#GaiNagusiak

Oncostatina M etorkizun handiko botika bat izan liteke hepatitis birikoa eta gibeleko minbizia tratatzeko

Noiz argitaratua: 09/02/09 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna

Hepatitis kronikoaren eta gibeleko minbiziaren tratamenduak hobetu litzakeen molekula bat identifikatu du Nafarroako Unibertsitateko Ikerketa Mediko Aplikatuaren Zentroko (CIMA) Terapia Genikoa eta Hepatologia sailak. Lana Jesús Prieto, Esther Larrea, Pablo Sarobe, Iranzu González eta Rafael Aldabe doktoreek koordinatu dute, eta Journal of Virology aldizkarian argitaratu dute, Estatu Batuetako Mikrobiologia Elkartearen aldizkarian.

Organismo batek birus baten infekzioa jasaten duenean, zelula dendritikoek (immunitate-erantzuna abiarazten duen zelula-mota bat) I motako interferona jariatzen dute. Egindako ikerketan, CIMAko ikertzaileek ikusi zuten oncostatina M ere sortzen dutela. Jesús Prieto doktoreak azaldu duenez, deigarriena izan zen ohartu zirela oncostatinak indartu egiten duela interferonak birusen erreplikazioan duen eragin inhibitzailea, eta, gainera, hein handi batean areagotu egiten duela birusen aurkako immunitate-erantzuna.

Egindako aurkikuntzek iradokitzen dute bi molekulak konbinatzea erabilgarria izan daitekeela interferonarekin bakarrik tratatuta erantzuten ez duten gaixotasun biralak tratatzeko, hala nola birusek eragindako C edo B motako hepatitis kronikoa duten gaixo asko tratatzeko. Gainera, ikertzaileak iradokitzen du sinergia-efektu hori ere eraginkorra izan daitekeela tumoreen kontrako estrategiak diseinatzeko, ohiko terapiak huts egiten duenetan.

CIMAk patentatu egin du oinarri gisa I motako interferona eta oncostatina konbinatuta dituen formula terapeutikoa, tratamendu onkologiko eta terapia antibiral gisa. Aplikazio klinikoa izateko transferentzia Espainiako Digna Biotech bioteknologia-enpresa egiten ari da.

Informazio osagarria

  • Prentsa-oharra, gaztelania, CIMA
Laura Juampérez

Egilea: Laura Juampérez (Universidad de Navarra)

Laguntzailea: