiNagusiak

Hegazkinak muntatzeko eta haien mantentze-lanak egiteko sistema berri batek hegazkinen funtzionamenduaren fidagarritasuna handituko du

Noiz argitaratua: 09/02/18 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia

CEIT-IK4 zentro teknologikoko ikertzaileek hegazkinak muntatzen eta haien mantentze-lanak egiten laguntzeko sistema berritzaile bat garatu dute EADS-CASA aeronautika-partzuergoarentzat. Sistemak zuzenean ekarriko du hegazkinak fidagarriagoak izatea, eta litekeena da erabiltzen hastea hurrengo hegazkin militarrak, A400Mak, fabrikatzeko —aeronautika-talde europarra da fabrikazio horren burua—.

Muntatzen Laguntzeko Sistema izena du proiektuak, eta, besteak beste, Andaluziako Teknologia Korporazioak finantzatu du. Gehitutako errealitate-teknologiak erabiltzen ditu langileek errazago kontsultatu eta azter dezaten hegazkinek duten informazio-bolumen handia, eta, bereziki, irisgarritasun zailagoa duten lekuak, hala nola hegalen muturrak.

CEITeko Mekanika Aplikatuaren Departamentuak komunikazioen zati bat garatu du; zehazki, bideokonferentzia-sistema eta sistemaren software- eta hardware-osagaien integrazioa. Teknika berri horri esker, aireontzien barrualdea muntatzeko eta aztertzeko orduan, oinarri gisa ahotsa ezagutzen duen aplikazio bat erabili ahal izango dute teknikariek —Sevillako Unibertsitateko Hizkuntzen eta Informatika Sistemen Departamentuak garatua— ordenagailu nagusi bati hegazkinari buruzko informazioa eskatzeko, eta ordenagailuak ikusteko gailu eramangarri batean proiektatuko ahal izango du informazioa (kasu horretan, betaurreko monokular batzuk dira).

Aplikazioak, gainera, hildako gizonaren gailu deritzona izango du; horren betebeharra izango da une oro kontrolatzea langilea egoera onean dagoela. Kamera bat ere izango du, eta, horren bidez, langileak gainbegiraleari erakutsiko dio zer ikusten ari den, hark langilea gidatu ahal izan dezan.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, CEIT-IK4
Alvaro Vilallonga

Egilea: Alvaro Vilallonga (CEIT-TECNUN)

Laguntzailea: