#GaiNagusiak

Metodologia berri bat garatu dute zirkulazioaren fluxua monitorizatzeko

Noiz argitaratua: 14/06/09 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Teknologia
 Fermín Mallor

Transportation Research Part B aldizkari zientifikoak — entzutetsuenetako bat bere alorrean— zirkulazioaren fluxua monitorizatzeko metodologia matematiko berri bati buruzko ikerketa bat argitaratu du azken zenbakian. Epe ertain eta luzera aurreikuspenak egiteko aukera ematen du metodologia berriak. Ikertzaile hauek egin dute lana: Iván Guardiola, Missouriko Science and Technology Unibertsitatekoa; Fermín Mallor, Nafarroako Unibertsitate Publikokoa; eta Teresa León, Valentziako Unibertsitatekoa. "Zirkulazioaren bolumena ez ezik, zirkulazio hori nola dabilen jakinda, hauteman dezakegu zirkulazioa noiz ari den nabarmen aldatzen. Informazio hori erabil daiteke, esaterako, seinaleei (semaforoak, norabideak ...) bideen ibilgailu-edukierari eta abarri buruzko erabakiak hartu behar direnean", azaldu du Fermín Mallor Estatistika eta Ikerketa Operatiboko Saileko katedradunak.

Ikerketa honen berrikuntzetako bat da kurba-estatistika deritzona aplikatzen diola zirkulazioaren monitorizazioari edo kontrolari. Amerikako autobide batean 2004 eta 2011 artean izandako zirkulazioari buruzko datuen bidez irudikatu da metodologiaren erabilgarritasuna. “Hala ere, oinarri duen metodologiak eta prozedura matematikoak zirkulazioaren monitorizazioa egin nahi den beste edozein lekutarako balio du", dio ikertzaileak. Zirkulazioa aztertzeko metodologia egokia izateaz gainera, behar bezala egokituta, maiztasun handiz datuak jasotzen dituen edozein fenomenoren monitorizazioa eta kontrola egiteko ere erabil daiteke (ohikoa, jada, sentsoreen erabilpenari esker), jarraipena beharrezkoa baldin bada aldaketak hautemateko (tenperatura, zarata, bibrazioa, etab.).

Aplikatutako metodologiaren alderdi garrantzitsuenetako bat da zirkulazio-fluxuaren patroietan aldaketak hautemateko duen ahalmena. Horretarako, datuen analisi funtzionala (edo kurben analisia) eta kalitatea kontrolatzeko aldaera anitzeko teknikak erabiltzen ditu. Kurba-estatistiken analisia egiteko modu berri bat da, aztertzen diren datuek sortzen duten forman edo profilean oinarritua. Hurbilketa matematikoak aukera ematen du jasotako datuak ahalik eta gehien baliatzeko, zirkulazio-fluxu gorena, hori lortzeko denbora, eguneko fluxu osoa eta antzeko aldagaien sorreran eta azterketan oinarritutako analisi tradizionaletatik landa.

Emaitzek, berriz, aukera ematen dute egun ezberdinetan gertatzen diren zirkulazioko aldaketen eragile nagusiak aztertzeko. Aztertuetako datuetan, oso patroi ezberdina atera zen astegunetan, batetik, eta jaiegunetan, bestetik. Beste faktore batzuk duten garrantzia kuantifikatzeko aukera ere ematen du; esaterako, oporrek, erosketek eta bidaiek. Nolanahi dela ere, hau du erabilgarritasun nagusia: zirkulazioko aldaketak aldaketak hauteman egiten ditu (adibidez, hurbileko eremuetako hazkunde demografikoa dela-eta merkataritzako eta aisialdiko gune berriak sortu izana, etab.).

Metodologia hori erabiltzearen lau abantaila nagusiak nabarmentzen ditu artikuluak: jasotako datu-bolumenaren ustiapen ahalik eta handiena, dimentsionaltasunaren murrizketa, eguneroko zirkulazio-profilaren adierazpen grafikoa, eta erabaki estrategikoak hartzeko metodo baten garapena.

  • Erreferentziak:

    Guardiola, I., León, T., Mallor, F. (2014). A functional approach to monitor and recognize patterns of daily traffic profiles. Transportation Research Part B, 65: 119-136.

  • Interneteko helbidea:

    www.unavarra.es/actualidad/berriak?contentId=181833

Informazio osagarria

  • Fermín Mallor, Nafarroako Unibertsitate Publikoa
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: