#GaiNagusiak

Estres hidrikoarekiko tolerantzia duten pinu hibridoen hedapena ikertzen ari dira Neiker-Tecnalia eta SCION, enbriogenesi somatikoko sistema batekin

Noiz argitaratua: 14/06/11 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak
 None

Azken urteotan, Neiker-Tecnaliak, UPV/EHUrekin lankidetzan, radiata pinuaren hibridoek (Pinus radiata X Pinus attenuata) estres hidrikoarekiko duten tolerantzia handia ikertu du. Badirudi arbola horiek ordezko aukera interesgarria direla basogintza-sektorearentzat, klima-aldaketa dela-eta ekosistemak nozitzen ari diren eta nozituko dituzten aldaketak ikusirik. Espezie horretako zuhaitz berriak azkar eta emankor hazteko, Neiker-Tecnalia Nekazaritza Ikerketarako Euskal Institutuak eta SCIONek –Zeelanda Berriko baso-ikerketarako zentroa– enbriogenesi somatikorako sistema bat garatu dute (*) Pinus radiata X Pinus attenuata espezie hibridoetan. Izan ere, aski frogatuta dago pinu-espezie horrek tolerantzia handia duela ur faltarekiko. Hona ikerketen emaitza: denbora-tarte labur batean landare-kantitate handia lortu da, eta, gainera, kriokontserbazioaren aukera ere hor dago, merkatuaren eskariaren arabera erabiltzeko.

Paloma Moncalean eta Cathy Hargreaves ikertzaileek egin dute Neiker-Tecnaliaren eta SCIONen ikerketa, SCIONen instalazioetan, zuhaitz-espezie produktiboak eta estres hidrikoarekiko toleranteak hedatzeko metodoak aurkitzeko helburuarekin, Espainian eta Zeelanda Berrian basoberritzeak egiteko.

Basogintzako bioteknologiaren gaur egungo aurrerapenek, bereziki enbriogenesi somatikoaren alorrekoek, basoen produktibitatea eta zurezko produktuen kalitatea handitzeko aukera ekarri dute. Oso metodo produktiboa izateaz gain, enbriogenesi somatikoa oso tresna baliagarria da basogintzako bioteknologiari dagokionez. Basogintzan aurreratuta dauden herrialdeek —esaterako, Kanadak— teknika hori erabiltzen dute hobekuntza genetikoko programak optimizatzeko eta eliteko genotipoak kontserbatzeko. Horregatik guztiagatik, enbriogenesi somatikoak ekarpen positiboa egiten die basoen lehengoratzeari eta erabilera iraunkorrari.

Errentagarritasun ekonomikoa helburu

Neiker-Tecnaliaren eta SCIONen proiektuak basoen erabilera iraunkortasuna ez ezik, errentagarritasun ekonomikoa ere helburu du. Nekazaritzarako zein hiri garapenerako gero eta lur gehiago behar da, eta, ondorioz, baso komertzialak bazterreko mendialde lehorretan landatzen dira. Kokapen horren eta muturreko fenomeno meteorologikoen ondorioz, ingurune berezi bat sortzen ari da, non zuhaitz hibridoak baliabide komertzial baliotsua izan daitezkeen etorkizunean, estres hidrikoa eta eguraldi txarra toleratzeko ahalmenagatik.

Hainbat gobernuk berenganatzen ari dira Neiker-Tecnalia eta SCIONen teknikak, enpresa publikoek zein pribatuek erabil ditzaten, baliabide interesgarritzat baitauzkate. Zeelanda Berrian, SCION eta Prosed Nueva Zelanda Ltd. konpainia elkarrekin ari dira lanean etorkizuneko klimara egokitzen diren sistemak eta material begetala eratzeko ahaleginean; Kanadan, berriz;Enbriogenesi Somatikoko Laborategien Sare Nazionala (NNSEL) sortu dute Kanadako baso Zerbitzuan, bioteknologiaren aurrerapenak basogintzaren sektorera eraginkor transferitzeko xedearekin. Horrez gain, Kanadako gobernuak kontserbazio kriogenikoa aukeratu zuen mehatxupean dauden espezieak kontserbatzeko (kasu honetan, pinu zuria).


(*) Enbriogenesi somatikoa (asexuala) zeluletatik abiatuta ernamuinak garatzea da, baina fusio gametiko baten ondorio izan gabe. Prozesu sorretan, zelula somatiko batetik abiatuta egitura bipolar bat sortzen da (enbrioia).
Enbriogenesi somatikoak hainbat abantaila ditu landareak hedatzeko beste sistema batzuekin alderatuta: ehun enbriogenikoa kriokontserbatu egin daiteke, eta merkatuaren eskariaren arabera erabili; eskala industrialean ugaltzeko ahalmena dauka, eta prozesu bakar batean egitura osoak —punta eta sustraidunak, ezin hobeto biltegiratu eta kapsulatu daitezkeenak— lortzeko aukera ematen du.

Informazio osagarria

  • , Neiker-Tecnalia
  • , Neiker-Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, Neiker-Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, Neiker-Tecnalia
Iranzu Telletxea

Egilea: Iranzu Telletxea (NEIKER-Tecnalia)

Laguntzailea: