#GaiNagusiak

Lurpeko objektuak fidagarritasun handiz detektatzen dituen georadar-aplikazio bat diseinatzen ari da Tecnalia

Noiz argitaratua: 08/09/25 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Informatika #Teknologia

Georadarraren gaineko aplikazio berritzaile bat diseinatzen eta garatzen ari da Tecnalia Korporazio Teknologikoa, Wide World Geographic Services, Terra Nova eta Gaiker-IK4 enpresekin batera. Aplikazio hori gai izango da lurpeko objektuak detektatzeko (esaterako, edozein motatako hoditeria), fidagarritasun handiz eta modu ez-suntsikorrean.

Georadar berritzaile hori MUSA proiektuaren parte da. Proiektu horrek 675.000 euroko aurrekontua du, eta Eusko Jaurlaritzaren Intekberri programak babesten du.

Georadar bidezko prospekzio geofisikoa gai da zorupearen azterketak dituen arazoak neurri handi batean konpontzeko. Teknika oso erabilgarria da hainbat arlotan, hala nola ingeniaritza zibilean, geoteknian, ingurumen-ingeniaritzan eta zorupea zehaztasunez ezagutzeko beharra duen edozein jardueratan.

Gaur egun, udalerri gehienetan ez dago hoditerien eta kable-sareen kartografia eguneraturik. MUSA aplikazioarekin, posible izango litzateke egitura horien kartografia on bat lortzea; eta, horrek, edozein esku-hartze egiteko garaian, arazo asko saihestuko lituzke (gas-hodiak lehertzea, egiturak kaltetzea, zerbitzuak eten eta bideak moztu beharra...).

MUSA aplikazioa erabiliz dirua aurreztuko litzateke kasu askotan, prospekzio-teknika inbaditzaileak (zundaketak eta zulaketak) erabiltzea saihestuko bailitzateke. Gainera, metodo azkarra, segurua eta zehatza da.

Bestalde, “XXI. mendeko ur-bilatzailea” ere izan liteke etorkizunean, lurpeko ur-poltsak fidagarritasun handiz detektatzea ahalbidetuko bailuke.

MUSA proiektuak hainbat teknologia konbinatzea proposatzen du:

  • GPR – zorupeko radarra (Ground Penetrating Radar)
  • GPS – posizionatze-globaleko sistema (Global Positioning System)
  • SIG – informazio geografikoko sistema
  • Bideoa – ikuste-erreferentzia

Azken aplikazioak, teknologia horiek interfaze berean biltzeaz gain, lortutako hiru datu-motak (georadarretik datorren radargrama, bideoa eta posizio geografikoa) batu eta pantaila berean, guztiz sinkronizaturik, erakutsiko dituen softwarea izango du. Horrez gain, irudien eta neurona-sareen prozesaketarako modulu bat ere izango du, seinalearen interpretazioa errazteko. MUSAren azken helburua da software-erreminta bat sortzea, gai izango dena georadarrak lortutako datuetatik abiatuta zorupean dauden elementuak kokatzeko eta elementu horiek hainbat aktiborekin erlazionatzeko, eta baita haien dimentsio fisiko batzuk emateko ere.

MUSA proiektuaren lehen pausoa izan da georadarrak hartutako profilentzako oinarri bat garatzea, datuak prozesaketa jakin batekin on line ikusteko aukera emango duena. Aldi berean, profiletatik ateratako zorupeko aktiboen datuak eta balio bereizgarriak metatzeko aukera ematen du erreminta horrek.

Aplikazioa RAMAC/GPR hardwarearekin integratuta dago. Hardware horren bidez lortzen dira georadar-profilak. Eta, hasiera batean, Mala GeoScience-n (hardwarearen hornitzailea) Ground Vision softwarearen bidez kontrolatzen da. Garatutako aplikazioak Ground Vision-en hartze-funtzionalitateak software konplexuago batean txertatu ditu. Software horrek profilak prozesatu eta datu-basean metatzen ditu, gero aztertu ahal izateko.

  • Oharrak:

    Informazio gehiagorako: Antonio Bardasco (Infotech Tecnalia) Tel: 946002266 e-mail: bardasco@robotiker.es

  • Interneteko helbidea:

    www.tecnalia.info

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Tecnalia

  • Norteko Ferrokarrila irratsaioan elkarrizketa
Pilar Ruiz Ibáñez

Egilea: Pilar Ruiz Ibáñez (Robotiker)

Laguntzailea: