#GaiNagusiak

Litekeena da botika batek Alzheimerrak jotako pertsonen memoria hobetzea

Noiz argitaratua: 09/02/17 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna
 Ikertzaile-taldea

Metabolismo-arazo hereditario jakin bat tratatzeko erabiltzen den botika batek memoria hobetzen du Alzheimerrak jotako animalia-ereduetan. Neuropsychopharmacology aldizkarian argitaratu dute Nafarroako Unibertsitateko Ikerketa Mediko Aplikatuaren Zentroko (CIMA) ikertzaile batzuek egindako ikerketa.

Ikerketan frogatu dute botika horrek, sodio fenilbutiratoak, orain arte urearen zikloan arazoak zituzten pazienteetan erabiltzen zenak, erraztu egiten duela neuronen arteko konexioak egiten dituzten proteinen sintesia, eta horrek areagotu egiten duela saguen ikasteko gaitasuna. Horren ondorioz, egindako aurkikuntzek etorkizun handiko aukera berri bat ematen dute Alzheimerra eta horrekin lotutako beste dementzia batzuk tratatzeko.

Gainera, beste bat gehitu dute gaixotasun suntsitzaile hori tratatzeko dagoeneko dauden botiken zerrendan, Neurozientzien saileko ikertzaile eta lanaren egile nagusi den Ana García-Osta doktorearen arabera.

Botika horren ekintza-mekanismoa argitu nahian dabil batez ere ikertzaile-taldea gaur egun. Klinikoki erabilgarri dagoenez eta ongi onartzen denez, berretsiko balitz gizakietan terapeutikoki eraginkorra dela, ikertzen ari diren beste botika batzuk baino denbora-tarte txikiagoan hasi ahal izango lirateke Alzheimerra tratatzeko erabiltzen.

Alzheimerra adinarekin lotuta dagoen neuroendekapen-arazo bat da, eta haren bereizgarria da funtzio kognitiboak eta intelektualak pixkanaka hondatzen direla. Urritasun kognitiboa neuronen arteko konexioekin lotuta dago. Memoria sendotzeko beharrezkoa da zenbait mekanismo zelular eta molekular aktibatzea. Prozesuok eteteak ikasteko gaitasunean eta oroitzapen berriak gordetzeko gaitasunean eragiten du.

Informazio osagarria

  • Ikertzaile-taldea, CIMA
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, CIMA
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, ingelesa, CIMA
Laura Juampérez

Egilea: Laura Juampérez (Universidad de Navarra)

Laguntzailea: