#GaiNagusiak

Lurzoruen azidotasuna neutralizatzeko lohi kantitate handia gehitzea ez da komeni

Noiz argitaratua: 09/01/08 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia
 Tesiaren egilea, Goio Egiarte Castañeira.

UPV/EHUn egindako doktore-tesi batek aztertu du araztegietako lohiek zer eragin duten lur azidoak neutralizatzeko.

Araztegietako lohiak berriro erabil daitezke, adibidez, lurzoruak ongarritzeko edo lurzoruen azidotasuna murrizteko. UPV/EHUn egindako tesiaren helburu nagusia izan da aztertzea araztegietako lohi anaerobikoek lurzoruaren propietate kimikoetan eta lurzoruak iragazitako uretan duten eragina —metal astunen portaera, batez ere—. Gainera, lohi horiek baso-sailetan (Pinus radiata) duten eragina ere aztertu dute.

Goio Egiarte Castañeira doktorea da tesiaren egilea, eta tesiaren izenburua, berriz, Application of sewage sludge as amendment on acid forest soils. Effect on the soil-plant-water system, with special attention to the behaviour of heavy metals (Hondakin-lohien erabilpena lurzoru azidoak zuzentzeko. Horrek lurzoru-, landare- eta ur-sisteman duen eragina, batez ere metal astunei dagokienez). Goio Egiarte Castañeira nekazaritza-ingeniaria da, eta eskolak ematen ditu Bigarren Hezkuntzan. Doktore-tesiaren zuzendari izan dira Estilita Ruíz Romera, UPV/EHUko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Sailekoa, eta Marta Camps Arbestain, Neiker-Tecnaliako Nekazaritza-ekosistemen eta Natura-baliabideen Sailekoa.

Egiarte doktoreak honako erakunde hauen laguntza izan du: Anconako Università Politecnica delle Marche (Italia), Dipartimento di Scienze Ambientali e delle Produzioni Vegetali; Santiago Konpostelako Unibertsitatea, Biologia fakultateko Edafologia y Nekazal Kimika saila; eta Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoa.

Neurri egokia

Tesiaren planteamendua berritzailea da, lohiak baso-lurzoruetan ongarri bezala erabiltzeko aukera aztertzeaz gain, metal astunen eta forma nitrogenatuen portaera aztertzen duelako. Azterketa horretarako esperimentuak lau urtez egin dira.

Lortutako datuak aztertu ondoren, Egiarte doktoreak ondorioztatu du ez dela batere komeni araztegiko lohien kantitate handia lurzoruei gehitzea, ez eta metal astunak legez onartutako mugen barruan daudenean ere. Lohietako konposatuek, oxidatzen hasten direnean, azidotu egiten dute, eta beharrezkoa da sistema alkalino bat azidotasuna murrizteko. Baina lurzorua eta lohiak batzean sortzen den sistema alkalinoa ez da nahikoa azidotasun hori neutralizatzeko.

Aldiz, lohi kantitate txikiagoa —herena— aplikatzean, lurzoruaren azidotasuna eta metal astunen kopurua nabarmen murrizten da, eta sortzen den baso-biomasa kantitate handiak erabiliz sortutakoaren antzekoa da.

Hala eta guztiz ere, Egiarte doktoreak azpimarratzen du komeni dela aztertutakoa bezalako lur azidoetan ur-araztegietako beste lohi batzuk erabiltzea —azidoak neutralizatzeko ahalmen handiagoa dutenak eta zati organiko egonkorragoa dutenak—.

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Goio Egiarte Castañeira., L. Álvarez
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: