#GaiNagusiak

Mutilak neskak baino hobeto sentitzen dira psikologikoki, norberaren fisikoaren kontzeptu hobea dutelako

Noiz argitaratua: 09/02/02 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Gizarte-zientziak
 Tesiaren egilea, Arantzazu Rodríguez Fernández.

UPV/EHUko tesi batek nerabezaroan norberaren fisikoaren pertzepzioak ongizate edo ondoez psikologikoarekin duen erlazioa aztertu du.

Autokontzeptua da pertsona bakoitzak bere buruarekiko dituen pertzepzioen multzoa, eta eragin handia du pertsonen funtzionamendu psikologikoan. Baina orain arte ez dira ikertu ongizate edo ondoez psikologikoarekin dituen erlaziok.

Tesiaren egilea Arantzazu Rodríguez Fernández da, eta El autoconcepto físico y el bienestar/malestar psicológico en la adolescencia (Autokontzeptu fisikoa eta ongizate/ondoez psikologikoa nerabezaroan) izeneko lana aurkeztu du. Arantzazu Rodríguez Psikologian lizentziatua da, eta UPV/EHUko Irakasleen Unibertsitate Eskolako Psikologia Ebolutibo saileko Alfredo Goñi Grandmontagne eta Igor Esnaola Etxaniz doktoreen zuzendaritzapean egin du tesia. Gaur egun, ikertzaile lanetan dihardu, unibertsitatean.

Ikerketak oinarrizko hiru helburu ditu: autokontzeptu fisikoaren eta ongizate psikologikoaren arteko erlazioa aztertzea; autokontzeptu fisikoaren, eta antsietate eta depresioaren arteko erlazioa identifikatzea; eta, azkenik, autokontzeptu fisikoaren eta elikadura-portaeraren nahasteen arteko erlazioak aztertzea —bai populazio ez-klinikoan, bai aldez aurretik nerbio-anorexia eta -bulimia diagnostikatua zuten kasuetan—.

Azterketa nerabeetan

Ikerketa egiteko, EAEko, Burgosko eta Errioxako, 12 eta 23 urte arteko 1959 nerabek parte hartu dute. Horietako 48k elikadura-portaeraren nahasteren bat zuten.

Lortutako datuen arabera, autokontzeptu fisikoa era positiboan erlazionatuta dago ongizate psikologikoarekin, eta era negatiboan, berriz, ondoez psikologikoarekin. Hala, zenbat eta gusturago sentitu norberaren fisikoarekin, ongizate psikologiko handiagoa sentitzen da, antsietate- eta depresio-mailak baxuagoak dira, eta elikadura-portaeraren nahasteren bat pairatzeko arriskua txikiagoa da.

Adina, generoa eta kirol-jarduera kontuan hartuta ere aztertu dira erlazio horiek. Gehienetan, autokontzeptu fisikoa oinarri hartuta, mutilek neskek baino puntuazio altuagoak lortzen dituzte ongizate psikologikoan. Halaber, puntuazio altuagoa dute, ongizate psikologikoan, 12-14 urteko gazteek 15 urtetik gorakoek baino, eta kirola egiten dutenek, egiten ez dutenek baino.

Hala eta guztiz ere, aldagai guztiak batera aztertzen badira, ongizate psikologiko altuena lortzen dute autokontzeptu fisiko positiboa izan, eta 12-14 urte artean daudenek edota kirola egiten dutenek; ez da generoaren araberako alderik nabari.

Ikerketa horretan ikusi dute, halaber, gazteek ondoez psikologikoa pairatzen dutela nerabezaro osoan zehar, izan norberaren fisikoaren kontzeptua baxua, izan ertaina, edo izan altua. Badirudi kirola ona dela ondoez hori gutxitzeko, ziurrenik autokontzeptu fisikoa hobetzen duelako. Autokontzeptu fisikoa baxua denean, elikadura-portaeraren nahastea eragiteko arriskua du kirolak, baina kasu horretan bakarrik. Horregatik, kirola modu egokia da norberaren ongizatea handitzeko eta ondoez psikologikoa gutxitzeko.

Arrisku handiagoko etapak

Fisikoarekin lotutako arazoei dagokienez, antsietate-arazoak izateko arrisku handiena 15 urtetik aurrera izaten da; depresio-arazoak izatekoa, 12tik 17 urtera bitartean; eta, azkenik, nerbio-anorexia edo –bulimia pairatzekoa, 18tik 23 urtera bitartean.

Bukatzeko, erakargarritasun fisikoa nabarmentzen da autokontzeptuari eragiten dioten elementu guztien artean, antsietatearekin, depresioarekin eta ongizate psikologikoarekin duen zerikusi handiarengatik. Horren guztiaren ondorioz, nork bere burua nola ikusten duen, horren araberakoak izaten dira antsietatea, depresioa edo ongizate psikologikoa, eta erlazio hori gizarteak indartutako joera da.

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Arantzazu Rodríguez Fernández., Arantzazu Rodríguez Fernández
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: