#GaiNagusiak

Hanturaren kontrako botika espezifikoen bila

Noiz argitaratua: 09/01/07 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak
 María Granado, Lide Arana, Alberto Ouro, Antonio Gómez-Muñoz, Fabio Simbari (kolaboratzailea) eta Patricia Gangoiti.

Antiinflamatorioek hantura-prozesuetan parte hartzen duten zelulei eragiten diete, baina baita prozesu horretatik kanpo dauden zelulei ere. Horregatik, antiinflamatorio espezifikoak garatzea garrantzitsua da, arazorik ez duten zelulei ez eragiteko. EHUko ikertzaile-talde bat C1P molekularen analogoekin lanean dabil, helburu horrekin.

Gaur egun, bi antiinflamatorio-mota nagusi daude: esteroideak eta NSAID (Non-steroidal anti-inflammatory drugs) izena jasotzen dutenak. Bigarren horiek maizago erabiltzen dira; lehenek baino albo-ondorio gutxiago dituzte, baina espektro zabalekoak dira. Hortaz, ez dago zelula-mota bakoitzaren hantura-prozesuak ekiditeko botika espezifikorik.

Antonio Gómez-Muñozen zuzendaritzapean lanean diharduen taldea botika horien ordez erabiltzeko beste aukera batzuk ikertzen ari da, C1P —zeramida 1 fosfato— molekularen analogoak sortuz. Molekula hori 1990. urtean aurkitu zuten lehen aldiz, giza leuzemiaren kasu batean. Laborategian sintetizatu ostean ikusi zuten eragile mitogeniko garrantzitsua dela —zelulen hazkundea eragiten du, eta horien heriotza naturala blokeatzen du—. Molekula ikertu ondoren ikusi dute hantura-prozesuak eragiteko joera duela, hau da, zelulek molekula hori detektatzean, hantura sortzen duten molekulak askatzen dituzte —prostaglandinak eta zitokinak, esaterako—.

Baina hori ez da zelula-mota guztiekin gertatzen. Kontraesana dirudien arren, molekula berak hanturaren kontrako efektua eragiten du hainbat zelula-motatan. Hortik abiatu da ikerketa-talde hori: C1P molekulari hantura-prozesuak eragiteko gaitasuna kenduz gero, posible litzateke zelula-mota jakin batzuetan antiinflamatorio gisa erabiltzea, gainerako zelulei eragin gabe.

Gaitasunetako bat kendu

Horretarako, C1P molekularen egitura oso antzekoa duten molekula sintetikoak sortu dituzte, Bartzelonako beste ikerketa-talde batekin lankidetzan. Talde hori Bartzelonako Espainiako Zientzia eta Ikerketarako Kontseilu Nagusiko (CSIC) Josefina Casas eta Gemma Fabriás doktoreek zuzentzen dute, eta Bartzelonako Unibertsitateko Antonio Delgado doktoreak osatzen du. Farmazialariak eta kimikari organikoak dira, eta neurrira egindako molekulak eskuratzen dizkiote EHUko taldeari.

Orain arte, neurrira egindako C1P molekularen 50 analogo probatu dituzte. Horietatik hiruk lortu dute taldeak aurreikusten zuen emaitza, hau da, antiinflamatorio gisa funtzionatzea beste zelula batzuetan hantura-prozesuak sortu gabe. Analogo horiek ez dute prostaglandinarik sortzen —C1P molekulak egiten duen bezala—, eta, hortaz, ez da hantura-prozesurik sortzen.

Hiru analogo horiek muskulu lisoko zelulekin, makrofagoekin eta birikako minbizi-zelulekin probatu dituzte, eta azken biekin lortu dituzte emaitzarik onenak. Zelula-mota horiek aukeratu dituzte, hantura-prozesuak eragiten dituzten molekulen aurrean erantzun indartsua dutelako.

Hantura eta minbizia

Hantura-prozesuek askotariko jatorriak izan ditzakete, infekzio bat, adibidez. Badaude hantura-gaixotasun kronikoak, eta horiek, zeluletan eragiten duten ezegonkortasunarengatik, neoplasia-prozesuak eragiten dituzte kasu askotan —alegia, tumore-izaerako ehun berriak sortzea—. Mota horretako gaixotasunak dira kolitis ultzerosoa eta esklerosi anizkoitza. Izan ere, etengabeko hantura-egoerak eragin garrantzitsua du zeluletan. Horrek zelulak ezegonkortu eta zelulen kontrolik gabeko hazkundea sor dezake, baita zelulek berez hiltzeko duten programazioa blokeatu ere.

Egun, oso talde gutxi dabiltza C1P molekularen gaitasun antiinflamatorioak aztertzen —Virginian (AEB), Novartis enpresa farmazeutikoan (Austria) eta ikerketa-talde jakin batzuetan—, eta Antonio Gómez-Muñozen taldea izan zen hori ikertzen lehena, 1995ean. Oraingoz, ikerketa zelula mailan probatu dute, hau da, ikerketaren lehen fasean dago. Hemendik aurrera, ehun eta organoetan probatu beharko dute.

Informazio osagarria

  • María Granado, Lide Arana, Alberto Ouro, Antonio Gómez-Muñoz, Fabio Simbari (kolaboratzailea) eta Patricia Gangoiti. , Lucía Álvarez
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: