#GaiNagusiak

Zauri txikiko kirurgiak aldaketako talkak eragiten duen mina sendatzen du

Noiz argitaratua: 08/09/17 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna
 Juan Ramón Valentí eta Pablo Díaz de Rada medikuak

Aldaketako talka edo txokea sortzen duen lesioak eragiten duen mina zauri txikiko kirurgiaren bidez senda daiteke. Artroskopia erabil liteke lesioaren maila txikia denean, eta ebaki txikiko aurreko osteoplastia femoroazetabularra, berriz, lesioa aurreratuago dagoen kasuetan, Juan Ramón Valentí eta Pablo Díaz de Rada medikuen esanean. Bi mediku horiek Nafarroako Unibertsitate Klinikako Kirurgia Ortopedikoa eta Traumatologia saileko zuzendaria eta espezialista dira, hurrenez hurren.

“Aldaketako patologiak adineko pertsonei soilik eragiten dien uste hori baztertu behar da —adierazi du Díaz de Rada medikuak—. Duela 7 edo 10 urtetik ikusi dugu kirola egiten duten pertsona heldu gazteetan ere eragin nabarmena dutela aldaketako lesioek”. Aldaketako lesioa minarekin hasten da, eta, oro har, tendinitisarekin lotzen dute adituek. Dena den, egiaztatu dute min hori aldaketako arazo artikular batek eragiten duela.

Patologia hori femurreko lepoaren edo femurreko buruaren ertzaren (ertz azetabularra) eta femurreko buruak artikulatzen duen pelbiseko barrunbearen (azetabuloa) arteko talkaren ondorioz sortzen da.

Gazte helduetan eragin handia

Berriki egindako ikerketen arabera, aldaketako talkak edo txokeak populazioaren % 15i eragiten die, nahiz eta kasurik gehienetan inolako sintomatologiarik ez den ageri. Lesio hori duten gaixoen hirutik bi kirola egiten duten gazte helduak dira. Oraindik ez dute ezagutzen lesio horren jatorria. Hala ere, uste dute sintomak ageri direnean tratatu ezean aldaketako artrosi goiztiarra eragin lezakeela.

Talka femoroazetabularra izeneko lesioaren sintomak hauek dira: ipurmasail inguruko edo izterrondoko mina, hanka aldaken altuerara flexionatu behar den kasuetan, hala nola hankak gurutzatzean, hesiak salto egitean, baloia jaurtitzean, arte martzialetan edo toki baxuetan esertzean.

Sindromea femurreko lepoan hezur-konkor bat agertzen denean sortzen da. Hanka tolestean konkor horrek azetabuloaren ertzarekin talka egiten du, eta kartilagoari presioa egin. Zenbaitetan ez da hezur-konkor hori azaleratzen, baina azetabuloaren pareta ohi baino luzeagoa azaltzen da. Beraz, tolestean femurreko lepoak pelbiseko paretako konkorrarekin talka egiten du, eta femurreko burua kanporantz bultzatzen du; horrek mina eragiten du eta flexioa zaildu. Kasurik gehienetan, bi fenomeno horiek aldi berean gertatzen dira. Espezialistaren esanean, sindrome hori duten pertsonek izterrondoko, ipurmasaileko, izterreko edo aldaketako alde bateko mina sentitzen dute flexio- eta errotazio-mugimenduak egitean.

Tratamendu kirurgikoak

Díaz de Rada medikuaren arabera, tratamendu kirurgikoa femurreko buruko nahiz azetabuloko konkor horiek limatzean datza. Hala, femurreko buruari behar lukeen itxura esferikoa ematen diote, eta, beraz, urradurak eragozten dira. Orain artean, prozesu hori artroskopia bidez egin izan da konkorra txikia zen kasuetan. Tontorraren tamaina handixeagoa zenean, berriz, normalean ebaki zertxobait handiagoko kirurgia erabiltzen zuten, eta horrek aldi baterako lesio muskularra eragiten zuen zenbaitetan. Horren ondorioz, errekuperazio-denbora luzatzen zen.

Gaur egun, zauri txikiko osteoplastia da artroskopia aproposa ez den kasuetarako aukerarik eraginkorrena. Zauri txikiko kirurgia horretan izterraren aurrealdean 8 cm-ko ebakia egiten da. “Ebaki hori muskuluen artean egiten da, eta, beraz, kaltea txikiagoa da. Ebakuntza egin eta bi astera oinez ibil daiteke gaixoa, eta errehabilitazio zorrotz baten ostean goi-mailako kirola egin lezake 6 hilabeteren buruan” adierazi du Nafarroako Unibertsitate Klinikako adituak.

Ebakuntza anestesia epiduralarekin eta lasaigarri batekin edo anestesia osoarekin egiten dute. Izan ere, ebakuntzak bi ordu baino gehiago iraun dezake. Gaixoak 3 eta 5 egun artean igarotzen ditu ospitalean, eta, ondoren, makuluekin oinez irteten da handik. Ebakuntzaren ondoren, errehabilitazio-prozesuarekin hasi behar da. Gaixoa makulurik gabe ibiltzeko gai izango da gutxi gorabehera hiru asteren buruan. Hilabete edo hilabete eta erdira kirola egiten hasi ahal izango da, esaterako, igeriketa. Sei hilabeteren buruan, berriz, kontaktuko kirolak edo goi-mailako kirola egin ahal izango du.

Informazio osagarria

  • Juan Ramón Valentí eta Pablo Díaz de Rada medikuak, CUN
  • Juan Ramón Valentí eta Pablo Díaz de Rada medikuak, CUN
  • icono_documento
    Infografia, CUN
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, CUN
Jesús Zorrilla Ruiz

Egilea: Jesús Zorrilla Ruiz (Clínica Universidad de Navarra)

Laguntzailea: