#GaiNagusiak

Gripearen epidemiaren kontrola goitik behera aldatuko duen sistema diseinatu dute

Noiz argitaratua: 08/11/07 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna

Ikerlan-IK4 eta Gaiker-IK4 zentroek eta Donostia Ospitaleak, Bioef-en izenean, Europako proiektu batean dihardute. Proiektu horren helburua da nazioartean gripearen epidemia kontrolatzeko modua goitik behera aldatuko duen gailu mugikor bat diseinatzea. Izan ere, gailu horri esker, gripea 30-60 minutuan detektatu du sistemak. Gaur egun 24 ordu behar dira hura identifikatzeko. Gainera, kontrol-guneak areagotuko dituzte. Ikerketa horretan Europako beste zenbait bazkidek ere parte hartzen dute, eta proiektua VII. Esparru Programaren barruan dago; gutxi gorabehera lau milioi euroko aurrekontua du.

Portfastflu proiektuan, mikroteknologia aurreratuetan oinarritzen den txartel txiki bat garatzen dihardute. Helburua da gripearen diagnostikoaren denbora nabarmen murriztuko duten gailu mugikorrak garatzea, gaixotasuna berehala tratatzeko eta haren jarraipena egiteko. Gailu hori erabilerraza eta merkea izango da. Gainera, urtaroko gripearen epidemien anduiak identifikatzeko gai izango da; baita hegazti-gripearen azpitaldeak ere. Gripea hilgarria izan liteke, batez ere adineko pertsonetan eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonetan. Gripeari aurre egiteko botika antibiralak badaude, baina horiek garaiz hartzen badira soilik dira eraginkorrak. Arazo horrek, diagnostikorako metodo berri horren beharra indartzen du. Hegazti-gripeak hilkortasun-tasa altua du animalien artean, eta horrek galera ekonomiko larriak eragiten ditu. Hegazti-gripearen zenbait birusek pertsonak infektatu eta haiei ere egin diezaieke kalte. Azterketa horren emaitzak positiboak izanez gero, Munduko Osasun Erakundeak gripea aztertzeko dituen 112 laborategitako batera igor daitezke segundo gutxiren buruan, GPS bidez. Horrela, laginaren garraiorako eta analisirako beharko litzatekeen denbora ezabatzen da. Sistema horrek beste abantaila bat ere badu: gaixoak ez du osasun-zentro batera joan beharrik. Gaixotasunaren analisia eta diagnostikoa edozein lekutan egin ahalko da aireportuetan, abeletxetan, eskoletan edo hirugarren adineko pertsonentzako egoitzetan, besteak beste.

Aplikazio horrek hainbat onura ditu giza osasunean. Izan ere, diagnostiko goiztiar batek tratamendu egokia hautatzeko, eta ondoren, gaixotasunaren jarraipena egiteko erabaki medikoa errazten du. Halaber, oso erabilgarria izango da txertoen ekoizpenean, gripe-motari buruzko informazio zehatza azkarrago eskainiko baitu. Modu horretan, txerto eraginkorragoen ekoizpena aurreratuko da.

Hegazti-gripeari dagokionez, abantaila horiek guztiek ere hainbat aplikazio dituzte. Nagusiki, sistema horrek gaixotasunaren agerraldiak nabarmen azkarrago detektatuko ditu Afrikako eta Asiako zenbait herrialdetan, esaterako. Izan ere, nahiz eta herrialde horietan helburu horietako baliabide askorik ez izan, txartel mugikor hori erabilerraza eta merkea da. Gainera, hegazti-gripea hedatzen ari den herrialdeetatik portuetara edo aireportuetara iristen diren gaixoei proba azkarrak egiteko erabili ahal izango da. Horrenbestez, birusa hedatzeko arriskua gutxitzen da.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Ikerlan-IK4
  • icono_documento
    Portfastflu, Ikerlan-IK4
Maria Eugenia Inurrieta

Egilea: Maria Eugenia Inurrieta (Ikerlan)

Laguntzailea: