#GaiNagusiak

Sexu biko arrainak Urdaibain

Noiz argitaratua: 08/09/25 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak
 DERBIUR proiektuan parte hartu duten ikertzaileak: ezkerretik hasita, aurrean: Miren P. Cajaraville, Mª Carmen Barbero eta Teresa Serrano. Atzean: Maren Ortiz-Zarragoitia. Falta da: Eunate Puy.

Ura kutsatzen duten konposatu kimikoek organismo urtarren garapen sexuala aldaeraz dezakete, gameto ar zein emeak dituzten organismo hermafroditak sortaraziz. Hala ondorioztatu du EHUko ikertzaile talde batek, Urdaibaiko muskuiluak eta lazunak aztertu ondoren.

2004. urteko martxoan, muskuiluen ugaltze-aparatua aztertzen ziharduen EHUko ikertzaile talde batek zerbait harrigarria aurkitu zuen Urdaibaiko itsasadarrean: muskuilu hermafroditen proportzioa ohi ez bezain altua zen, normaltzat jo zitekeena baino askoz ere altuagoa. Aurkikuntza horrek, alabaina, ez zituen ikertzaileak ustekabean harrapatu. 90eko hamarkadan egin zituzten ikerketek dagoeneko frogatua zuten inguruneko kutsatzaileek organismo urtarren ugalketan eragin dezaketela.

Miren P. Cajaraville katedradunak zuzentzen duen Biologia Zelularra Ingurumen Toxikologian taldeak ondorioztatu zuenez, uretan aurkitu daitezkeen hainbat konposatu kimikok organismoen hazkuntzan, portaeran, ugalketan eta funtzio immunean eragiten dute, sistema endokrinoa aldarazten dutelako. Horregatik, ‘disruptore endokrino’ deitu zaie konposatu horiei: besteak beste, alkilfenolak (etxeetako garbikari eta kosmetikoetatik eratorriak), pestizidak, plastifikatzaileak, petrolioaren eratorriak eta hormona sintetikoak. Batzuetan organismoek berek jasaten dute haien eragina, eta beste batzuetan bigarren edo hirugarren belaunaldian agertzen dira ondorioak.

Sexu biko organismoak

Muskuilu hermafroditen ez-ohiko kopuru hark eta haien gametoen garapenean topatutako asalduek abiarazi zuten DERBIUR proiektua, eta 2008ko abenduan amaituko den. Ikerketa horren helburua da Urdaibain balizko disruptore endokrinorik ba ote den definitzea eta substantzia horiek molusku bibalbioetan (muskuiluetan, ostretan...) eta arrainetan sor ditzaketen aldaketak aztertzea.

Oraingoan ere emaitza esanguratsuak lortu dituzte. Alde batetik, muskuiluen gametoen (ugalketa sexualerako beharrezkoak diren zelula eme nahiz arrak) garapenean asaldurak baieztatu dituzte. Bestetik, Gernikako hondakin-urak prozesatzen dituen araztegiaren inguruko arrainetan —lazunetan, hain zuzen— intersexaren prebalentzia altua dagoela ohartu dira; alegia, lazun arren herenak gameto emeak dituzte.

Biomarkatzaileak, aldaketen zantzu

Ondorio horietara iristeko, azterketa mikroskopikoez gain, hainbat biomarkatzailez baliatu dira EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikertzaileak. Esate baterako, bitelogenina-mailen aldaketak behatu dituzte arrainetan. Emeen bereizgarria da bitelogenina eta feminizazioaren biomarkatzaile gisa erabiltzen da. Izan ere, Miren P. Cajaravilleren taldea ohartu da lazun ar batzuek ere badutela proteina hori.

Aromatasa deritzan genearen adierazpen-mailak nola aldatzen diren ere aztertu dute. Hormona estrogenikoen (sexu-hormona femeninoak) sintesia eragiten duen genea da aromatasa, eta gene horrek kodetutako entzimek hormona maskulinoak femenino bilakatzeko gaitasuna dute. Intersex lazunek lazun ar edo emeek baino aromatasa genearen espresio-maila altuagoak dituztela aurkitu da.

Are gehiago, Bartzelonako CID/CSIC zentroak egin dituen analisi kimikoei esker, alkilfenolen metabolitoen maila altuak aurkitu dira lazunen behazunean. Beraz, alkilfenolak izan daitezke lazunetan aurkitutako aldaketen erantzuleak.

Ikertzaile taldeak badu laborategi mugikor bat, organismoen disekzioak uretatik atera eta berehala egin ahal izateko. Disekzio horietatik lortzen dituzten laginetako batzuk bertan fitxatzen dituzte ondoren mikroskopioen bidez behatu ahal izateko, eta gainerakoak izoztu egiten dituzte, gene-espresioaren eta proteinen azterketak Unibertsitateko Biologia Zelularra eta Histologia laborategian egiteko.

EHUko ikertzaileek lortu dituzten emaitzak bat datoz nazioartean egiten ari diren ikerketekin. Eta, gainera, Urdaibaiko lazunetan egindako aurkikuntzen antzekoak egin ditu Ebro ibaiko arrainetan Bartzelonako CID/CSIC zentroak.

Informazio osagarria

  • DERBIUR proiektuan parte hartu duten ikertzaileak: ezkerretik hasita, aurrean: Miren P. Cajaraville, Mª Carmen Barbero eta Teresa Serrano. Atzean: Maren Ortiz-Zarragoitia. Falta da: Eunate Puy. , Alaitz Ochoa de Eribe
  • UPV/EHUko ikertzaileak Gernikako kanalean lazunak arrantzatzen., UPV/EHU
  • Chelon labrosus, Maren Ortiz Zarragoitia
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: