#GaiNagusiak

Pankreako tumore onberak erauz daitezke, eta pankrearen funtzioei ahal bezainbeste iraunarazi, Espainian aitzindaria den kirurgia-teknika bati esker

Noiz argitaratua: 09/02/03 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna
 Zirujau-taldea

Pankreako tumore onberak edo gaiztoak izateko potentzial txikia dutenak eta oso mugatuta daudenak erauzteko eta pankrearen funtzioari ahal bezainbeste iraunarazteko aukera ematen du laparoskopia bidezko kirurgia-teknika batek, eta, aldi berean, nabarmen txikitzen ditu konplikazioak sortzeko arriskua eta ospitalean egon beharreko denbora. Nafarroako Unibertsitateko Klinikako zirujau-talde batek garatu duen prozedura oso zauri txikikoa da, eta Espainian aitzindaria. Izan ere, teknika horretan, talde horrek du eskarmentu handiena mundu mailan.

Pazienteetan lortutako emaitzak berriki argitaratu dituzte Annals of Surgery aldizkarian, mundu mailan inpaktu gehien duen kirurgia-aldizkarian. Munduko zientzia-literaturan ez da ageri laparoskopia bidezko pankreatektomia zentrala erabiliz ebakuntza egindako paziente-kopuru handiagorik. Nafarroako Unibertsitateko Klinikako Fernando Pardo, Fernando Rotellar eta Custodia Montiel zirujauek hartu dute parte ikerketan; haiek erabiltzen dute kirurgia-teknika hori.

Pardo doktoreak, Kirurgia Hepatobilipankreatikoko zerbitzuaren zuzendariak, deskribatu bezala, egiteko moduko prozedura gisa eta konplikazioak eta egonaldia txikitzen dituen prozedura gisa aintzatetsi dute teknika pankrearen patologia jakin baterako. Horren bidez lortzen den arrakasta handiena da laparoskopia bidez errepika daitekeela orain arte kirurgia irekiaren bidez bakarrik egin zitekeen kirurgia. Laparoskopia bidezko bide berria askoz zauri txikiagokoa da, eta aukera ematen du guruinaren zati handi bat ez galtzeko, eta, hala, ebakuntza ondoko diabetesa agertzea saihesten du.

Teknika konplexua eta emaitza bikainak

Laparoskopia bidezko pankreatektomia zentralaren emaitzak bikainak dira, Rotellar doktoreak adierazitakoaren arabera. Kirurgia irekia eginez lortutakoak gainditu ere egin daitezke. Espezialistak azaldu duenez, laparoskopiak konplikazio gutxiago eragiten ditu kirurgia irekiak baino. Ospitalean egon beharreko denbora ere txikiagoa da: ohiko prozeduraren bidez hamar egun egon behar izaten dute, batez beste, eta laparoskopia eginez, berriz, lau. Konplikazio-tasak hain txikiak izatearen ondorioz murrizten da ospitalean egon beharreko denbora, Nafarroako Unibertsitateko Klinikako zirujauak azaldutakoaren arabera.

Ebakuntza horretan, tumore hauek erauzten dira nagusiki: pankreako tumore neuroendokrinoak edo kistikoak eta onberak edo gaiztoak izateko potentzial txikia dutenak. Lesio horiek gehiagotan diagnostikatzen zaizkie emakume gazteei, 30 urte ingurukoei, Rotellar doktoreak zehaztu duenez. Hortaz, prozedura horren helburu nagusia da kirurgian zehaztasun handiena lortzea, pankrearen zati ahalik eta handienari eustearren. Horregatik ez du balio laparoskopia bidezko pankreatektomia zentralak pronostiko okerragoa duten tumoreentzat, hau da, garrantzitsuena teknika erabatekoa izatea den kasuentzat, eta helburu gisa etorkizunean tumorea birsortzea ekiditea dutenentzat.

Pardo doktoreak adierazi bezala, kirurgia-teknika hori garrantzitsua da pankrearen zati ahalik eta txikiena erauztea lortzen delako, eta horri esker saihesten delako pazienteek glukosarekiko intolerantzia edo diabetesa garatzea, baita pankrearen entzima-eskasiak eragindako digestio-arazoak izatea ere.

Zirujauak, gainera, ziurtatzen du laparoskopia bidezko pankreatektomia zentrala teknika aitzindaria dela, oso zaila baita pankrearen zati bat erauzitakoan laparoskopia bidez pankrea-hodiaren eta heste-lakioaren artean anastomosia (lotura) egitea. Beharrezkoa da hestera desbideratzea, pankreak hara draina ditzan ekoizten dituen urinak. Oso teknika zaila da, beraz, zehaztu duenez.

Informazio osagarria

  • Zirujau-taldea, Clínica de la Universidad de Navarra
  • icono_documento
    Pankreatektomiaren infografia, gaztelera, Clínica de la Universidad de Navarra
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Clínica de la Universidad de Navarra
Jesús Zorrilla Ruiz

Egilea: Jesús Zorrilla Ruiz (Clínica Universidad de Navarra)

Laguntzailea: