#GaiNagusiak

AnHitz, zientzia-aditu birtuala

Noiz argitaratua: 08/11/13 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Informatika #Hizkuntzalaritza #Teknologia
 AnHitz

Eusko Jaurlaritzako ETORTEK ikerketa-programako AnHitz proiektuaren helburua da pertsonak eta gailuak elkarrekintzan aritzeko behar diren euskarazko hizkuntza-teknologiak ikertzea eta garatzea, eta ezagutzak modu naturalean, intuitiboan eta atseginean kudeatzea. Komunikazio-maila ona eta atsegina lortzeko, hizkuntzaren erabilera komunikazioaren alor guztietan sartu behar da: ahotsean, testuan eta baita multimedia-materialetan ere.

2006tik 2008ra garatu den proiektu horren emaitza da orain aurkezten den AnHitz prototipoa. AnHitz pertsonaia birtuala da, zientzia-kontuetan aditua, gainera. Anhitz-ek euskaraz hitz egiten du. Egiten zaizkion galderak ulertzeko gauza da, eta galderei erantzuteko ere bai. Hortaz, pertsonaia birtual interaktiboa da, zientzian aditua, eta euskalduna.

Galderei erantzuteaz gain, hitz bakar edo anitzeko kontsulta bat ematen bazaio, gai da kontsulta horri dagozkion dokumentuak bilatzeko. Zeregin hori betetzeko, Interneteko zientzia eta teknologiako hainbat datu-basetan egiten du bilaketa. Bilaketa eleanitza da, euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko loturak bilatzen baititu. Euskarazko dokumentuak bere horretan ematen ditu, gaztelaniazkoak euskarara itzultzen ditu, eta ingelesezkoak jatorrizko hizkuntzan ematen ditu. Nahi izanez gero, testu horiek irakurri egiten ditu sistemak, hiru hizkuntza horietako edozeinetan.

VICOMTech-IK4 eta Robotiker-Tecnalia zentro teknologikoek, Elhuyar Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV-EHU) IXA eta Aholab taldeek parte hartzen dute proiektu horretan.

Itxura VICOMTech-IK4 ikerketa-zentroak eman dio, avatar edo pertsonaia birtualak sortzeko daukan teknologiaz baliatuta. UPV/EHUko Aholab taldeak eta Robotiker-Tecnalia ikerketa-zentroak, berriz, ahotsaren ezagutzan eta sintesian trebatu dute. Galderei erantzuteko sistema eta Interneteko dokumentuak euskarara modu automatikoan itzultzeko gaitasuna UPV/EHUko IXA taldeari zor dizkio. Azkenik, dokumentu eleaniztunak bilatzeko abilezia Elhuyar Fundazioaren I+G taldeak egindako lanaren ondorioa da.

Gaur, azaroak 13, aurkeztuko dute AnHitz, hizketaren teknologiei buruz Bilbon egingo den kongresuan ( V. Jornadas en Tecnología del Habla). Halaber, abenduaren 15ean Japoniako Osaka hirian egingo den Second International Symposium on Universal Communication kongresuan aurkeztuko dute.

Informazio osagarria

  • AnHitz, Elhuyar Fundazioa
  • icono_documento
    AnHitz, development and integration of language, speech and visual technologies for Basque artikulua
Basque Research

Egilea: Basque Research (Elhuyar Fundazioa)

Laguntzailea: