#GaiNagusiak

Salmonella ordubete baino gutxiagoan hautematen duen gailu eramangarri bat garatu du IK4k

Noiz argitaratua: 09/01/21 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Osasuna #Teknologia

Diagnosia egiteko gailu azkar eta merke bat garatu du IK4 Teknologia Aliantzak, aukera ematen duena Salmonella spp. eta beste bakterio batzuk ordubete baino gutxiagoan hautemateko; denbora-tartea orain dauden sistemek behar duten baino dezente txikiagoa da. Beste lan batzuek ez bezala, proiektu horretan garatutakoak zuzenean erabiltzen ditu laginak, laborategian aldez aurretik tratatu beharrik gabe.

Diagnostikatzeko gailu berriak miniaturizatuta du ohiko laborategi bat txip baten barruan (Lab on a Chip) (ikus argazkia). Gainera, oso espezifikoa, azkarra, eramangarria eta erabiltzeko erraza da. Hala, erabiltzaile posible askok —ospitaleek, osasun-zentroek eta nekazaritzako elikagaien industriak, besteak beste— irakurketa optikorako sistema bat (fluoreszentzia-seinale bat da, denbora errealean gertatutako PCR-erreakzioan igorritakoa) duen gailua izango dute erabilgarri, patogenoak azkar hauteman ahal izateko. Txiparen barruan, sistemak patogenoa kontzentratu, mintza hautsi DNA entzimatikoki ugaritu, eta, azkenik, detektatu egiten du. Erabiltzaileak bi xiringa sartu behar ditu gailuan, eta analisia automatikoki egiten da.

Ikerketa hori OPTOLABCARD proiektu europarraren barruan dago —2005. urtean hasi zen, eta bukatzear dago—. Proiektuaren burua Ikerlan-IK4 da, eta VI. Esparru Programak finantzatu du. Aurrekontu osoa 2,9 milioi eurokoa izan da, eta denera sei herrialdetako (Alemaniako, Austriako, Danimarkako, Espainiako, Poloniako eta Suediako) bederatzi erakundek parte hartu dute —besteak beste, DTU-Nanok, Donostiako Ospitaleak BIOEF fundazioaren bitartez eta Gaiker-IK4k berak—.

Gaiker-IK4k proiektuan egin duen ekarpena txiparen sistema mikrofluidikoan garapen biokimikoa egokitzea izan da batez ere, baita gailua aplikazio klinikorako doitzea, optimizatzea eta karakterizatzea ere, eta kolitisak jotako pertsonek Salmonella spp. ote duten diagnostikatzea. Bestalde, Laborategia Txip batean fabrikatzea posible egiten duen teknologia garatzen lan egin du Ikerlan-IK4k. Aurrerapauso horri esker, etorkizunean askotariko gailu berriak sortu ahal izango dira.

Gaur egun, OPTOLABCARD proiektua bukaerako fasean dago, eta dagoeneko Mikrofabrikazioa eta Diagnosi Molekularra egiteko teknologia esklusibo bat garatu eta patentatu du. Bi teknologia horiek bateratzeak eta aipatutako emaitza biologikoek berresten dute IK4 Teknologia Aliantza leku onean dagoela etorkizunean txip batean miniaturizatutako hainbat laborategi garatzeko aukera handiaren aurrean.

Gailu berriaren aplikazioak

Gailu berriak hainbat aplikazio izan baditzake ere, bi aplikaziotan oinarritu dituzte ikerketak proiektu horretan; bien arteko desberdintasunak dira lagin-mota desberdinak aztertzen dituztela eta patogeno desberdinei antzematen dietela: batek kanpilobakteriosiari atzematen dio baserri-animalietan (animalia-osasunerako da erabilgarria) eta besteak salmonellosia detektatzen du gizakietan (giza osasunerako erabilgarria). Proiektuaren bukaerako fasean gailua balioztatu dute, bi lagin-mota horietarako.

Garatutako gailuaren abantaila nagusietako bat da oso azkar egiten duela analisi-prozesu osoa —besteak beste kontzentrazioa neurtzea, laginak prestatzea eta PCR bidezko detekzioa— erreferentziazko laborategietan erabili ohi dituzten prozedurekin alderatuta. Halaber, erabilerraza eta eramangarria izateak aukera ematen du medikuaren kontsultan bertan egin ahal izateko diagnosi-analisia.

Informazio osagarria

Ana  Erostarbe

Egilea: Ana Erostarbe (GAIKER-ik4)

Laguntzailea: